Edukira joan

Jotakie

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jotakie
Datuak
JatorriaAzkoitia (Gipuzkoa)
Musika motaPunk, Rock
Urteak1981 - 1990
Produkzioa
Diskoetxea(k)Oihuka
Taldekideak
Elortxa
Maolo
Peio
Luka
Lehengo taldekideak
Patta
Informazio gehigarria
Musicbrainz: 65059966-8772-414e-a310-ef5c1c9bdf0d Edit the value on Wikidata

Jotakie euskaraz abesten zuen 1980ko hamarkadako azkoitiar (Gipuzkoa) taldea zen. Euskal Rock Erradikalaren parte izan zen.

Jotakie punkaren eztandarekin batera sortu zen Urolan (Gipuzkoa), denboraren poderioz euskaraz abesturiko pop-rock talde bilakatu arte. Berezkoak eta bakarrak izan ziren abiadura eta haserrea kanporatzeko joera nagusi ziren urteetan, doinu gozoak eta ezberdinak jorratuz. 1981etik 1990ra bitartean iraun zuen taldearen jardunak. Euskal Herrian izan den pop-rock talderik esanguratsuenetakoa da Jotakie.

1981. urtean sortu zen Jotakie, Azpeitia eta Azkoitiko lau gaztek bat egitean. Lehen bi urteetan zenbait kide joan eta beste zenbait etorri baziren ere, 1983. urteaz geroztik, talde finkoa izan zuen 1990ean desegin zen arte. Jotakieren ohiko kideak izan ziren taula gainean Jose Antonio Elorza "Elortxa" (ahotsa), Jose Manuel Aizbitarte "Maolo" (gitarra), Luka Martin (baxua) eta Pello Larrañaga (bateria). Lehen urteetan, taldea artean J.KIE deitzen zela, Jesus Sudupe "Pattakie" (gitarra) eta Juan Manuel Aparicio "Makoki" (bateria) ere aritu ziren taldean, baina hura utzi eta 1984an Direccion Obligatoria sortu zuten, non Luka Martinek ere parte hartu zuen.

Hastapenetan bertsioak egiten zituen taldeak, eta entzuten zuen musikaren eraginez gaztelania hartu zuen abesteko hizkuntza. Kontzertu bakan batzuk eman eta gero, 1982an Gipuzkoako Diputazioak antolatu zuen Gipuzkoa Star lehiaketan parte hartu zuen, eta bigarren saria lortu zuen. Horrela, kantu bat grabatu zuen finalera iritsitako beste taldeekin batera osaturiko diskoan, Jotakieren ibilbide osoan gaztelaniaz grabaturiko kanta bakarra: "La pop". Ez zen hori taldearen asmoa, ordea. "Estudiora sartu ginenean euskarazko abesti bat grabatzen hasi ginen, baina grabaziorako ekarri zuten teknikari alemaniar batek ezetz, kantu hura ezin genuela grabatu. Beste pare batekin saiatu ginen, eta hark gauza bera esan zigun. Azkenean, gaztelaniazkoarekin probatu genuen eta hura joan zen aurrera. Guk ez genuen nahikoa indarrik orduan, eta teknikariak nahi zuena egin genuen".

Hainbat kontzertu emateko aukera eman zion sari hark taldeari, eta Marino Goñi ekoizleari esker, gerora euskal rockaren mitiko bilakatu den disko partekatu batean hartu zuen parte, Kortatu, Cicatriz eta Kontuz Hi! taldeekin batera. Angel Arbe artista iruindarrak marraztu zuen azala. Lau esku azaltzen ziren hondo beltz baten gainean: esku bana, talde bakoitzeko. Jotakiek lau kantu jarri zituen bilduman, horien artean "Kriston burrundaie", taldeak taula gainean zuen jarreraren gerra deklarazio zuzena: "Ailegatu da berriro ere / kontzertu bat daukagula / gorputz barruan sentitzen dut / odola berotzen ari dela / gorputz barrutik musika irteten zait botaka banintz bezala".

Euskal Rock Erradikaleko taldeen artean kokatzen bazen ere, Jotakiek beste musika iturrietatik edan zuen. Rock azkar edo punk girokoetara bideratu beharrean, pop-rock doinuak jorratu zituen. Urtebete geroago, lehen disko luzea grabatzeko aukera iritsi zitzaion Urolako taldeari. Zurt!!! (Soñua, 1986) grabatzeko, Akitaniako Landetara jo zuen taldeak, eta Juan Carlos Perez (Itoiz) aritu zen ekoizten eta aholkuak ematen. Besteak beste, "Gaueko historiak", "Ba al leike", "Le passand" eta "Euskadi" kantuak nabarmendu ziren lan horretatik.

Urtebetez Euskal Herriko agertokietan diskoa aurkeztu ondoren, entsegu lokalean sortu zituzten Piztu nazazu jauna! (Oihuka, 1987) diskoko kantuak. Disko horretan, Juan Carlosen Perezek ekoizpen lanik egin ez arren, taldeak sendotu egin zuen pop-rock giroetarako joera. Punkaren eztandan taula lagun izandako taldeetatik gero eta urrutiago zegoen Jotakie. Taldearen musikan, gitarren akorde jolas politak nabarmentzen ziren. Norabide horretan, eta estudiora hirugarren diskoa grabatzera sartu baino hilabete batzuk lehenago, Fran Iturbe (Seska, Bide Ertzean, Gozategi, Mikel Erentxun...) sartu zen taldeko bigarren gitarrista, eta, harekin, laukotea boskote egin zen.

Elkar estudioan grabatu zen Joxemai Beltza (Oihuka, 1989), Jean Phocas soinu teknikariaren esanetara. Lan horretarako Juan Carlos Perez itzuli zen ekoizpen arduretara. Soinu aldetik taldearen diskorik jantziena da, kolaboratzaile ugariren ekarpenez hornitua. Diskoa kalean zegoela Maolok taldea utzi zuen, eta, berriz lau izanik, kontzertuak ematen jarraitu zuen Jotakiek. Haatik, ez zuen luze iraun, eta hilabete gutxira desegin zen taldea. 1990eko irailean eman zuen azken kontzertua, Bergaran.

Kontzertu gehienak Euskal Herrian eman zituen Jotakiek, hori zen bere ingurune naturala, baina Espainian eta Katalunian ere zenbait kontzertu eman zituen, eta Psychedelic Furs eta halako talde atzerritarrekin partekatu zuen agertokia. Europan ere zabaldu zen Urolakoen musika, Alemanian zehar 12 kontzertuko bira egin baitzuen.

Jotakie amaiturik, zenbait taldekidek musikari loturik jarraitu zuten. Fran Iturbe musikari eta ekoizle gisa aritu da hainbat kantari eta talderekin; Pello Larrañaga, Piztiak eta Elvisabuelo taldeetan; Lukak eta Makokik Os Gallardos sortu zuten; eta Maolok Fundiziyuen eta Mesias Berriak-en jo du. Guztietatik, Elortxa da musikatik guztiz aparte bizi den bakarra, 1994an Balerdi Balerdi taldearen "Arima soberan" kantuan abestu bazuen ere.

Talde ausarta izan zen Jotakie. Berezko musika norabidea bilatu zuen, modan zegoenari eta ohiko doinuei muzin eginez. Garapen etengabean, ur lasterraren kontra jokatu, eta zaletu fidelak izatea lortu zuen. Taldearen jardunarekiko mirespena handitu egin da denborarekin. Horren adierazle dira azken urte hauetan Jotakieren zenbait kanturekin egin diren moldaketak. Betagarri taldeak "Kriston burrundaie" jaso zuen 80/00 diskoan, eta Captain Nemo punk rock taldeak "Neu onena" (lehen disko partekatuan "Lehendakaria izan beharko nuke" izenez agertu zena) bereganatu zuen 1280 Euskal Hiria diskoan. Halaber, taldeari buruzko biografia idatzi zuen Xabi Borda poeta azpeitiarrak: Jotakie. Urolan pop (Paper Hotsak-Bosgarren Haria, 2006).

2001. urtean, Oihuka diskoetxeak Barrenetik 1981-1990 kaleratu zuen, taldearen azken testamentu gisa.

1981. urtean Azkoitiko eta Azpeitiko bost lagunek Jotakie taldea sortu zuten. Hasiera batean, euskaraz abesten zuten, eta, tarteka, gazteleraz ere bai.

1983. urtean Talde aldaketak eman ziren eta formazio berria honela geratu zen: Sartu- Elortxa (ahotsa), Maolo (gitarra), Patta (gitarra), Peio (bateria) eta Luka (bajua).

1984ean, Urola bailaran izena hartzen ari zirela, Pattak taldea utzi zuen.

1985. urtean estudioko lehen lana kaleratu zuten. Diska hau, Kortatu, Cicatriz eta Kontuz Hi! taldeekin batera kaleratu zuten. Abestiak, Frantziako Landetan zegoen Leon estudioetan grabatu zuten, Juan Carlos Perezen (Itoiz) laguntzarekin

1986an Zurt diska kaleratu zuten. Hurrengo urtean (1987), Alemaniatik biran egon ziren. Lurralde honetan, 10 kontzertutik gora jo zituzten. Urte berean, Piztu nazazu jauna diska atera zuten eta diska honetako Bost gehiago abestiarekin, sekulako arrakasta lortu zuten. Eginen hamargarren urteurrena ospatzeko, Bat, bi, hiru... hamar diskoan Gaueko historiak abestia kaleratu zuten.

1989. urtean, hirugarren diska (Joxemai Beltza) kaleratu zuten.

1990ean, taldeak agur esan zuen Bergarako kontzertu batean.

1997an, Eginek "Euskal rockeroak" izeneko cd-bilduman, "Zurt" diskoaren 10.000 ale saldu zituen.

2001ean, Oihuka diskoetxeak Barrenetik 1981-1990 bilduma diska kaleratu zuen. Cd hau, lau diskoetatik hartutako abestiek osatzen dute. Bi bitxikeria ditu gehituak; Eibarko Illargi tabernan emandako kontzertutik, "Atxuko" abestia bata, eta bestetik, euren azken kontzertutik irudia eta soinua hartuta "Gaueko historiak" abestiaren bideoa.

  • Elortxa - ahotsa
  • Maolo - gitarra
  • Peio - bateria
  • Luka - bajua

    Beste taldekideak

    [aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Patta - gitarra
  • "Kortatu, Cicatriz, Jotakie eta Kontuz Hi!" (Soñua, 1985)
  • "Zurt" (Soñua, 1986).
  • "Piztu nazazu jauna!" (Oihuka, 1987).
  • "Joxemai beltza" (Oihuka, 1989).
  • "Barrenetik 1981-1990" (Oihuka, 2001). CD bilduma.

    Kanpo estekak

    [aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Oihuka Diskoetxearen webgunea

    Erreferentziak

    [aldatu | aldatu iturburu kodea]