Edukira joan

Kili-Kili

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kili-Kili
MotaDidaktikoa, euskaltzalea
Fitxa teknikoa
HizkuntzaEuskera
Argitaratze lekuaBilbo
KoloreaKolore askotakoa.
Banaketa
Ekoizpen osoa10.000
Banatze-eremua Euskal Herria
MaiztasunaAstero
Salneurria200 pezeta.
Historia
IdeologiaEuskaltzalea
SortzaileaJose Antonio Retolaza
ZutabegileakAsier Astigarraga


Kili-Kili 1966-1968 bitartean (multikopistan) eta 1977-2003 bitartean (inprimategian ekoitzita) argitaratutako haurrentzako komiki-aldizkaria izan zen, Jose Antonio Retolazak sustaturikoa. Aldizkariaren pertsonaia nagusia Kili-Kili zen, mutiko euskaldun bat.

San Anton elizako katekesiko ekintzen artean sortutako egitasmoa izan zen. Berez, alfabetatzeko metodo bat zen, ume euskaldunek idazten eta irakurtzen ikasteko urruneko metodoa. Laster zabaldu zen herririk herri lurralde denetara, parrokietako sarearen bitartez, batez ere. Vianako Printzearen erakundearen laguntasuna izan zuen Nafarroan zabaltzeko eta Gipuzkoan, Eibarko Euskeralagunak erakundearena[1]. Arabara, Arabako Foru Aldundiaren eskutik zabaldu zen. Orri solte batzuekin hasi bazen ere, gero hainbat agerpen izan zituen: argitalpen txukunak, ibilaldiak, lehiaketak, ikastaroak, irratia, Kili-Kili egunak, kili-jaiak, eta abar.[2]

Kili-Kili Eguna Bilbon egin zen lehenengoz, 1977an. Egun horretan aurkeztu zuten komiki aren lehenengo zenbakia. Helburua euskararen garrantzia umeei zabaltzea zen, eta, batez ere, neska-mutilak alfabetatzea. Horrekin batera, haurrak ondo pasatzea zen oinarrizko helburu nagusi bat. Elkarrekin ondo pasatu, jaiak egin... hori dena euskaraz. 2001. urtean, 10.000 ale kaleratzen ziren, 5.000 euskara batuan eta beste 5.000 bizkaieraz. Harpidedunek etxean jasotzen zuten eta kiosko etan zeuden 200 pezetatan.[3]

Euskarazaleak erakundeak hasieratik eta bere ibilbide osoan lagundu izan zion "Kili-Kili"ri.

2003an, "Kili-Kili" aldizkariak ateak itxi zituen. Aurretik, Irantzu Gallastegi ETAkidea den preso berangoztarra eta aitzineko kolaboratzailearen gutun bat argitaratu ostean, "Kili-Kili"k PPren eta Espainiako komunikabide batzuen kritikak eta balorazio zantarrak jaso zituen, besteak beste Interviu eta El Mundorenak. Gaia Bizkaiko Batzar Nagusietara eta Eusko Legebiltzarrera heldu zen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzak kentzeko eskatu zuten alderdi unionistek. Besteak beste horren ondorioz eta dirulaguntzarik gabe, Kili-Kiliren proiektua bertan behera geratu zen. 2005ean, Kili-kili.net aldizkari elektronikoa ipini zuten martxan, baina ez zuen iraun.[4]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]