Disko trinko

Wikipedia(e)tik
Disko konpaktu» orritik birbideratua)
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Compact Disc grabagarri bat (CD-R)

Disko trinkoa edo disko konpaktua, ingelesezko CD siglez ezagunagoa, datuak gordetzeko euskarri bat da, Philips konpainiak Sony konpainiaren laguntzarekin musika formatu digitalean gordetzeko asmoz sortua, eta lehenengo aldiz 1982an merkaturatua. 12 cm-ko diametroa duen disko zirkular bat da, erdian zulo bat duena, eta 1,2 mm-ko sakonera duena (8 cm-ko diametroko bertsioak ere badira).

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

CD baten lan egiteko era berez oso sinplea da. Laser argi bat jaurtitzen da diskoaren gainazaleraren aurka eta diodo bat arduratzen da erreflektatutako argia aztertzeaz. Islatutako argia altua edo baxua izango da eta irakurketa egin ondoren PUZari zerokoak edo batekoak itzultzen dizkio. Oso txikia izateak egitura guzti hau berezia egiten du.

Jarraian sakonago aztertuko dugu CD baten lan egiteko era:

CD baten grabaketa hasiera batean lantegian egin behar da eta disko maisu batean. Laser oso ahaltsu bat erabiltzen da bertan zuloak egiteko eta zulo horiek dira informazioa gordetzen dutenak. Disko maisu hori erabiltzen da molde bat egiteko, zeina kopia guztiak egiteko erabiliko den.

CD baten oinarrizko osagaia 1,2 mm-ko sakonera duen polikarbonatozko pieza zirkular bat da. Moldea erabiliz polikarbonatozko piezan zuloak “kopiatzen” dira, ez laser bidez, baizik eta, presio bidez. Zulatuta dauden eskualdeak pit bezala ezagutzen dira eta zulatu gabe gelditu direnak land. Zulaketaren ondoren polikarbonatozko pieza hori soilik 125 nm zabal den aluminiozko pieza batez estaltzen da. Honen gainean, gardena den akrilikozko pieza bat jartzen da, babesteko. Azkenik, etiketa bat jartzen zaio akrilikoaren gainean.

CD bat irakurtzerakoan land eta pit horiek zero eta batera pasa behar dira, ordenagailuak ulertu ahal izateko. Horretarako oinarrizkoa da CD irakurgailuetako laser argia. Laser argia hau potentzia baxuko argi infragorria da eta CD-aren azpiko aldera zuzentzen da. Argiak polikarbonatozko geruza zeharkatzen du eta aluminiozko geruzaren aurka talka egiten du. Argiak putzu bat (pit) aurkitu badu orduan islatutako argia oso txikia da. Bestalde, land batekin topo egiten badu argi asko islatutako da. Argi hori diodo batek aztertzen du, eta jasotako argi kopuruaren arabera, oso erraz jakin dezake land edo pit batera zuzendu den.

Land eta pit-ak ez dira zuzenean 0 eta 1-etara pasatzen. Hau da, land batek ez du 0 balio logikoa ezta pit-ak 1-ekoa. Benetan gertatzen dena da, land batek aurreko egoera logikoa mantentzen duela eta pit batek irauli egiten duela. Horrela, CD batean egin behar diren zuloak minimizatzea lortzen da, grabaketa prozesua azkartuz.

CDak pista bakarra du, espiralean, CD-aren erdialdetik hasi eta kanpoaldean amaitzen dena. Hain da estua espirala (0,5 μm) ezen zuzen batean jarriko bagenu 5 km-ko luzera izango bailituzke. Honek argi uzten du CD batean sartu daitekeen informazio andana. Gainera, buelta bakoitza eta aurrekoaren arteko distantzia ere oso txikia da, 1,6 μm.

Informazioa dentsitate lineal konstantean gordetzen da, hots, espiralaren luzera berdina hartuta bai erdian bai kanpoan bit kantitate berdina dago. Honen eraginez, diskoaren erdialdean informazio gutxiago dago diskoaren kanpoaldean baino, espiralaren bueltaren distantzia txikiagoa delako erdialdea. Diskoa irakurtzerako garaian, aitzitik, datuen gainetik laserrak abiadura berdinean iragan beharra dauka. Ondorioz, CD irakurgailuak biratzeko abiadura aldatu behar du, beti bit kopuru berdina irakurtzeko segundo bakoitzean. Abiadura hori altuagoa da erdialdean (500 RPM) kanpoaldean baino (200 RPM).

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

CD-ROM[aldatu | aldatu iturburu kodea]

CD-ROMa datuak eta programak biltzeko CDaren aldaera teknologikoa da. CD-ROM batek 870 MB-eraino informazio gorde dezake, nahiz eta gaur egun arruntenak 700 MB-ekoak diren. Entzuteko CD batekiko alde nabarmenena bertan datuak biltegiratzeko moduan dago. Datuen eskualdea CD-ROM batean sektoretan banatuta dago eta sektore bakoitzak informazio mota berdina gordetzen du. Sektore bakoitza 2352 bytekoa da eta honela banatzen da:

  • 12 byte sinkronizaziorako
  • 4 byte identifikaziorako
  • 2048 byte erabiltzailearen datuetarako
  • 288 byte erroreen detekzio eta zuzenketarako

Hala ere, erabiltzaileak ez ditu sektoreak erabiltzen, hauek baina abstraktuagoak diren eta giza ulermenetik gertuago dauden fitxategiekin lan egiten du. Fitxategiak erabiltzeko estandarrak finkatuta daude eta erabiliena ISO 9660 da. Bertan, fitxategiak nola sailkatu behar diren eta zein ezaugarri izan behar dituzten zehazten da.

CD-R[aldatu | aldatu iturburu kodea]

CDak datu handiak gordetzeko euskarri aproposa dira baina interesa galduko lukete fabrikan bakarrik grabatu ahalko balira. Horregatik, CD-R direlakoak (Compact Disc Recordable edo CD grabagarria) sortu ziren. Horrela, CD-R bat etxeko PCtik bertatik grabatu daiteke, baina behin idatzitakoan ezin daiteke ezer ezabatu. Hori dela eta, WORM (Write Once, Read Multiple) motakoak direla ere esaten da.

Diskoan dauden datua ezabatu ezin daitekeen arren, bertan aldi anitzetan gorde daitezke datuak. Horrela, erabiltzaileak nahi dituen datuak saio batean gordetzen ditu eta gehiago sartu ditzake ondorengo saioetan.

CD-R bakoitzak aurretik grabatutako espiral bat dauka, baina ez dago aluminioz osatuta, pigmentu zehargarri batez, baizik, geruza islatzaile batez inguratua. Idazteko laserrak osagai horren aurka talka egiten duenean, hau berotu eta koloregabetu egiten du. Irakurtzerako garaian, argiak geruza zehargarria iragaten du eta geruza islatzailearen islatzen da. Argiaren itzuleran, koloregabetutako eskualde batean baldin badago argiak nahiko intentsitate galtzen du eta bestela oso intentsitate gutxi galtzen du. Modu honetan, putzuak (pit), koloregabetutako eskualdeak, eta eskualde lauak (land), erre gabeko guneak, simulatzen dira. Irakurketan gertatzen diren argi aldaketak fabrikan egindako CDetan gertatzen direnen oso antzekoak direnez, CD-ROM irakurgailu arruntetatik oso erraz erabili daiteke, inongo arazorik gabe.

CD-RW[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gordetako informazioa ezabatu ahal izateko eta berriro bertan idatzi ahal izateko sortu ziren CD-RW (CD re-writable, edo behin eta berriz graba daitezkeen CDak). Espirala osatzen duen substantzia berezi batean oinarritzen da. Sustantzia horrek fase aldaketak jasaten ditu. Hau da, berezko egoeran -kristalinoan, alegia- argia islatzen du. Berotzen bada (laserraren bitartez) sustantzia egoera amorfo batera pasatzen da eta ez du argirik islatzen, modu honetara pit-ak simulatuz. Baina CD-RWaren berezitasuna honakoa da; sustantzia hori bigarren tenperatura batera (altuagoa) berotzen bada eta hozten utzi, honek egoera kristalinoa berreskuratzen du. Horrela, berriro bertan grabatzeko aukera emanaz. Prozesu hau askotan (milaka alditan) errepikatu ondoren, sustantzia honek bere propietateak galtzen ditu. Hots, sustantziak egoeraz ez aldatzeko joera erakusten du, erroreak agertu daitezkeelarik. Errore hauek asko izatera iristen direnean, disko hau ezingo da gehiago erabili.

Salneurria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

CD bobina bat

CDak banaka eta multzoan saltzen dira. Banaka saltzen direnean, kaxarekin etorri ohi dira. Multzoan badatoz, ordea, kaxarekin edo gabe eros daitezke, bobina batzuetan. Bobina horiek 25 edo 50 diskotakoak izaten dira, eta merkeago saltzen dira.

Abantailak eta eragozpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Abantailak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Merkea. Euskarri hau, duen adina dela eta, oso zabaldua dago, eta beraz, edozein ordenagailuk onartzen du. Aproposak dira datu iraunkorrak mantentzeko.

Eragozpenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Idazteko motelak dira, prozesu eta software bereziak behar dira. CD-R eta CD-RW motako diskoak hauskorragoak dira: argiak eta tenperatura altuek izorratu ditzakete, kolpe fisikoek ere bai. CD-RW ezabatzerako garaian dena batera ezabatu behar da.

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Disko trinko Aldatu lotura Wikidatan