Lankide:Gorka Gil/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea
Gernikako arbola. Herri honetan sinatu zen Estatutua 1979ko urriaren 7an.

1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Laburpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutua, Gernikako Estatutua izenez ere ezaguna, Euskadiko Autonomia Erkidegoa eratu zuen lege organikoa da. Gernikako Estatutua deitzen zaio behin betiko testua Gernikan adostu zelako 1978ko abenduaren 29an. 1979ko urriaren 25ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek erreferendum bidez onartu zuten. Azaroaren 29an Espainiako Kongresuak onartu zuen eta abenduaren 12an senatuak.

Gernikako Estatutuak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE, hemendik aurrera) sistema parlamentarioa ezarri zuen. Foru sisteman oinarrituz, hiru herrialdeetako bakoitzak ordezkari kopuru bera jaso zuen Eusko Legebiltzarrean. Legebiltzarrak Lehendakaria izendatu behar du hauteskundeak egin ondoren. Lehendakariaren zeregin garrantzitsuena Eusko Jaurlaritza eratu eta gidatzea da.

Eusko Legebiltzarrak autonomia maila zabala dauka hainbat arlotan legeak egiteko: ekonomia jarduerak, kultura, herrizaingoa, etab. Era berean, Jaurlaritzaren eguneroko kudeaketa eta politika kontrolatzen ditu.

Autonomia Estatutu honetan, Euskal Herriaren naziotasuna aipatzen da, eta autogobernua izatearren Espainiako estatuaren barruan autonomia erkidegotzat eratzen dela esaten da (1. artikulua). Nafarroa Garaiak Hego Euskal Herriko gainerako hiru herrialderekin bat egiteko eskubidea duela aipatzen du (2. artikulua), betiere Espainiako Konstituzioan jarritako 4. xedapen iragankorreko bidea betetzen badu. 6. artikuluak euskara euskal herriaren hizkuntza propioa dela dio, eta gaztelaniak bezala maila ofiziala izango duela agintzen du. Botere publikoek Euskal Herriaren aniztasun soziolinguistikoa kontuan izanik hizkuntza bien erabilera egokia bermatu behar dute, 6.2 artikuluaren arabera.

Aurrekari historikoak: 1936ko Estatutua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1936ko Euskadiren Autonomia Estatutua, jatorrizko euskal izenez Euzkadiren Berjabetasun-Araudia [1] .Euskal Herriaren zati baterako onartu den lehenengo autonomia estatutua izan zen, Espainiako ipar-mendebaldeko hiru herrialdeak (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) hartzen zituena.

Espainiako Bigarren Errepublikako Gorteek 1936ko urriaren 1ean (Valentzian) onartutako legea izan zen, Gerra Zibila hasi eta 1931n hasitako prozesu luze eta konplexu baten ondoren. Estatutua onartu ondoren, lehen gobernu autonomoa eratu zen, 1936ko urriaren 7tik 1937ko martxoaren 30era (tropa frankisten garaipenak zapuztu zuen esperientzia hori).

Eusko Alderdi Jeltzaleko José Antonio Aguirre izan zen Euzkadiko Gobernu haren buru, eta PSOE, PCE, Eusko Abertzale Ekintza, Ezker Errepublikanoa eta Batasun Errepublikanoaren ordezkariek parte hartu zuten.


[i] Ikus estatutuaren jatorrizko testua, gaztelaniaz eta euskaraz, IVAPen webgunean: Euzkadiren Berjabetasun-Araudia

Lehengo Eusko Jaurlaritza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatutu horren funtsezko ondorioa historiako lehen Eusko Jaurlaritzaren sorrera da; EAJren eta Fronte Herrikoiaren arteko koalizioa, José Antonio Aguirre buru zuela. Diputatu hau (lider karismatikoa) euskal zinegotziek aho batez aukeratu zuten EAJko lehendakari, 1936ko urriaren 7an bozkatu ahal izan zutenen artean [2]

1979ko Autonomia Estatutua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako 1978ko Konstituzioaren bigarren xedapen iragankorraren arabera, Euskadik behin-behineko autonomia-erregimen bat eskuratzeko baldintzak zituen, eta, hala, estatutu-proiektu bat egin ahal izango zuen, lege horrek, 151. artikuluan ezarritakoaren arabera. Gainera, lehen xedapen gehigarriak «eskubide historikoak» onartzen zituen, eraiki nahi zen erregimen autonomikoan eguneratuko zirenak. Hala ere, Espainiako Konstituzioaren 151. artikuluan eskatzen diren baldintzak ez litzaizkieke eskatuko iraganean beren autonomia-estatutuak aurrera ateratzeko baiezko botoa eman zuten lurraldeei, hala nola Euskal Autonomia Erkidegoa (Galizia eta Kataluniaz gain), hori frogatuta baitzegoen 1936ko Estatutua onartzean, Espainiako gerra zibila hasi ondoren (Andaluzia izan zen baldintza horiek betetzen dituen erkidego bakarra). Hala, Euskadik berehala lortu zuen Konstituzioan jasotako gehienezko autonomia-maila (151. artikulua).

Nafarroako Foru Komunitatea proiektu komun batean sartzeko ezintasuna ikusirik, Nafarroako alderdi politiko gehienen oposizioagatik, Euskal Parlamentarien Batzarrak, 1977ko maiatzean bildurik, Gobernuari, Parlamentuari aurkeztuko litzaiokeen eta erreferendumean onartu beharko litzatekeen autonomia-estatutuaren proiektua egitea onartu zuen.

Erredakzio prozesua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1977an, «lurralde historiko» bakoitzeko Batzar Nagusiak eratu ziren behin-behinekoz —ordutik aurrera, euskal probintziek jaso zuten izen hori—, eta, hurrengo urteko urtarrileko errege-dekretu baten arabera, Euskal Kontseilu Nagusia autonomia-erkidego aurreko gobernu-organo nagusi gisa eratu zen, Batzar Nagusiek hautatutako lurralde historiko bakoitzeko hiru ordezkarik osatua. Haren jarduna zaildu egin zen, bai Espainiako eskualde guztietan antzeko erakundeak ugaritu zirelako, bai Gobernu zentralak botere transferentzia errealak egiteko borondate eskasa zuelako. Nolanahi ere, Euskal Parlamentarien Batzarrak erabakitakoarekin bat etorriz, 1978ko abenduan autonomia-estatutuaren aurreproiektu bat idazteko ponentzia bat eratu zen, eta, bere lanak azkar bukatu eta Batzarrak onartu ondoren, aurreproiektua abenduaren 29an bidali zion Gobernu Zentralari.

Erreferenduma[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferenduma 1979ko urriaren 25ean egin zen. Estatistiken arabera, erroldaren % 58,85ek parte hartu zuten eta horien artean, baiezko botoen ehunekoa % 90,27 izan zen [3] .

Aldeko botoa alderdi gehienek defendatu zuten (Eusko Alderdi Jeltzalea, Euskadiko Alderdi Sozialista, Zentro Demokratikoaren Batasuna, Euskadiko Ezkerra, Euskadiko Alderdi Komunista, Espainiako Lanaren Alderdia, Langileen Erakunde Iraultzailea, Euskal Herriko Alderdi Karlista, Espainiako Langile Alderdi Sozialista (Sektore Historikoa), Ezker Errepublikanoa, Euskal Sozialistak Elkartzeko Indarra). Herri Batasuna koalizioak eta Euskadiko Mugimendu Komunistak, Ezker Komunistaren Erakundeak eta Liga Komunista Iraultzaileak defendatu zuten alternatiba abstentzioa izan zen. Bestalde, Aliantza Popularrak (gero Alderdi Popular bihurtua) eta Batasun Nazionalak kontrako botoa eskatu zuten, herrien autonomia Espainiaren batasunaren aurkako mehatxua zela uste baitzuten.



Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Guztira 47 artikulu ditu, honela banatuak: atariko titulua eta beste lau titulu, xedapen gehigarri bat eta bederatzi xedapen iragankor.

Estatutuak parlamentuko gobernu-sistema bat ezartzen du, non lehendakariak Eusko Legebiltzarraren konfiantza jaso behar duen; sufragio unibertsalaren bidez hautatua eta 75 diputatuk osatua (25 lurralde historiko bakoitzeko).

Euskal Herriko Autonomia Estatutua besteetatik bereizten duena, ez da transferitutako eskumenen kopurua —edo transferi daitezkeenak, prozesua oraindik ez baita osatu—, baizik eta, konstituzio-ordenamenduan bezala, euskal autonomia foraltasun historikoan oinarritzen dela, eta hori Espainiako Konstituzioan aitortuta dago. Kasu horretatik abiatuta, Euskadik finantziazio bereziko prozedura bat lortu zuen (Nafarroakoaren parekoa soilik), 1876an foruak indargabetu ondoren ezarritako kontzertu ekonomikoen eguneratze batean oinarritua. Itun horiek Araban eta Nafarroan zeuden, baina erregimen frankistak indargabetu zituen Gipuzkoan eta Bizkaian, Gerra Zibila amaitzean. Era berean, Estatutuari esker, polizia propioa eratu zitekeen, Ertzaintza, polizia integrala eta lurralde osoan hedatua. Azkenik, foraltasunaren ikuspegi bat ere bada lurralde-antolamendu berezi bat eratzera daramana, non foru-aldundiek hainbat eskumen baitituzte, eta, batzuetan, horren ondorioz, Eusko Jaurlaritzarekin gatazkan sartzen dira.

Euskal Estatutuaren edukiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiako Konstituzioko 147. artikulua autonomia erkidegoen autonomia estatutuei dagokie. Lehenik eta behin, Autonomia Erkidego bakoitzeko oinarrizko erakunde-arau gisa definitzen ditu, eta gaineratzen du Estatuak onartu eta babestuko dituela, bere ordenamendu juridikoaren osagai gisa. Gainera, horien aldaketaz eta gutxieneko edukiez ari da, eta horiek, jakina, Euskal Herriko Autonomia Estatutuan islatuko dira.

Hona hemen egitura orokorra:  Euskal Estatutuak atariko titulua, beste lau titulu, xedapen gehigarri bat eta bederatzi xedapen iragankor ditu. Ordea, ez du hitzaurrerik (Espainiako Konstituzioak edo beste autonomia-estatutu batzuek barne hartzen duten osagaia).

Estatutuaren Atariko Titulua bat dator Konstituzioaren 147.2. artikuluko a, b eta c idatzi-zatietan, eta Autonomia Erkidegoaren izena (1. art.) lurraldea mugatzea (2. eta 8. artikuluak) eta erakundeen egoitza izendatzeko modua (4. art.). Atariko tituluan gutxieneko eduki horri banderaren arauketa gehitzen zaio (5. art.), hizkuntza (6. art.) eta euskal herritarraren izaera juridikoa (7. art.); euskal herritarren oinarrizko eskubide eta betebeharrak titulu honetako azken aurreko artikuluan aipatzen dira (9. art.). Euskal Herriko berezitasun nabarmen bat agertzen da Atariko Titulu honetan: Lurralde Historikoen onarpena, 2. artikuluan eta 3. eta 5. ean.

Estatutuko I. tituluak, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak jorratzen ditu, Konstituzioaren d) ataleko 147.2. artikuluak dioenaren arabera. Konstituzioan aurreikusitako eskemari jarraituz, Euskadiko Autonomia Estatutuak finkatzen ditu EAEk bere gain hartu dituen eskumenak. Horretarako, bere I. titulua erabiltzen du batez ere, baina ez bakarrik. Titulu hori eskumenen sailkapen honetatik abiatzen da: eskumen esklusiboak (10. art.), legegintzako garapena (11. art.) eta betearaztekoak (12. art.). Euskal Autonomia Erkidegoak bereganatutako eskumen guztiak ez daude artikulu horietan bilduta.

Ondoren, II. tituluak Euskal Autonomia Erkidegoko botereak aipatzen ditu, eta atariko kapitulu bakarraz eta beste bost kapituluz osatua dago: Eusko Legebiltzarra (1. kapitulua), Eusko Jaurlaritza eta lehendakaria (2. kapitulua), Justizia Administrazioa (3. kapitulua), Lurralde Historikoetako erakundeak  (4. kapitulua) eta Euskal Herriko Agintaritzaren kontrola (5.kapitulua).

III. tituluak Ogasuna eta Ondarea arautzen ditu, Ekonomia Itunaren sistema tradizionala berrezarriz.

Azken tituluan, IV. tituluan, zehazten da Estatutua aldatzeko prozedura. Titulu honek 46. eta 47. artikuluez osatua dago. Tituluak erreforma-prozedura orokor bat ezartzen du (46. art.) eta hiru prozedura espezifiko erreforma-kasu zehatzetarako (47. art.).

Azkenik, xedapen gehigarri batek adierazten du Estatutuan ezartzen den autonomia-erregimena onartzeak ez dakarrela Euskal Herriak bere historiaren arabera legozkiokeen eskubideei uko egitea, eta eskubide horiek ordenamendu juridikoak ezartzen duenaren arabera eguneratu ahal izango direla.

Estatutua bederatzi xedapen iragankorrek ixten dute [4] .



Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

[1] Ikus estatutuaren jatorrizko testua, gaztelaniaz eta euskaraz, IVAPen webgunean: Euzkadiren Berjabetasun-Araudia

[2] De la Granja Sainz, J.L.(2007) pp. 427-450. “El nacimiento de Euskadi: el Estatuto de 1936 y el primer Gobierno Vasco”. Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak diruz lagundutako ikerketa-proiektu baten parte da artikulu hau (erref.: HAR2008-03691/HISTORIKOA), UPV/EHUko Ikerketa Talde baten esparruan (erref.: GIU 07/16).


[3] Pilar del Castillo Vera, «Referéndum del Estatuto de Autonomía en el País Vasco». Revista del Departamento de Derecho Político, Núm. 5, invierno 1979-1980, pp. 201-211.


[4] www.autoprestakuntza.euskadi.eus. “principios generales del Estatuto de Autonomía del País Vasco y aspectos de la distribución de competencias” . IVAPen autoprestakuntzako ataria, bai euskal administrazio publikoetako langileentzat, bai herritar guztientzat.

  1. Ikus estatutuaren jatorrizko testua, gaztelaniaz eta euskaraz, IVAPen webgunean: Euzkadiren Berjabetasun-Araudia
  2. Miralles, Ricardo. (2008-01-01). «RESEÑA de : Granja Sainz, José Luis de la. El oasis vasco : el nacimiento de Euskadi en la República y en la guerra. Madrid : Tecnos, 2007» Espacio Tiempo y Forma. Serie V, Historia Contemporánea 0 (20)  doi:10.5944/etfv.20.2008.1517. ISSN 1130-0124. (Noiz kontsultatua: 2020-03-07).
  3. Pilar del Castillo Vera, «Referéndum del Estatuto de Autonomía en el País Vasco». Revista del Departamento de Derecho Político, Núm. 5, invierno 1979-1980, pp. 201-211.
  4. principios generales del Estatuto de Autonomía del País Vasco y aspectos de la distribución de competencias.. .