Alderray (antzezlana)

Wikipedia, Entziklopedia askea
Alderray (antzezlana)
Jatorria
Egilea(k)Patxo Telleria
Argitaratze-data2022
Ezaugarriak
Genero artistikoaantzezlana
Hizkuntzaeuskara
Zuzendaritza eta gidoia
Gidoigilea(k)Patxo Telleria
Antzezlea(k)
Ekoizpena
EkoizleaTartean teatroa

Alderray Patxo Telleriak idatzitako antzezlana da. Tartean teatroa konpainiak 2022an produzitu zuen Mikel Martinez eta Sandra Fernandez-Agirre aktoreekin, zuzendaria Patxo Telleria bera izan zela.[1][2]

Telleria gidoigileak gorazarre egin nahi zion narraziogintzari obra honekin. Istorioak kontatzea eta horiek entzutea betidanik egon izan da errotuta gizartean, eta halako pertsonaia bat omendu nahi izan zuen. Istorio-kontalari bat da obrako protagonista, eta ofizioa ikasteko gogoz dagoen neska bat du alboan, morroia. Bizitzak kontatzeagatik bizitzari uko egin zion pertsona da obrako kontalaria.[3]

Narrazio-puzzle bat antolatu du Telleriak. Normalean, komediaren esparruan mugitzen da gehienbat, baina, obra honetan, beste estilo bat hautatu du, dramatik hurbilago dago komediatik baino.[3]

Gidoian azaltzen diren beste osagai batzuk dira autofikzioa, COVID pandemiaren garaia, eta musika.

Sinopsia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batetik, Alderray (MIkel Martinez) pertsonaia-ehiztari, istorio kontalari eta eskale erraria da. Eta, bestetik, morroia (Sandra Fdez-Agirre), txikitatik Alderrayren narrazioak entzun eta haren bila aritu den gaztea, ofizioa bere ondoan ikasteko asmoz.[4]

Hamar narrazioz osatutako antzezlana da. protagonista biek gauero jende aurrean interpretatzen dituztenak (ospitale batean, jantoki sozial batean, kartzelan, psikiatriko batean...).[5] Kontakizunak itxuraz independenteak dira, baina benetan zerikusia dute Alderray eta morroiarekin. Horrez gain, badago narrazio nagusi bat, nahi gabe bada ere, protagonista biek protagonizatzen duten istorio zentrala, eta narrazio osoari batasuna ematen diona.[4]

Gaztaroa iragan urrunean utzita, orduko kemena galdua dauka Alderrayk. Orain askatasuna eta bakardade erabatekoa zama bihurtu zaizkio. Une horretan, neska gazte bat agertu da bere bizitzan, haren lana miresten duena, bere ondoan ofizioa ikasi nahi duena. Bizitzak misantropo garratz eta asozial bihurtu du ehiztari zaharra, baina bere ondoan onartuko du, morroi gisa.[5]

Alderrayren eta haren laguntzailearen arteko harremana ez da samurra. Garratza da morroiarekin, urteak direlako istorio berririk eta interesgarririk ehizatu gabe. Gauero ateratzen da istorio berdin-berdinak kontatzera, istorio berririk ez dute, eta haren garaia pasa dela uste du. Morroiak haren ofizioa ikasi nahi du, baina irakaslea ez da atsegina.[5]

Morroiak Alderrayri bere bizitza kontatzeko eskatzen dio, baina horrekin asko amorratzen da. Norberaren istorioei balioa kentzen die, benetako istorioak kanpoan bilatu behar direla uste duelako.[5]

Hamar narrazio narrazio nagusi batean txertatuta[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira Patxo Telleriak sortu duen narrazio-puzzlean agertzen diren hamar narrazio independenteak:[3][6]

  1. Zorigaiztoko neskato zoriontsua.
  2. Langile arrakastatsua
  3. Irakurle mugiezina
  4. Lapur terrorista.
  5. Auto-gidari maitemindua
  6. Ezustezko eskalea
  7. Miserablea,
  8. Bekatuen lapurra,
  9. Ama kuraia
  10. Alaba

COVID garaiko egoerak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pandemiaren ondoren taularatu zen lehenengo antzezlanetariko bat izanik,[7] hamar kontakizunetan COVID garaian gizartean gertatu ziren hainbat pasarte azaltzen dira obran. Esaterako, neskatoa ezin izan da joan lagunen urtebetetze-jaira gehienez sei lagun onartzen direlako; egunero bazkariak ematen zituen jatetxea itxi behar izan dute pandemiarengatik eta funts putreengatik; eta agure-atso askori elektrizitatea mozten diete ordaintzeko dirurik ez dutelako.

Musika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kontakizun bakoitzean musikak leku handia hartzen du.[3] Adibidez, lapur terroristaren ibilbide sinpatikoan swing musika entzuten da; auto-gidari maitemindua liluratu egiten da irratiko rock gogorrarekin; Gabon-gauko eskaleari O Christmas Tree kantatzen dio Sandrak zuzenean bere ahotsarekin; funts putreenean flamenko entzuten da; bekatuen lapurrarenean kantu gregoriano eta kanpaiak entzuten dira Intsentsuaren usainarekin batera; ama kuraiarenean Madama Butterfly operako zati batek betetzen du eszenaren espazioa; rock gogorra azaltzen da berriro bukaerako eszenan.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. tartean.com. ALDERRAY • Tartean Teatroa. (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  2. «Tartean Teatroa konpainiak antzezlan berria du, "Alderray"» EITB 2022-03-08 (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  3. a b c d Enzunza Mallona, Olatz. (2023-05-28). «'Alderray', narrazioen narrazio bat» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
  4. a b Bretos, Ainhoa. (2022-03-01). «"Alderray" antzezlana aurkeztuko du martxoaren 9an Tartean Teatroak» Noticias de Gipuzkoa (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  5. a b c d Esnaola, Inaxio. (2023-05-26). «Istorioen ehiztaria eta haren laguntzailea» Irutxuloko Hitza (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
  6. tartean.com. (2022-04-26). «ALDERRAYren istorioak engantxatuko zaitu, zatoz antzokira! • Tartean Teatroa» Antzerki Konpainia bat, (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
  7. Perez, Agus. (2023-05-28). «Triste hasi, alaiago amaitu» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • ALDERRAY. Tartean Teatroa. Webgune ofiziala