Katuarrain
Katuarrain | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Chondrichthyes |
Ordena | Carcharhiniformes |
Familia | Scyliorhinidae |
Generoa | Scyliorhinus |
Espeziea | Scyliorhinus canicula (Linnaeus, 1758)
|
Banaketa mapa | |
Katuarraina (Scyliorhinus canicula) ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Scyliorhinidae familiakoa.[1]
Ipar-ekialdeko Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneoan bizi da, plataforma kontinentalean eta goialdeko aldatsetan, Norvegia eta Britainiar uharteetatik Senegaleraino, 63° N eta 12° N latitudeen artean.[2] Gehienbat hondo hondartsu, legartsu edo lupetsuetan ibiltzen da, metro gutxi batzuk eta 400 m arteko sakoneran[3]. Ipar-ekialdeko Ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan katuarraina elasmobrankioen artean ugarienetako bat da. Populazio gehienak egonkorrak dira toki gehienetan.[4] Bizkaian itsuki, momatx edo pitarrosa deritzote.[5]
Arrantza jarduerak direla-eta, galtzeko arriskuan dago Kantauri itsasoan. Izan ere, arrantzaleek nahi gabe sareetan harrapatzen dituzte katuarrainak, eta gero uretara botatzen dituzte, hilda.[6]
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]S. canicula espeziekoak sakonera txikiko uretan bizi diren buru motzeko marrazo lerden eta txikiak dira; 1 m luze eta 2 kg baino astunago izatera hel daitezke. Bi bizkar-hegatsak isatsaren aldean dauzkate kokatuak gorputzean. Larruazal latza dute, lizpaperaren modukoa.[7] Sudurzuloak musuaren behealdean dituzte eta zirrikitu kakotu batez ahora lotuta. Behealdea zuri-grisaxka argia dute, eta goialdea marroi-grisaxka, orbain ilunagoekin. Bizkarreko kolorea hondarrarenaren antzekoa da, orban txiki eta marroi edo ia beltz askorekin. S. canicula espezieko arrek emeek baino hortz handiagoak dituzte [8]. Mendebaldeko Afrikako uretan S. canicula espezieko arren barailak sendoago eta handiagoak dira.
Ugalketa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ugalketa obiparoa da. Kapsula korneo batez babestuta dauden eta kiribil luzeak dituzten arrautzak jartzen dituzte. Arrautzak gehienbat itsasertzeko sakonera gutxiko uretan hazten diren makro algetan jartzen dira. Arrautz zorroak itsasertzetik urrunago jartzen dituztenean ornogabe eseri tenteengan jartzen dituzte. Arrautza zorroak 4 cm luze eta 2 cm zabal inguru izan ohi dira, inoiz ez 6 cm baino luzeagoak[9]. Arrautza zorroak Europako itsasertz guztietan aurkitu ahal dira. Enbrioiak 5–11 hilabetetan garatzen dira, itsasoko tenperaturaren arabera, eta jaio berriak 9–10 cm luze izaten dira. Errunaldia ia urte osoan gerta daiteke[9]. Hala ere, baliteke toki batzuetan errunaldiak urtean zehar garai ezberdinetan sakabanatuta gertatzea. [10] Arrak 37.1-48.8 cm luze inguru direnean heltzen dira heldutasun sexualera, emeak 36.4-46.7 cm. luze inguru direnean[11].
Elikatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]S. canicula espezie oportunistatzat hartzen da, harrapakin mota askorekin elikatzen da eta: moluskuak, ekinodermoak, poliketoak, krustazeoak, sipunkulidoak, tunicateak... Hala ere, krustazeo dekapodoak eta arrainak dira haien elikagai nagusia[3]. Elikatzeko preferentziak adinarekin aldatzen dira; katuarrain gazteagoek krustazeo txikiak gurago dituzte, zaharragoek ermitauak eta moluskuak. Gorputz tamainarekin ere aldatzen da dietaren konposizioa. Bestalde, harrapakinak ugariagoak izanda, uda partez gehiago jaten dutela ikusi da. Ez daude ezberdintasun handiak S. canicula espezieko arren eta emeen elikatzeko ohituren artean[3].
Azterketa gai
[aldatu | aldatu iturburu kodea]S. canicula espeziea egokia da gastrulazio azterketa konparatiboak egiteko zenbait ziogatik.
- Kopuru handitan arrapatzen da Europako itsasalde guztietan, eta elasmobrankioenen artean edozein garapen fasetan eta edozein garaitan kopuru handitan arrapa daiteken espezie bakarra da.[12]
- Ernalketa barnekoa da katuarrainean, baina arrautzak garapenaren fase goiztiarrean erruten dira, blastozelearen eraketa baino lehen. Behin errunda, normalki garatu ahal dira laborategietan, itsasoko ur oxigenatuan, beste ezer barik.[13]
- Enbrioien neurriak eta eskuratzeko erraztasunak errazten dute azterketa.
- Ondo karakterizatutako bost fase bereizi ahal dira gastrulazioaren hasieratik neurulazioaren hasiera arte.[13]
Arrisku maila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]S. canicula espeziea ugarienetariko bat da elasmobrankioen artean Ipar-ekialdeko ozeano Atlantikoan eta Mediterraneo itsasoan. Usu erabiltzen da gizakiak elikatzeko, baina arrantzale profesionalek eta zaletuek hartzen dituzten katuarrain gehienak bota egiten dituzte. Hala ere, egindako azterketek erakutsi dute botatako katuarrainetatik bizirik irauten dutenen tasak oso handiak direla, %98aren ingurukoak. Toki batzuetan katuarrainen kopurua gutxitua izatea gerta baliteke ere, egindako ikerketek erakutsi dute toki gehienetan populazioak mantendu edo gehitu direla. Hala ere lurreratutako eta botatako kopuruen monitorizazioarekin jarraitzea garrantzitsua da ekiditeko kopuruaren gutxiagotzea etorkizunean. Gaur egun espezie honen egoera least concern (kezka gutxiagokoa) legez sailkatzen da IUCNren mehatxatutako espezieen zerrenda gorrian, ez dagoelako ebidentziarik mundu mailako populazioa era nabarmenean gutxitu dela esateko. Momentu honetan ez da egiten ezer espeziearen kontserbazioa ziurtatzeko[14].
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Kindersley, Dorling (2001, 2005). Animal. New York: DK Publishing. ISBN 0-7894-7764-5
- ↑ Animal. DK Publishing ISBN 0-7894-7764-5..
- ↑ a b c Rodriguez-Cabello, C., Sanchez, F., Olaso, I. 2007. Distribution patterns and sexual segregations of Scyliorhinus canicula (L.) in the Cantabrian Sea. Journal of Fish Biology. 70: 1568-1586
- ↑ Ballard, W., Mellinger, J., Lechenault, H. 2005. A series of normal stages for development of Scyliorhinus canicula the lesser spotted dogfish (Chondrichthyes: Scyliorhinidae). Journal of Experimental Zoology. 267: 318-336
- ↑ Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode: 1137-439X..
- ↑ Matauko Rada, Iñaut. (2024-04-15). «Hildako dozenaka katu-marrazo aurkitu dituzte Getariko itsas hondoan» Berria (Noiz kontsultatua: 2024-04-15).
- ↑ McNeill, Ian. "Habitas :: National Museums Northern Ireland." Habitas :: National Museums Northern Ireland. N.p., n.d. Web. 16 Dec. 2010. <http://www.habitas.org.uk>
- ↑ Erdogan, Z., Koc, H., Cakir, D. 2004. Sexual Dimorphism in the Small-Spotted Catshark, Scyliorhinus Canicula (L., 1758), From the Edremit Bay (Turkey). Ser. his. nat, 262: 4-18.
- ↑ a b Ellis, J.R., Shackley, S.E. 1997. The reproductive biology of Scyliorhinus canicula in the Bristol Channel, U.K. Journal of Fish Biology, 51: 361-372
- ↑ Capae, C., Reynaud, C.,Vergne, Y., Quignard, J. 2008. Biological observations on the smallspotted catshark Scyliorhinus canicula (Chondrichthyes: Scyliorhinidae) off the Languedocian coast (southern France, northern Mediterranean). Pan-American Journal of Aquatic Sciences, 3: 282-289
- ↑ Ivory, P., Jeal, F., Nolan, C.P. 2005. Age determination, growth and reproduction in the lesser-spotted dogfish, Scyliorhinus canicula (L.). J. Northw. Atl. Fish. Sci., 35: 89-106.
- ↑ Ballard, W., Mellinger, J., Lechenault, H. 2005. A series of normal stages for development of Scyliorhinus canicula the lesser spotted dogfish (Chondrichthyes: Scyliorhinidae). Journal of Experimental Zoology. 267: 318-336
- ↑ a b Mazan, S., Sauka-Splengler, T. 2004. "Gastrulation in the chondrichthyan, the dogfish Scyliorhinus canicula." Gastrulation: from cells to embryo. Ed. Claudio D. Stern. Cold Spring Harbor Laboratory Press. New York, NY, 151-155 pp.
- ↑ GIibson, C., Valenti, S. V., Fowler, S. L., Fordham, S. V. 2006. The Conservation Status of Northeast Atlantic Chondrichthyans; Report of the IUCN Shark Specialist Group Northeast Atlantic Regional Red List Workshop. VIII + 76pp. IUCN SSC Shark Specialist Group.