Eusko Legebiltzarra

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea
Eusko Legebiltzar» orritik birbideratua)

Eusko Legebiltzarra
Parlamento Vasco/Eusko Legebiltzarra
XII. legegintzaldia
Mota
MotaErkidegoko ganbera
Zuzendaritza
MahaiburuaBakartxo Tejeria (EAJ)
2012. urtetik
1. mahaiburu-ordeaTxarli Prieto (PSE-EE)
2020. urtetik
2. mahaiburu-ordeaEva Blanco (EH Bildu)
2020. urtetik
1. idazkariaIñigo Iturrate (EAJ)
2016. urtetik
2. idazkariaGustavo Angulo (EP)
2020. urtetik
Osaketa
Eserlekuak75

Alderdi politikoak
Jaurlaritza (41)

Oposizioa (34)

Hauteskundeak
Bozketa sistema25 eserlekuko 3 barruti, D'Hondt metodoa erabiliz
Azken hauteskundeak2020ko uztailaren 12an
Batzarlekua
Eusko Legebiltzarraren eraikina
Becerro de Bengoa kalea, Florida parkea,
 Gasteiz (Araba)
Webgunea
www.legebiltzarra.eus

Eusko Legebiltzarra Euskadiko legeak eratzen eta eztabaidatzen dituen erakundea da. Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleak ordezkatzen ditu, eta gaur egun 75 eserleku ditu: 25 eserleku, autonomia erkidegoa osatzen duen herrialde bakoitzeko (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa). Lau urtean behin, Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek sufragio unibertsalaren bitartez hautatzen dituzte 75 legebiltzarkide horiek.

2016ko urriaren 21ean bere XI. legegintzaldiari ekin zion. 2020ko otsailaren 11n legebiltzarra desegin zen, 2020ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen aurrerapena zela eta. Hauteskundeak egin arte diputazio iraunkorra egongo da indarrean (22 kideː 8 EAJ, 5 EH Bildu, 4 Elkarrekin Podemos, 3 PSE-EE eta 2 PP).

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Legebiltzarraren sorrera 1979ko Gernikako Estatutuaren ondorioa da. 1980ko martxoren 31 egin zen Legebiltzarraren lehen bilkura, Batzar Nagusien egoitzan.[1]

Behin-behineko lehen egoitza:

Hiru hilabete bitarteak, 1980ko martxoaren 30etik 1980ko ekainaren 30era, Eusko Legebiltzarrak Bizkaiko Foru Aldundiaren bulegoetan jardun zuen. 1980ko ekainaren 12an egin zen egoitza horretan azken osoko bilkura.

Behin-behineko bigarren egoitza:

1980ko uztailaren 1etik 1982ko urtarrilaren 31ra bitartean Arabako Foru Aldundian jardun zuen Eusko Legebiltzarrak bere jarduera administratiboa. 1982ko otsailaren 11n egin zen egoitza horretan azken osoko bilkura.

Behin betiko egoitza:

1982ko otsailaren 1etik Gasteizko Becerro de Bengoa kaleko eraikinean dago Eusko Legebiltzarraren behin betiko egoitza. 1982ko martxoaren 24an egin zen lehen osoko bilkura oraingo legebiltzar-etxean. Kalearen beste aldean administrazio-etxea ezarri zen 2000. urtean, legebiltzarraren instalazioak handituz.

Legebiltzar-etxea XIX. mendearen erdi aldera eraiki zen, Pantaleón Iradierrek irakaskuntza ertaineko institutu bat egiteko atondutako proiektu bati jarraituz. Institutuak 130 urtez jardun zuen eraikin honetan. Hirurogeiko urteetan institutua, Ramiro de Maeztu izena baitzuen ordurako, gaur egun kokatuta dagoen lekura ekarri zuten.

Ikastetxe honek berebiziko garrantzia izan zuen hiriaren historian. Institutuko lehen irakasleek jarduera zientifiko eta kultural oparoa eragin zuten, ikastetxearen irakas-lanaz harago joan eta hiritik kanpora hedatu zena. Euskaldun ospetsu askok ikasi zuten eta azterketak egin zituzten ikastetxe honetako ikasgeletan, hala nola Manuel Iradier, Ricardo Becerro de Bengoa, Federico Baraibar, Julián de Apraiz eta beste askok, zeinen deiturek Euskadiko erakunde komunen egoitza den hiriko beste hainbat kale bataiatu baitituzte. Geroago, ikasle haietako batzuk berriro itzuli ziren etxe honetara legebiltzarkide bihurtuta.

Funtzioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lau funtzio nagusia betetzen ditu erakunde honek: legeguntza-ahalmena, aurrekontuak onartzea, Jaurlaritzaren jarduera bultzatzea eta Jaurlaritzaren gaineko kontrola bideratzea.

1. Legegintza-ahalmena: Hiru jardunbide daude:

Jardunbide arrunta: Jaurlaritzak lege-proiektu bat aurkezten badu, Legebiltzarreko Mahaiak hura argitaratzeko agindu, zuzenketak prestatzeko epea zabaldu, eta gaiaren arabera eskuduna den batzordeari igorriko dio testua. Legeproposamenak direnean, lehenbizi, legebiltzarreko Osoko Bilkurak aintzat hartu beharko ditu ondorengo izapideei ekin dakien.

Presazko jardunbidea: Jaurlaritzaren, bi legebiltzar-talderen edo legebiltzarkideen 1/5en proposamenez abia daiteke presazko jardunbidea. Legebiltzarreko Mahaiari dagokio presazko jardunbidea erabil dadila erabakitzea. Presazko jardunbideaz baliatuz gero, jardunbide arruntaren faseak bete beharko dira, baina epe guztiak erdira laburturik.

Jardunbide deszentralizatua: Jardunbide deszentralizatua erabiltzen denean legeak, Osoko Bilkuran barik, batzordeetan onartzen dira. Beraz, Osoko Bilkurak ez ditu lege horiek eztabaidatzen. Garrantzi bereziko arloei buruzko legeak ezin dira jardunbide horren bitartez onartu (Ikus Eusko Legebiltzarreko Erregelamenduko 116. art.).

2. Aurrekontua onartu: Legebiltzarrak EAEko Aurrekontu Orokorrak onartu baino ez du egiten, proiektua lantzea Jaurlaritzari baitagokio (estatutuko 44. art.). EAEko Aurrekontu Orokorrak jarduera publiko orokorraren diru-sarrerak eta diru-irteerak jaso behar ditu. Aurrekontu Orokorrak lege bitartez onartzen dira, Legebiltzarreko Erregelamenduko 123.-126. artikuluetan ezarritako jardunbideari jarraiki. Aurrekontuei buruzko proiektuak lehentasuna du legebiltzarreko gainerako eginbeharren aldean.

Zuzenketek kredituaren igoerarik badakarte, zuzenketa horiek beste kontzepturen batean kredituaren jaitsiera jaso beharko dute, onartuak izan daitezen. Gastuak gutxitzea dakarten zuzenketak izapidetu daitezen, Jaurlaritzak horien alde agertu beharko du.

3. Jaurlaritzaren jarduera bultzatu: Legebiltzarrak honako baliabide hauek ditu Jaurlaritzaren eginkizuna bideratzeko:

- Politika orokorrari buruzko eztabaidak:

- Ohikoak: lehendakariak bideratzen dituenak urteko batzarraldien lehenbiziko Osoko Bilkuran.

- Ezohikoak: gainerakoak.

- Legez besteko proposamenak: horien bitartez legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzen dio jarduera edo adierazpen bat egin dezala.

D)  Jaurlaritzaren gaineko kontrola bideratu: Jaurlaritzaren gaineko kontrola bideratzeko Legebiltzarrak honako baliabide hauek erabili ohi ditu:

- Zentsura-mozioa (edo gaitzespen-mozioa): legebiltzarkideen 1/6aren eskabidez izapidetu behar da, eta gehiengo osoz edo absolutuz onartu.

- Konfiantza-mozioa: Lehendakariaren proposamenez izapidetzen da, eta gehiengo soila aski da legebiltzarraren konfiantza eskuratzeko.

- Lehendakariorde lehenaren kontrako gaitzespen-mozioa.

- Sailburu baten kontrako gaitzespen-mozioa.

- Legegintzako dekretuen gaineko kontrola.

- Galderak eta interpelazioak: Jaurlaritzari edo Jaurlaritzako kideren bati zuzenduak.

Organo parlamentarioak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legebiltzarreko Lehendakaria: Legebiltzarraren ordezkotza du beste organoekiko harremanetan, eztabaidak eratzen eta zuzentzen ditu, araudia betearaziz. Zigortzeko eta Erakundearen barne-jaurbideko ahalmenak ere baditu.

Mahaia: Legebiltzarraren organo nagusia da. Legealdiaren hasieran Osoko Bilkurak hautatzen du eta lehendakariak, bi lehendakariordek eta bi idazkarik osatzen dute. Organo honek erakunde-izaerako egitekoak burutzen ditu, hona nola, tramitatzen diren dokumentuak kalifikatu eta onartu, eta Legebiltzarreko barne-administrazioaren zuzendaritza egin.

Bozeramaileen Batzordea Legebiltzar-talde ezberdinetako Bozeramaileek osatzen dute, eta organo hau izaeraz, Mahaiaren alderantziz, era zuzenagoan alderdi-aldekoa da, bertan indar politikoen jarrerak adierazten baitira legebiltzarreko lan eta eztabaidak prestatzeari buruzkoan.

Batzordeak laneko taldeak dira, eta horiei banatzen zaizkie Osoko Bilkuran zuzenean aztertzen ez diren eta -Legebiltzarrak aztertzen dituen gaien ezberdintasunaren handia dela eta-, heltzen zaizkien gaien arabera, beraiez aztertzea komenigarri egiten duten gaien tramitazioa. Batzordeak talde guztietako ordezkariez osatuak daude, bakoitzaren kopuru-aldetikako garrantziaren heinean. Aldi berean, Batzordeek ponentziak -gai jakin bat aztertzeko talde txikiagoak- sor ditzakete.

Diputazio Iraunkorrean Legebiltzarra ohizko bilkuraldietatik (irailetik abendura eta otsailetik ekainera) kanpo aurkitzen eta presazko gaiei heldu behar zaienean aritzen da, Legebiltzarraren jarraitasuna honela segurtatuz. Kasu hauetan, Erregelamendua eta Gobernurako Batzordea da Diputazio Iraunkor gisa aritzen dena

Osoko Bilkura da Legebiltzarraren organo garrantzitsuena. Legebiltzarreko kide guztiek osatzen dute, eta garrantzirik handieneko gaiei buruzko eztabaidak egin eta erabakiak hartzen ditu. Horko bilkuretara (berak lehendakariaren esanetara egiten dira) Jaurlaritza eta Legebiltzarrak berak hautatutako Senadoreak joan daitezke

Egoitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Eusko Legebiltzarraren eraikina»

Euskal Autonomia Erkidegoko eta Arabako hiriburu Gasteizen du egoitza, hain zuzen ere Lovaina auzoko Florida parkean dagoen Eusko Legebiltzarraren eraikinean (antzinako Ramiro Maeztu institutua).

XI. legealdia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legebiltzarreko mahaia[2]
Eusko Legebiltzarraren osaketa
2016ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak geroztik
Alderdia Eserlekuak
EAJ
28
EH Bildu
18
Elkarrekin Podemos
11
PSE-EE
9
PP
9
Guztira 75 eserleku.
Bozeramaileak
Eusko Legebiltzarraren osaketa 2012ko hauteskundeak geroztik
Izena Alderdiak Bozeramailea
Euzko Abertzaleak (NV LT) EAJ Joseba Egibar
Euskal Herria Bildu (EHBILDU LT) EH Bildu Maddalen Iriarte
Elkarrekin Podemos (EP LT) Elkarrekin Podemos Lander Martínez
Euskal Sozialistak (SV LT) PSE-EE Txarli Prieto
Euskal Popularrak (PV LT) PP Borja Sémper

Batzordeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Legebiltzarrean orain dauden batzordeak:

  • Erakundeak
  • Justizia eta Segurtasuna
  • Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
  • Ingurumena eta Lurralde Politika
  • Hezkuntza
  • Bateraezintasunak
  • Enplegua, Gizarte Politikak eta Etxebizitza
  • Giza Eskubideak, Berdintasuna eta Herritarren Partehartzea
  • EiTBren Kontrola
  • Europar Arloak eta Kanpo Ekintza
  • Osasuna eta Kontsumoa
  • Kultura, Euskara, Gazteria eta Kirola
  • Ogasuna eta Aurrekontuak
  • Araudia eta Gobernua
  • Legebiltzarkidearen Estatutua

Legebiltzarkideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eusko Legebiltzarrerako
hauteskundeak

1980 | 1984 | 1986 | 1990
1994 | 1998 | 2001 | 2005
2009 | 2012 | 2016| 2020

Eusko Legebiltzarrak 75 legebiltzarkide ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko bakoitzak 25 aukeratzen ditu.

Mahaiburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Eusko Legebiltzarreko mahaiburu»

Eusko Legebiltzarra mahaiburu edo lehendakari batek ordezkatzen eta zuzentzen du. Gaur egun Bakartxo Tejeria jeltzalea da mahaiburua.

Legegintzaldia Lehendakaria Alderdia
I. (1980-1984) Juan Jose Pujana Arza EAJ
II. (1984-1986) Juan Jose Pujana Arza EAJ
III. (1986-1990) Jesus Egiguren Imaz PSE
IV. (1990-1994) Joseba Andoni Leizaola Azpiazu EAJ
V. (1994-1998) Joseba Andoni Leizaola Azpiazu EAJ
VI. (1998-2001) Juan Maria Atutxa Mandiola EAJ
VII. (2001-2005) Juan Maria Atutxa Mandiola EAJ
VIII. (2005-2009) Izaskun Bilbao Barandika EAJ
IX. (2009-2012) Arantza Quiroga Cia PP
X. (2012-2016) Bakartxo Tejeria Otermin EAJ
XI. (2016-2020) Bakartxo Tejeria Otermin EAJ
XII. (2020-) Bakartxo Tejeria Otermin EAJ

Aurreko emaitzak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XI. legegintzaldia (2016-2020)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

X. legegintzaldia (2012-2016)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • EAJ: 27 legebiltzarkide
  • EH Bildu: 21 legebiltzarkide
  • PSE-EE: 16 legebiltzarkide
  • PP: 10 legebiltzarkide
  • UPyD: 1 legebiltzarkide

IX. legegintzaldia (2009-2012)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • EAJ: 30 legebiltzarkide
  • PSE-EE: 25 legebiltzarkide
  • PP: 13 legebiltzarkide
  • Aralar: 4 legebiltzarkide
  • EA: 1 legebiltzarkide
  • Ezker Anitza: 1 legebiltzarkide
  • UPyD: 1 legebiltzarkide

VIII. legegintzaldia (2005-2009)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • EAJ-EA: 29 legebiltzarkide (berez 22 EAJrentzat eta 7 EArentzat)
  • PSE-EE: 18 legebiltzarkide
  • PP: 15 legebiltzarkide
  • EHAK: 9 legebiltzarkide
  • EB: 3 legebiltzarkide
  • Aralar: 1 legebiltzarkide

VII. legegintzaldia (2001-2005)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • EAJ-EA: 33 legebiltzarkide (berez 26 EAJrentzat eta 7 EArentzat)
  • PP: 19 legebiltzarkide
  • PSE-EE: 13 legebiltzarkide
  • EH: 7 legebiltzarkide
  • EB: 3 legebiltzarkide

VI. legegintzaldia (1998-2001)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • EAJ: 21 legebiltzarkide
  • PP: 16 legebiltzarkide
  • EH: 14 legebiltzarkide
  • PSE-EE: 14 legebiltzarkide
  • EA: 6 legebiltzarkide
  • EB: 2 legebiltzarkide
  • UA: 2 legebiltzarkide

V. legegintzaldia (1994-1998)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • EAJ: 22 legebiltzarkide
  • PSE-EE: 12 legebiltzarkide
  • HB: 11 legebiltzarkide
  • PP: 11 legebiltzarkide
  • EA: 8 legebiltzarkide
  • EB: 6 legebiltzarkide
  • UA: 5 legebiltzarkide

IV. legegintzaldia (1990-1994)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • EAJ: 22 legebiltzarkide
  • PSE: 16 legebiltzarkide
  • HB: 13 legebiltzarkide
  • EA: 9 legebiltzarkide
  • PP: 6 legebiltzarkide
  • EE: 6 legebiltzarkide
  • UA: 3 legebiltzarkide

III. legegintzaldia (1986-1990)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • PSE: 19 legebiltzarkide
  • EAJ: 17 legebiltzarkide
  • HB: 13 legebiltzarkide
  • EA: 13 legebiltzarkide
  • EE: 9 legebiltzarkide
  • PP: 2 legebiltzarkide
  • CDS: 2 legebiltzarkide

II. legegintzaldia (1984-1986)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • EAJ: 32 legebiltzarkide
  • PSE: 19 legebiltzarkide
  • HB: 11 legebiltzarkide
  • AP: 7 legebiltzarkide
  • EE: 6 legebiltzarkide

I. legegintzaldia (1980-1984)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • EAJ: 25 legebiltzarkide
  • HB: 11 legebiltzarkide
  • PSE: 9 legebiltzarkide
  • EE: 6 legebiltzarkide
  • UCD: 6 legebiltzarkide
  • AP: 2 legebiltzarkide
  • EPK: 1 legebiltzarkide

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. (Gaztelaniaz) «Inicio - Eusko Legebiltzarra» www.legebiltzarra.eus (Noiz kontsultatua: 2018-05-30).
  2. «Eusko Legebiltzarra - Legebiltzarkideak eta organoak - Organo parlamentarioak - Mahaia» www.legebiltzarra.eus (Noiz kontsultatua: 2019-01-19).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gasteiz