Edukira joan

Landako baserria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Landako
Kokalekua
Lurraldea  Araba
Eskualdea Aiaraldea
Udalerria Amurrio
Auzoa Lezama
Orientazioa Ekialde-hegoaldera
-
Ezaugarriak
Garaia XVI. mendea
Oinplanoa laukizuzen
Katalogatua
Eusko Jaurlaritza 1996ko uztailaren 17a

Landako Amurrioko Lezama herrian dagoen baserria da.

1996ko uztailaren 17an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Landako baserria Amurrioko Lezama auzoko mutur batean dagoen tontortxo batean dago kokatuta, Bilbotik Gaztelara joateko, Laudio, Amurrio eta Urduñatik zehar pasatzen zen bidearekin bat egiten zuen Gasteizetik Amurriorako errepidearen ondoan.

Landako baserria bi arrazoirengatik da interesgarria, bereziki, batetik eraiki zen garaiko berezko zenbait egitura-ezaugarri dituelako, XVI. mendeko bigarren erdikoak, alegia, eta bestetik, XVII. mendeko azken aldera baserri horiek bi familiako bihurtzeko nola aldatu ziren argiro erakusten duelako. Izan ere, garai horretan artoaren landaketa nagusitu zen, hain errentagarriak ez ziren beste zereal batzuen kaltetan, eta gizarte krisi sakon baten ondorioz, jendea baserrira itzuli zen, lurraren jabeei ustiaketak ahalik eta familia gehienei alokatzeko aukera emanez, horrela etekin gehiago ateratzeko.

Landakok oinplanta laukizuzena du, zabalera baino sakonera handiagokoa, eta ekialde-hego-ekialdera begira dago. Estalkia hiru isurialdekoa da eta fatxada nagusian buruhorma egiten du, bi isurialde simetrikoduna. Atzeko fatxada osoa hirugarren isurialdeak hartzen du, zein XVII. mendetik aurrera Aiara bailaran hain arrunta zen "mirubuztan" delakoaren itxurakoa baita, baina exageratua. Hirugarren isurialde hori ez da jatorrizkoa, baserria familia biko bihurtu zutenean jarri baitzitzaion. Eraldaketa nagusia egin zenean alboko fatxadetan taxuz eta ondo eginda zabaldutako baoen gainean, beste batzuk zabaldu zaizkio, nahiko modu desegokian.

Gaur egun Landako baserriak oso-osorik gordetzen du egurrezko egitura, XVII. mendeko eraldaketaren ondoren geratu zen bezalaxe. Egitura hori bistan dago, birgaitu aurretik egindako zenbait desmuntaketari esker. Gainontzekoetan, bakarrik mantentzen dira alboko eta atzeko fatxadak, nagusian egurrezko egitura baino ez baita geratzen. Fatxada nagusian jatorrizko egituratik gelditzen diren arrastoei erreparatuz gero, baserriaren beheko solairuak harri-hormak zituela ikus dezakegu. Goiko solairuak, berriz, erdi txarrantxatutako egurrezko egitura bat du, oholekin. Baserria familia biko bihurtzeko lanen ondorioz, fatxada nagusiko armazoiaren banaketa areagotu egin zen eta fabrikaz bete zen, adreiluz ziur asko. Gainera, etxebizitza beheko solairutik lehenengora pasatu zen eta, horretarako, hainbat leiho zabaldu ziren egituran.

Bigarren etxebizitza egiterakoan bi eskailera simetriko jarri ziren, lehenengo solairura igotzeko, eta zeuden pieza bateko zutabeetakoren bat kendu egin zen. Baina horretaz gain, estalkia ere guztiz aldatu zen; izan ere, hirugarren isurialdea jarri zitzaion eta hormarte bakoitzean bitarteko karrerak jarri ziren, eraikuntza-soluziobidea dezente zailduz, era horretan gapirio motzagoak erabil bazitezkeen ere, karrerei euskarriren bat jarri behar baitzitzaien. Arazo horri erantzuteko era bakarra egurrezko zati txiki ugari erabiltzea izan zen (petit bois). Teknika hori ohiko bihurtu zen XVII. mendeko bukaeratik aurrera, XVI. mendeko teknikaren ezaugarri diren osoko pieza handiak alde batera utziz.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa