Lankide:Ane Portillo/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Baztangaren aurkako tratamendu moduan birus horren inokulazioa erabiltzen hasi ziren Txinan X. mendean, baina XV. mendean aurkitu da horren inguruko lehen erreferentzia. Garai hartan sudur bidezko haize-ematea erabiltzen zen, non, gaixoen pustulak hauts bihurtu eta sudurretik sartzen dira, baztanga arina zuten pertsonak immunizatzeko asmoz. Horrez gain, haize-ematean oinarritutako bestelako teknikak ere erabiltzen omen ziren Txinan XVI. eta XVII. mendeetan zehar.

Hala ere, baztangaren aurkako aurrerapen garrantzitsuenen artean lehenak Edward Jenner mediku ingelesak egindakoak izan ziren. 1760. hamarkadan esaten zen behizainek ez zutela inoiz baztanga larria jasango, aurretik behi-baztanga pasatu izanak giza baztangatik babesten zituelako. Hori ikusita, Jener-ek 1796an 8 urteko haur bati besoa marratu eta zaurian behi-baztangadun gizon baten zornea jarri zion. Sei aste geroago, behi-baztangaren sintomak desagertu zirenean, giza baztangaren birusarekin mutikoa inokulatu arren, ez zuen gaixotasunik garatu. Edward Jenner-ek teknika garatzen eta indibiduo ezberdinetan probatzen jarraitu zuen eta horren arriskuak txikiak zirela ikusita, Ingalaterran giza baztangan oinarritutako haize-ematea debekatu zen 1840. urtean.

Behi-baztangaren birusa eta giza baztangarena desberdinak dira, baina antzekotasun batzuk badituzte, eta elkarri immunitatea eragiten diote. Izan ere, behi-baztangaren birusak ez du gizakia kutsatzen, baina antigorputzen sorrera eragiten du eta, ondorioz, gizakiek immunitatea garatzen dute giza baztangaren birusaren aurrean. Horrek giza-baztangaren aurkako erresistentzia izatea ahalbidetzen du.

1880ko hamarkadan Louis Pasteur-ek eman zion hasiera txertoen bigarren belaunaldiari, hegazti-koleraren eta antrax-aren aurkako tratamenduak garatu zituenean. Immunizazio-mekanismo hau izendatzen lehena izan zen eta "vaccine" izena eman zion, latineko "vacca" terminoan jatorria duena. Hori egin zuen Edward Jenner-ek egindako aurkikuntzen omenean, "vacca"-ren esanahia behia delako.

Aurrerapen horiek ikusita, XIX. mendearen amaieran, derrigorrezko txertoak ezartzeko legeak onartu ziren. XX. mendean zehar, txertoen erabilera asko zabaldu zen eta difteriaren, elgorriaren, hazizurriaren eta errubeolaren aurkako tratamenduak garatu ziren. Oso garrantzitsuak izan ziren 50eko hamarkadan poliomelitisaren aurkako txertoaren garapena eta giza baztangaren desagerpena 60ko eta 70eko hamarkaden bitartean.

Hala ere, oraindik garapen bidean gertatzen dira herpes sinplearen, malariaren, GIB birusaren eta blenorragiaren aurkako txertoak.  

Motak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Txertoak hildako edo inaktibatutako mikroorganismoetatik zein horietatik purifikatutako produktuetatik abiatuta sortzen dira. Mota anitz daude, baina guztien helburu nagusia da antigorputzen sintesia eragiten den bitartean gaixotasunaren garatzeko arriskua ekiditea.

Inaktibatutakoak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorriz patogenoak ziren mikroorganismoak konposatu kimikoen, beroaren edo erradiazioen bidez inaktibatu egiten dira. Beraz, gaixotasuna sortzeko gaitasuna galtzen dute. Horien adibide dira poliomelitisaren txertoa, A hepatitisarena, amorruarena eta zenbait griperena.

Toxoideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Toxizitaterik gabeko bakterioen toxinak dira. Kasu hauetan gaixotasuna bakterioak sortu beharrean, bakterio horren toxinak eragin ohi du. Horien adibide dira tetanosaren eta difteriaren txertoak. Hala ere, toxoide motako txertoek ez dute beti bakterio jatorria izan behar. Txakurren kasuan, adibidez, Crotalus atrox toxoidean oinarritutako txertoa erabiltzen da[1][2]

  1. «Behar al da euskarazko ikerkuntza? - Zientzia.eus» zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-08).
  2. Euskal Wikilarien Kultura Elkartea. 2018-08-20 (Noiz kontsultatua: 2018-12-08).