Kultura Iraultza

Wikipedia, Entziklopedia askea

Kultur Iraultza Proletario Handia (txinera sinplifikatua: 无产阶级文化大革命, txinera tradizionala: 無產階級文化大革命, pinyin: wúchǎn jiējí wénhuà dà gémìng) Mao Tse-tung presidenteak Txinako Herri Errepublikan 1966-1969 urte bitartean zuzendutako masa-kanpaina bat izan zen. Kanpaina hau Alderdi Komunistako goi-kargu batzuen nahiz intelektual zenbaiten aurka zuzendu zen, Maok eta bere jarraitzaileek ideal iraultzaileak traizionatzea leporatzen baitzieten.

Garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gudarostearekin batera, Guardia Gorri deitu zirenek, kultura eta burokraziako elementu burgesei eraso zieten. Lin Piao eta Jiang Quing izan ziren Mao Tse-Tung-ekin batera higikunde honen buruzagiak; iraultza ordea bortxakeriaz amaitu zen, besteak beste Guardia Gorrien artean elkarren kontrako taldeak sortu zirelako; heriotzak ere izan ziren. Iraultzak Liu Shao-Ch´i-ren eta Alderdi Komunistako beste ofizial askoren eraistea ekarri zuen.

Alderdiaren ildo moderatuaren aurka maoistek jotako erasoa zuzentasun iraultzailaren izenean burutu zen eta Txina osoa inarrosiko zuen zenbait urtez. 1965eko amaieran Maok Txina zeharkatu zuen masen mobilizazio ideologikorako dei eginez eta iraultzari traizio egindakoak oro salatzearren –orduan zeharkatu zuen Yangtse ibaia igerika bere indarra erakusteko asmoz–.

Muturreko militanteak bidali zituzten unibertsitateetara gazteek “kapitalismoaren errestaurazioaren” aurka egin zezaten; Alderdiko sektore moderatua suntsitzea zen Maoren azken xedea. 1966ko abuztuan lorpen handia erdietsi zuen Maok. Izan ere, masen adierazpen politiko askea eta iraultzaren kontrola bermatzen zituzten hamasei puntu onartu zituen alderdiarenBatzorde Nagusiak. Puntu horien arabera, alderdikideak kritikaren jomuga izan zitezkeen eta herriak kargutik ken zitzaketen; alderdiko buruzagiek errakuntzen kritika bultzatu behar zuten; premiazkoak ziren bai masen heziketa politikoa (dotrinatze politikoa komunetako ordutegiaren barne, Maoren Liburu Gorriaren irakurketa kolektiboa) eta bai langile, nekazari eta ikasleak elkarrekin bizitzen jartzea ere, hartara, beren mundu ikuskera eraberriturik, Iraultza arrakastaz gauzatu ahal izan zezaten.

Alderdiko buruzagi asko kontrairaultzailetzat salatuak izanik, kargutik kendu, kartzeleratu, hezkuntza alorretara bidali edo hil egin zituzten. Intelektualena gehien jotako sailetarikoa izan zen: Maorentzat herritik at buruturiko jarduuera intelektuala delitua baitzen. Hortaz, irakaskuntza proletarizatzea eta intelektualak eskulangileekin berdintzea izan zen haren lehentasunetariko bat. Mendebaleko kulturak eta erlijioak eraso bortitzak jasan zituzten. Txina osoan “batzorde iraultzaileak” eratu ziren eta goardia gorriak deituriko gazte armatuen ekintza eta metodo suntsitzaileek indarkeria zabaldu zuten bazter guztietara.

Kaosak herrialde osoa hartu zuen. 1966- 1967 bitartean ia gerra zibileko egoera bizi zuen Txinak: gudarostea eta alderdia zatikaturik ageri ziren eta mugimendu iraultzailearen baitan ere zenbait fakziok elkarri erasotzen zioten. Azkenik, aginte zentralak zigortu egin zituen muturreko sektoreak.

1969ko apirilean Alderdiaren IX. Kongresuak Maoren postulatuen arrakasta aldarrikatu zuen; Iraultza buruturik zegoen –nahiz eta, agintari txinatarren arabera, 1976 arte ez zen ofizialki amaitu–.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Historia
Txinako Herri Errepublika
Artikulu hau Txinako historiari buruzko zirriborroa da. Wikipedia lagun dezakezu edukia osatuz.