Kortxoaren dilema

Wikipedia, Entziklopedia askea
Kortxoaren dilema
Jatorria
Argitaratze-data2023
Ezaugarriak
Hizkuntzaeuskara
Zuzendaritza eta gidoia
Zuzendaria(k)Mireia Gabilondo
Gidoigilea(k)Patxo Telleria
Antzezlea(k)
Ekoizpena
EkoizleaTartean teatroa

Kortxoaren dilema Patxo Telleriak idatzitako antzezlana da. Tartean teatroa konpainiak 2023an produzitu zuen Mikel Martinez (edo Ramon Barea) eta Patxo Telleria aktoreekin, zuzendaria Mireia Gabilondo izan zela.[1][2][3][4][5]

Thriller politiko bat muntatu du Telleriak. Normalean, komediaren esparruan mugitzen da gehienbat, baina, obra honetan, aurreko urteko Alderray (2022) antzezlanean bezala, beste estilo bat hautatu du, dramatik hurbilago dago komediatik baino.

Sinopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Endreduzko thriller politiko honetan bi aktoreak 80 minutuz mugitzen dira espazio eta eszena bakar batean.[2]

70 urteko irakaslea da protagonista. Etika eta Filosofia Politikoan katedradun jubilatua da, eta beti izan da ezkertiarra, polemikoa eta itzal handikoa.[2] Itxura txarreko minbizi gaizto bat diagnostikatu diote, baina sendatzeko aukera sortu zaio ezustean. Aberats ospetsu batek osasun-sistema publikoari dohaintzan eman dion erradioterapia-ekipamendu batean tratamendua har dezake. Baina hortxe azaltzen da dilema, aberatsak dohaintza egin du legez ordaindu beharko lituzkeen zergak ez ordaintzeko, eta bere enpresetan agertu diren trapu zikinak estaltzeko. Eta noski, orain arte, irakaslea izan da aberatsaren amarru horren salatzaile nabarmenetako bat. Zer egin koherentzia galdu eta bizia salbatu? Ala koherentea izan eta amore ematea minbiziarekin?

Gaur hartu du erabakia. Publikoki iragartzera doan unean, aspaldian bere ikaslea izan zen gizon bat agertuko zaio ezustean. Aspaldiko kontuekin dator. Irakasleak ez du astirik ikaslearekin egoteko, ez du nahi, baina 80 minutu mamitsuz arituko dira elkarrekin. Hainbat pasadizo azalduko dira.[2]

Gidoiaren gai bat Amancio Ortega enpresariak egindako donazio ospetsu batekin lotuta dago. 2017an-edo piztutako gatazkari buruz ari da: Osasunbideak eta Osakidetzak zenbait gailu berri erosi zituzten enpresariaren diru ekarpenekin. Instituzio batzuek esker onez hartu zuten dohaintza, baina beste batzuk kritiko agertu ziren. Zergetatik salbuesteko trikimailu bat izan zela esan zuten batzuek.[6][7][8][9] Hor dago protagonistaren dilema, erradioterapia-ekipamendu aurreratu hori erabili ala ez?

Izenburuko "kortxoa"[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzezlaneko protagonista katedradun zaharrak gazte-gaztetatik bere jarrera politiko ezkertiar ondo sustraituagatik berebiziko prestigioa dauka. Gaztea zelarik jarrera askoz erradikalagoa zeukan, baina denborarekin aldatuz joan da pixkanaka, harik eta gaur egun ia sozialdemokrazia batean bukatu arte. Ikasle ohiak horixe leporatzen dio: bere jarrera moldatuz joan dela, unean-unean modu egokienean txertatua izateko bere inguruan eta komunitate akademikoan. Bere gaztetako kide asko bidean galdu dira, batzuk kartzelan bukatu zutelako arrazoi politikoengatik, beste batzuk baztertuak izan zirelako horrexegatik; bera ez, bera beti moldatu da irauteko. Irakaslea kortxo baten parekoa da, sekula hondoratzen ez delako, eta beti ur gainean mantentzen delako.[10]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Zurekin. (2023-11-14). «Tartean Teatroak 'Kortxoaren dilema' dakar Arriaga Antzokira» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  2. a b c d tartean.com. «Kortxoaren Dilema • Tartean Teatroa» Antzerki Konpainia bat, (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  3. Antzokia, Teatro Arriaga. «KORTXOAREN DILEMA» Teatro Arriaga Antzokia (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  4. «Kortxoaren dilema Patxo Telleriak idatzitako obra Arriaga antzokian estreinatuko da» EITB 2023-11-14 (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  5. gaztezulo. «Tartean Teatroak 'Kortxoaren dilema' endredozko thriller politikoa estreinatuko du gaur Bilboko Arriaga Antzokian» Gaztezulo (Noiz kontsultatua: 2023-11-19).
  6. «Amancio Ortegak 15 milioi euro emango dizkio EAEko osasun sistema publikoari» Berria 2017-04-25 (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  7. «Karitatea Osakidetzan justiziari gailentzen zaionean» Berria 2017-04-26 (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  8. (Gaztelaniaz) Urdangarin, Ane. (2021-10-20). «Euskadi contará con un equipo de radioterapia de protones donado por Amancio Ortega» El Diario Vasco (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  9. (Gaztelaniaz) Belategui, Oskar. (2023-11-14). «El dilema de aceptar la 'caridad' de Amancio Ortega o morir fiel a tus principios» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-12-15).
  10. Esnaola, Inaxio. (2024-04-22). ««Nire ustez, inportanteena da bereiztea zintzotasuna eta itxurakeria»» Irutxuloko Hitza (Noiz kontsultatua: 2024-04-24).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]