Edukira joan

Kathleen Antonelli

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kathleen Antonelli

Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakKathleen Rita McNulty
JaiotzaCreeslough, 1921eko otsailaren 12a
Herrialdea Ameriketako Estatu Batuak
 Irlandako Errepublika
HeriotzaWyndmoor, 2006ko apirilaren 20a (85 urte)
Hobiratze lekuaFiladelfia
Heriotza moduaberezko heriotza: minbizia
Familia
AitaJames McNulty
Ezkontidea(k)John Mauchly (en) Itzuli  (1948 -  1980)
Severo Antonelli (en) Itzuli  (1985 -  1996)
Hezkuntza
Heziketaparochial school (en) Itzuli
J. W. Hallahan Catholic Girls High School (en) Itzuli
(1934 - 1938)
Chestnut Hill College (en) Itzuli
(1938 - 1942)
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakprogramatzailea, matematikaria eta informatikaria
Enplegatzailea(k)Moore School of Electrical Engineering  (1942 -  1947)
Aberdeen Proving Ground (en) Itzuli  (1947 -  1948)
Eckert-Mauchly Computer Corporation  (1948 -  1950)
Lan nabarmenak
Jasotako sariak

Find a Grave: 136819670 Edit the value on Wikidata

Kathleen "Kay" McNulty Mauchly Antonelli (1921eko otsailaren 12 – 2006ko apirilaren 20a) matematikari irlandarra. ENIAC six izeneko sei emakume programatzaileen taldean parte hartu zuen. Talde honek ENIAC (Electronic Numerical Integrator And Computer) izeneko erabilera zabaleko lehen konputagailu digitalaren jatorrizko programazioa egin zuen.[1][2]

Hezkuntza eta lehen urteak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

McNulty Donegal Konderrian jaio zen bere herrialdeko independentzia gerren garaian. Jaio zen gauean, Irlandako Armada Errepublikazaleko ofiziala zen bere aita atxilotu egin zuten eta bi urte eman zituen kartzelan. Askatu zutenean, familia Estatu Batuetara joan zen 1924ko urrian, Pennsylvanian finkatu zen eta James McNultyk han bertan ezarri zituen bere negozioak. [3]

Kay Pensylvaniara iritsi zenean gaeleraz bakarrik hitz egiten zuen. Chestnut Hill eskolan hasi zen eta ondoren Hallahan Catholic Girls High School ikastetxean. Bertan, 1942an 92 ikasle zituen maila batean Matematikan graduatu zen hiru emakumeetako bat izan zen, . Guztiek egin zituzten matematika arloko hainbat ikasketa: aljebra, matematikaren historia, kalkulu integralak, trigonometria esferikoa, kalkulu diferentziala, proiekzio geometrikoa, ekuazio partzial diferentzialak eta estatistikoak. [4]

Ikasketetako hirugarren urtean, Kathleen lanpostu bat bilatzen hasi zen, matematikarekin lotuta zegoena baina irakaskuntzarekin zerikusirik ez zuena. Bazekien aseguru-etxeetako postuek maisutza gradu bat eskatzen zutela eta, gainera, emakumeak gutxitan kontratatzen zituztela. Negozio-ikasketek enplegagarriago egingo zutela kontuan hartuz, ahal izan zituen ikastaro guztietan parte hartu zuen: kontabilitatea, finantzak eta bankuak, negozioak, legeak, ekonomia eta estatistikak. [5]

Lan ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Graduatu ondoko lehen astean, The Philadelphia Inquirer egunkarian argitaratutako iragarki bat irakurri zuen. Idazpuruak honela zioen "Matematikari titulua duten emakumeak bilatzen ditugu" eta gaineratzen zuen "Emakume ingeniari eta zientzialarien premia geroz eta handiagoa da industrian zein administrazioan, emakumeak ikasketa zientifiko eta ingeniarietan lan proposamenak jasotzen ari dira..." Estatu Batuetako Armada matematika ikasketak zituzten emakumeen bila zebilen Filadelfian, bera bizi zen lekuan hain zuzen ere. Berehala deitu zituen mailakide izan zituen Frances Bilas eta Josephine Benson. Josephine ezin izan zen iritsi, eta, azkenean, Frances eta Kathleen izan ziren elkarrizketara aurkeztu zirenak. Berehala, gutun bana jaso zuten biek, 1942ko uztailean lanean hasteko[6]

Bere ikasketak burututa ere, Frances Spence eta bera ez zeuden trebatuta ibilbide balistikoak kalkulatzeko erabiltzen diren zenbaki-integrazioko metodoekin. Bi emakume matematikari berriek kalkulu horiek nola egin pausoz pauso eta praktikaren bidez ikasi zuten. Emakume konputatzaile gaztez osatutako talde bat Moore School-en enplegatua izan zen garai horretan, eta horietako askok Adele Goldstine matematikariarekin ikasi zuten. Lana oso neketsua zen eta askok utzi egin zuten lan larregi egiteagatik, baina Kay nabarmendu egin zen emakume konputatzaileen artean.[7]

Handik bizpahiru hilabetera, Frances eta Kathleen Moore School eskolako sotoan zegoen analizatzaile diferentzialean lan egitera eraman zituzten. Hori zen bere garaiko kalkulagailu analogikorik handiena eta sofistikatuena. Vannevar Bushek hamarkada bat lehenago asmatua eta Moore School-eko taldeak zehatzago egiteko moldatua, idazmahaiko kalkulagailu mekaniko batean 40 bat ordutan egiten zen ibilbide sinple baten kalkulua 50 minutu inguruan burutu zitekeen.[8]

Bizitza pertsonala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

ENIACen sortzaileetako bat zen John Mauchlyk, bere ordenagailu konpainia propioa sortu zuen. Washingtonera maiz joan zen eta Aberdeenen ENIAC egiaztatzeko gelditzen zen. Mauchlyk Betty Jean Jennings eta Betty Snyden kontratatuak zituen, eta Antonelli ere bere konpainia hasiberrira erakartzea espero zuen. Mauchlyren lehen emaztea istripuz hil zen 1946an eta horren ondoren, Mauchly Antonellirekin ezkondu zen 1948an.[9] Antonellik uko egin zion Aberdeenen zuen postuari, eta bikotea, Mauchlyren lehen ezkontzako bi seme-alabekin batera, Pennsylvaniako Unibertsitatetik gertu bizi izan ziren hasiera batean. Gero Anblerren zegoen etxalde handi batera joan ziren bizitzera. Antonellik bost seme-alaba izan zituen Mauchlyrekin.

Beranduago, Antonellik, bere senarrak diseinatutako hardwarea zuten beste konputagailu batzuetarako softwarearen diseinuan lan egin zuen. John Mauchly 1980an hil zen, hainbat gaixotasun jasan ondoren. Mauchlyren heriotzaren ondoren, Antonellik ENIACeko aitzindarien legatuarekin jarraitu zuen artikuluak idazten, hitzaldiak ematen maiz Jean Bartikekin batera, bizitza osoan lagunak izanez) baita elkarrizketak egiten kazetari eta ikertzaileekin. Antonelli minbiziak jota hil zen Wyndmoorren, Pennsylvanian, 2006ko apirilaren 20an, 85 urte zituela.[10]

ENIACen loraldian, Antonellik eta bere kide programatzaileek ez zuten aintzatespen egokirik izan. ENIACeko programatzaileen ikusezintasunak (bai emakumeak izateagatik, baita beren lana isilpean gordetzeagatik ere, batez ere gerra garaian) begi publikotik kanpo mantendu zituen.[11]

Teknologiako Emakumeen Nazioarteko Ospearen Aretoan sartu zuten 1997an, ENIACen beste jatorrizko programatzaileekin batera, eta John Mauchly Asmatzaile Nazionalen Ospearen Aretoan sartzea onartu zuen, Akronen (Ohio), 2002an.[12]

2010ean, "Top Secret Rosies: The Female Computers of WWII" izeneko dokumentala kaleratu zuten. Sei emakume programatzaileetatik hiruri egindako elkarrizketa sakonetan oinarritu zen filma, Bigarren Mundu Gerran egin zituzten kontribuzio patriotikoak ardatz hartuta.[13]

2017ko uztailean, Dublin Hiriko Unibertsitateak Antonelli ohoratu zuen, bere konputazio eraikina Kathleen (Kay) McNultyren omenez izendatuz. [14]

2019an, Galway Irlandako Unibertsitate Nazionaleko Gama Altuko Konputazio Zentro Irlandarrak (ICHEC) Antonelli izena eman zion bere lehen mailako superkonputagailu berriari, inkesta publiko baten ondoren.[15]

2023ko apirilaren 3an, bere omenezko plaka bat desestali zen Creeslough-en, bere biloba Naomi Most-en aurrean, kontseilu komunitarioak eta Zientzia eta Teknologia eta Zientzia arloko Oroitzapenezko Plaken Batzorde Nazionalak antolatuta. [16]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ (Gaztelaniaz) Stadler, Marta Macho. (2017-10-12). «Kathleen R. McNulty (1921-2006). La primera “computer” que quedó obsoleta» Mujeres con ciencia (kontsulta data: 2026-02-25).
  2. ↑ (Gaztelaniaz) Sarabia, David. (2017-03-07). «Cinco pioneras de la programación que cambiaron el mundo» elDiario.es (kontsulta data: 2026-02-25).
  3. ↑ (Gaztelaniaz) «MCNULTY MAUCHLY ANTONELLI, Kathleen» forohistorico.coit.es (Foro Histórico de las Telecomunicaciones) (kontsulta data: 2026-02-25).
  4. ↑ (Ingelesez) Byrne, Dr Angela. «Kay McNulty, the Irish ‘mother of computer programming’» The Irish Times (kontsulta data: 2026-02-25).
  5. ↑ (Ingelesez) Byrne, Dr Angela. «Kay McNulty, the Irish ‘mother of computer programming’» The Irish Times (kontsulta data: 2026-02-25).
  6. ↑ (Gaztelaniaz) CLUSTERciar. (2017-05-07). «Quiénes fueron las misteriosas mujeres detrás del proyecto ENIAC» CCN (kontsulta data: 2026-02-27).
  7. ↑ (Ingelesez) Fritz, W.B.. (1996). «The women of ENIAC» IEEE Annals of the History of Computing 18 (3): 13–28.  doi:10.1109/85.511940. ISSN 1934-1547. (kontsulta data: 2026-02-27).
  8. ↑ (Ingelesez) Conn, Marie A.; McGuire, Thérèse. (2014-10-30). Sisterly Love: Women of Note in Pennsylvania History. Bloomsbury Publishing PLC ISBN 978-0-7618-6469-1. (kontsulta data: 2026-02-27).
  9. ↑ (Ingelesez) «Kay Mauchly on Finding Out about ENIAC, Programming It, and Marrying John Mauchly - Kathleen Antonelli» Open Transcripts (kontsulta data: 2026-02-27).
  10. ↑ (Ingelesez) «Kathleen McNulty Antonelli - Biography» Maths History (kontsulta data: 2026-02-27).
  11. ↑ (Ingelesez) «WITI - ENIAC Programmers» witi.com (kontsulta data: 2026-02-27).
  12. ↑ (Ingelesez) «ENIAC Programmers Project - Documentary Info» ENIAC Programmers Project (kontsulta data: 2026-02-27).
  13. ↑ (Ingelesez) Top Secret Rosies: The Female 'Computers' of WWII streaming. (kontsulta data: 2026-02-27).
  14. ↑ (Ingelesez) DCU names three buildings after women scientists. 2017-07-05 (kontsulta data: 2026-02-27).
  15. ↑ (Ingelesez) «ICHEC Announces Naming Competition for new Supercomputer | ICHEC» www.ichec.ie (kontsulta data: 2026-02-27).
  16. ↑ (Ingelesez) Magnier, Eileen. (2023-04-03). Donegal community honours pioneering programmer. (kontsulta data: 2026-02-27).