José Luis Ortega Monasterio
José Luis Ortega Monasterio | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Santoña, 1918ko abuztuaren 8a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Bartzelona, 2004ko urtarrilaren 18a (85 urte) |
Hobiratze lekua | Puigcerdà |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania katalana |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, militarra eta kantugilea |
Jasotako sariak | ikusi
|
Genero artistikoa | sardana habanera |
Zerbitzu militarra | |
Parte hartutako gatazkak | Espainiako Gerra Zibila |
José Luis Ortega Monasterio (Santoña, Kantabria, 1918ko abuztuaren 8a – Bartzelona, Katalunia, 2004ko urtarrilaren 18a) espainiar konpositore eta militarra izan zen. Habanera konpositore handienetako bat izan zen, berrogeita hamar inguru, eta horien artean aurkitzen da ezagunenetako bat, El meu avi. Bereak diren ehun obra baino gehiago horietatik, gehienak katalanez dira, gutxi batzuk gazteleraz eta baten bat euskaraz ere bai. Abeslari izateaz gain, soinujole eta gitarrista ere bazen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tradizio luzeko militar familia bateko semea, Ortega Monasterio 1918ko abuztuaren 8an jaio zen Santoñan (garai hartan Gaztela Zaharra zena, egungo Kantabria). Haurtzaroko zati handi bat Mutrikun (Gipuzkoa) igaro zuen, umezurtz geratu zen arte. Orduan, bere izeben etxera joan zen bizitzera Quartera (Girona); ordurako hasia zen lehen obrak konposatzen, Estrellita marinera, esaterako; horrez gain, Gironako katedraleko abesbatzan ere abesten zuen.
9 urte besterik ez zituen Xao komedia musikaleko paper nagusia antzeztu zuenean hiriburuko Antzoki Nagusian. Garai honetan izan zen hizkuntza eta kultura katalanarekin lehen harremanak izaten hasi zenean. Espainiako Gerra Zibilaren garaian Gironatik ihes egin beharrean izan zen eta Olot eta Begeteko mugak oinez zeharkatu zituen Lamanèreraino (Vallespir). Bertatik Hendaia zeharkatuz Espainiara mugitu eta frankisten armadan sartu zen.
Espainiako Gerra Zibila amaitu zenean, ofizial gradua jaso zuen. Afrika Iparraldea, Ceuta eta Laracheko Erregularren armada-gorputzera bidali zuten eta Zaragoza, Guadalajara eta Toledoko akademia militarretan ikasi zuen.
1942an Los Gringos habanera taldea sortu zuen. Kapitain zelarik, 1950eko hamarkadan Jakako Mendiko Eskola Militarrera bidali zuten. Ondoren Puigcerdàra, Mugako Guardia Zibilen buru, eta lan hau La Molinako gorputz hezkuntzako irakaslearenarekin tartekatu zuen.
1960ko hamarkadaren hasieran, infanteriako komandante zela, Menorcara bidali zuten eta bertan Los Parranderos taldearentzako abestiak konposatu, eta Alaiorko Festival de Canción Menorquinan kolaboratu zuen. 1964an Palamósera lekualdatu zuten, Costa Bravara. Calella de Palafrugelleko lehenengo Cantada d'Havanereseko antolatzaileetako bat izan zen (1967). Hurrengo urtean, fama handiena emango zion obra konposatu zuen: El meu avi habanera. Zenbaitek, ordea, habanera hori sortu izana ukatzen diote, ordurako abestia Menorcako marinel zaharrenek gerra aurretik abesten zutela esanez. Evarist Puig eta Joaquim Simórekin elkarlanean, 1972an Palamóseko Festival de Cançó Marinera sortu zuen.
1970eko hamarkadan, Unión Militar Democrática fundazioan hartu zuen parte. 1976an, erakundeko propaganda orri batzuekin harrapatua izan ondoren, epaiketa militar batek 5 hilabeterako kartzela-zigorra ezarri zion Cádizko espetxe militarrean. 3 urte geroago, armadatik bota zuten ohoreari irain egin izana leporatuta. 1984an, ordea, gobernuak epaiketa berrikusi eta ohorea eta koronel gradua itzuli zizkion[1]; dena den, Ortegak ez zuen militar karrerarekin jarraitu, ordurako beste zeregin batzuk baitzituen: 1975ean, Cavall Bernat habanera taldea sortu eta bere denbora guztia musikari eskaintzen hasi zen, habanerak sortu eta abesten zituelarik. 1995ean erretiratu zen taldetik.
Bere musika oso ezaguna egin zen Katalunia osoan eta bere abestien letrak eta musika xumea horrenbeste jenderengana iritsi izana nabarmentzen dira berarengan. La Balada d'en Lucas edo Na Nena bezalako konposizioen xamurtasunak, Canó de Palamósen indar eta bultzadak eta mundu guztian ospetsu egin den El meu avik (bere sona Ipar Korea edo Ameriketako Estatu Batuak bezalako ezin imajina zitezkeen lekuetara iritsi da eta hainbat bertsiotan interpretatua izan da, baita Londreseko Orkestra Sinfonikoagatik ere) musikari handi honen sormena eta musika zoragarri honen aberastasuna noraino iristen zen ideia bat egiten laguntzen dute.
Ortega Monasterio Bartzelonan hil zen, Katalunian, 2004ko urtarrilaren 18an[2].
Ospea eta omenaldiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ortega Monasterioren nortasuna mota guztietako pertsona eta klase sozialetara iristen zen eta Joan Karlos I.a Espainiakoaren eski irakaslea eta Albako Dukesaren eta herriko zein hiriko mota guztietako jendearen laguna izan zela ere baieztatzen da. Jakako himnoaren musikaren sortzailea ere bera izan zela esaten da: Viernes de Mayo. Radio Barcelonako esataria den Joan Viñas eta Josep Maria Gironella idazle handia lagun minak izan zituen haurtzarotik heriotzara bitarte.
Bizitzako azken urteetan hainbat omenaldi jaso zituen, horien artean beroena Calella de Palafrugellen, habanera kontzertu ezagunetan. Francesc Salsek eta Josep Maria Caok Al mestre Ortega Monasterio habanera eskaini zioten. Musikagileek berari eginiko hainbat estatua ere baditu Puigcerdàn, bere alderdi musikari eta mendizalea gogoraraziz, eta Castell-Platja d'Aron. 1999an, Creu de Sant Jordi saria jaso zuen habaneren zabalpenari eskainitako karrera oso batengatik[2].
2004ko urtarrilaren 18an hil zen Bartzelonan. Bere musika ekarpenak baina, habanerek eta beste hainbat abestik osatzen duten ehundik gorako konposizio sortak, oraindik bizirik dirau Ernest Morató Fundazioan. Bere semeak, auzitegiko mediku den Leopoldo Ortega-Monasteriok, aitaren bi abizenak elkartu zituen omenaldi bat egitearren.