Lankide:Nahia Ladislao/Proba orria

Wikipedia, Entziklopedia askea

Nazioarteko Justizia Auzitegia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hagako Bake Jauregia (Herbehereak)

Nazioarteko Justizia Auzitegia Nazio Batuen auzitegi gorena da eta beraren egoitza Hagako Bake Jauregian (Herbehereak) kokatzen da. Organo nagusia da, independentea eta ez da gobernuen artekoa, beraz, bertako kideek ez dituzte gobernuak ordezkatzen. Beraren aurrean estatuek bakarrik jardun dezakete alderdi gisa. Nazioarteko Justizia Auzitegia 1946an sortu zen, baina hori baino lehen Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorra izan zen aitzindari. Auzitegiaren hizkuntza ofizialak ingelesa eta frantsesa dira.[1]

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko Justizia Auzitegia nazioarte mailan gatazkak modu baketsuan konpontzeko prozesu luze baten ondorioa izan da. Hasieran, negoziazioaren eta bitartekaritzaren bidez konpontzen zituzten nazioarteko gatazkak, hala ere, urteak aurrera joan ahala, gatazken aurrean konponbidea zuzenbidean oinarrituta ebatziko zuen organo inpartzial baten beharrizana zegoela konturatu ziren. Konponbidea arbitrajean aurkitu zuten. Arbitrajea Estatu Batuen eta Erresuma Batuaren arteko Jay Tratatuaren ondorioz sortu zen.

Hala ere, urteak aurrera joan ahala, estatuek erabaki zuten gatazkak modu baketsuan konpontzeko auzitegi iraunkor bat edukitzeak prozesua asko arindu eta erraztuko zuela. 1899 eta 1907an  “Hagako Bake Konferentziak” antolatu ziren bakeari eta armagabetzeari buruz hitz egiteko eta auzitegi iraunkor bat sortzeko aukera mahai gainean jarri zen.

Lehenengo konferentzia horretan parte hartu zuten 26 estatuek (horien artean Asiako zenbait herrialdek eta Mexikok parte hartu zuten) nazioarteko gatazkak modu baketsuan konpontzeko hitzarmena sinatu zuten. Horrela sortu zen Arbitrajearen Auzitegi Iraunkorra 1902an. Gaur egun aktibo jarraitzen du eta  estatuen arteko gatazkez gain, nazioarteko erakunde edo entitate pribatuen arteko gatazkak ezagutzen ditu. Izenak jardueraren iraunkortasuna aditzera ematen duen arren, ez da organoaren funtzionamendua deskriba zezakeen hitzik egokiena. Auzitegi hau legelarien zerrenda batez osatuta zegoen  (estatu kide bakoitzeko gehienez 4 legelari egon zitezkeen) eta gatazkaren bat zegoenean, alderdiek zerrenda horietatik aukeratzen zituzten arbitraje auzitegi bat sortzeko beharrezkoak ziren legelariak.

Horrenbestez, Arbitraje Auzitegi Iraunkorra abian jartzeko, funtsezkoa da  alderdien onarpena, hauek baitira elementu prozesal eta praktikoak zehaztu behar dituztenak auzitegiak bere ekintzak burutzen hasi baino lehen. Egoera honen aurrean, 1907ko Hagako Bake Konferentzian gatazkak konpontzeko prozedura judiziala eta neurri hertsatzaileak oinarri zituen auzitegi berri bat sortzeko proposamena egin zen. Alemaniak, Erresuma Batuak eta Estatu Batuek auzitegi iraunkor bat sortzeko proposamen bateratu bat aurkeztu zuten, baina Konferentzian parte hartu zuten estatuak ez ziren gai izan erabaki batera iristeko. Hala ere, bertan adierazi ziren ideiak kontuan hartu ziren Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorraren estatutua sortzeko orduan.

Lehen Mundu Gerraren ondoren, magistratu iraunkorrez osatutako auzitegi bat eratzeko proiektua oraindik hainbat estaturen helburuen artean zegoen. 1920an, Nazioen Kontseiluak, Legelarien Batzorde bat sortu zuen eta talde horrek Nazioarteko Justizia Auzitegiaren estatutua eratu zuen. Hainbat negoziazio egin ondoren, 1921eko irailean, Nazioen Liga osatzen zuten estatu gehienek auzitegi berriaren estatutua onartu eta berretsi zuten. Estatutua berehala sartu zen indarrean. Auzitegi honek, Arbitraje Auzitegi Iraunkorrak, magistratuak aukeratzeko zeukan arazoa konpondu zuen. Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorreko magistratuak, Ligaren Kontseiluak eta Batzar Nagusiak aukeratuko zituzten, bakoitzak bere aldetik, betiere gogoan izanda magistratu horiek munduko sistema juridiko garrantzitsuenak ordezkatu behar zituztela. Nazioarteko Justizia Auzitegia Bakearen Jauregian ezarri zen (Hagan).  

Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorrak hainbat aurrerapen ekarri zituen. Estatuek, aurretiaz, auzitegiaren jurisdikzioa onartzeko aukera zeukaten eta horrela etorkizunean izan zezaketen gatazken aurrean auzitegira jo zezaketen konponbide bila. Horrez gain, auzitegia magistratu iraunkorrez osatuta zegoen eta munduko sistema juridiko desberdinak ordezkatzen zituzten. Arbitraje Auzitegi Iraunkorrarekin alderatuta, Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorrak estatutu eta araudi propioaren bidez jarduten zuen Idazkaritza iraunkor bat zeukan eta horren helburu nagusia nazioarteko beste erakunde eta gobernuekin harremanetan jartzea zen.

Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorra Nazioen Ligak sortu eta finantzatu arren, ez zen azken erakunde horren organo bat, auzitegia organo juridiko independente bat zen.

Auzitegiak bere helburua bete zuen eta 1922 eta 1940 artean estatuen arteko 29 gatazka konpondu zituen eta 27 iritzi kontsultibo aurkeztu zituen eta gehienak aplikatuak izan ziren. Horrez gain, hainbat ekarpen egin zituen nazioarteko zuzenbide publikoaren inguruan. Auzitegiaren jarduera bertan behera geratu zen Bigarren Mundu Gerra hasi zelako. Hala ere, auzitegia ez zen behin betiko desegin 1946 arte.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren, 1945ean, San Francisco-ko Konferentzia antolatu zen eta bertan parte hartu zuten estatuek Nazio Batuen Erakundea eta Nazioarteko Justizia Auzitegia sortu zituzten. Hainbat arrazoi zeuden Auzitegia sortzeko: Nazio Batuetan Nazioen Ligan parte hartu ez zuten hainbat estatu berrik parte hartu zuten eta Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorraren ideiak nahiko zaharkituta zeudela uste zuten. Estatu parte hartzaileek Nazioarteko Justizia Auzitegiak  nazioarteko ordezkaritza zabalago bat islatzea nahi zuten, ez bakarrik Europa edo zibilizazio nagusien ikuspegia. Hala ere, bi auzitegiek lotura sendoa daukate beren artean, Nazioarteko Justizia Auzitegiaren estatutua eta Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorrarena berdinak baitira.

1946ko apirilean Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorra behin betiko desegin zen eta Nazioarteko Justizia Auzitegia lehenengo aldiz elkartu zen. Nazioarteko Justizia Auzitegiak aurreko auzitegiaren dokumentu, jurisprudentzia eta ohiturak jaso zituen eta haren egoitza Bakearen Jauregian ezarri zen (Hagan) Lehenengo batzar horretan magistratuen presidentea aukeratu zuten José Gustavo Guerrero (El Salvador), Nazioarteko Justizia Auzitegi Iraunkorreko azken presidentea izan zena. Auzitegiko kide guztiak izendatuak izan zirenean, 1946ko apirilaren 18an, lehenengo entzunaldi publikoa gauzatu zuten eta 1947ko maiatzean lehen  nazioarteko gatazka ezagutu zuten. [2]

ARBITRAJE AUZITEGI IRAUNKORRA (arbitrajea) NAZIOARTEKO JUSTIZIA AUZITEGIA (bide judiziala)
Alderdiek aukeratzen dituzte arbitroak Auzitegia jada osatuta dago eta magistratuak izendatuta
Prozedura alderdiek erabakitzen dute Prozedurak aurretiaz auzitegiaren estatutuan ezarrita daude
Alderdiek erabakitzen dute hizkuntza ofiziala Hizkuntza ofizialak ezarrita daude (ingelesa eta frantsesa)
Prozesua ateak itxita gauzatzen da Prozesua gehienetan publikoa da
Gastu guztiak alderdien kontura   Prozesuaren gastuak Nazio Batuen kontura

Kideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko Justizia Auzitegia Batzar Nagusiak eta Segurtasun Kontseiluak.

9 urterik behin izendatzen dituzten 15 magistratuk osatzen dute. Bi organo horiek aldi berean bozkatzen dute eta aukeratua izateko beharrezkoa da organo bakoitzean gehiengo osoa izatea, horregatik, askotan bozketa bat baino gehiago egitea beharrezkoa da.[3]

Auzitegiaren jarraitutasuna lortzeko helburuarekin, magistratuen heren bat bozkatzen da 3 urtetik behin. Magistratu bat hiltzen bada edo bere postuari uko egiten badio, ahalik eta arinen ezohiko bozketa bat egiten da magistratu berria izendatzeko. Bozketa horiek New York hirian gauzatzen dira eta bertan aukeratzen diren magistratuek hurrengo urteko otsailaren 6an hartzen dute kargua. Kontuan izan behar da magistratuak berriz aukeratuak izan daitezkeela.

Auzitegiaren estatutuan parte hartzen duten estatu guztiek proposatu ditzakete hautagaiak. Proposamena ez dute estatu bakoitzeko gobernuek zuzenean egiten, Arbitraje Auzitegi Iraunkorreko kideen bitartez proposatzen dira hautagaiak. Arbitraje Auzitegi Iraunkorrean parte hartzen ez duten estatuek ere hautagaiak proposatu ditzakete talde bereziak sortuz. Talde bakoitzak gehienez 4 hautagai proposatu ditzake eta horietatik gehienez 2 izan daitezke beren nazionalitatekoak. Beste biak edozein estatutakoak izan daitezke, eta ez da nahitaezkoa estatu horiek Nazioarteko Justizia Auzitegiko parte izatea. Hautagaien izenak Nazio Batuen Idazkari Nagusiari esan behar zaizkio. Hautagaia izateko beharrezkoa da bakoitzak bere herrialdean epaile edo estatuko organo gorenean jardutea edo moral eta ospe altuko legelaria izatea.

Nazioarteko Justizia Auzitegian ezin dira herrialde bereko bi magistratu egon. Gainera, auzitegiak bere osotasunean mundu mailako zibilizazio eta sistema juridiko nagusiak ordezkatu behar ditu. Praktikan, zibilizazio handien nagusitasuna auzitegiaren banaketan ikus daiteke: 3 magistratu Afrikakoak dira, 2 Hego Amerika eta Karibekoak, 3 Asiakoak, 2 Europa Ekialdekoak eta 5 Mendebalde Europakoak eta beste estatu batzuetakoak. Banaketa berdina ezarrita dago Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan.

Izendatuak izaten direnean, magistratuek ezin dute beren jatorrizko lurralde ezta bestelako herrialderik ordezkatu. Auzitegiko kideak magistratu independenteak dira eta haien lehen funtzioa entzunaldi publiko batean beren zereginak modu inpartzial batean burutuko dutela zin egitea da. Auzitegiko kideek ezin dute bestelako lanposturik, funtzio politiko zein administratiborik bete, ezta aholkularitza juridikorik eskaini magistratu diren bitartean.


Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nazioarteko Justizia Auzitegiaren sarrera.


Auzitegiak bi funtzio betetzen ditu: alde batetik, estatuen arteko gatazka juridikoak konpontzea (auzi-prozedura), eta bestalde Nazio Batuen organo edo agentziek aurkeztutako arazo juridikoei buruzko aholkuak igortzea (aholku-prozedura).[4]

Auzi prozedura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Estatuak dira auzi-prozeduran parte har dezaketen bakarrak, hots Nazio Batuen estatu kideak eta Estatutuen parte diren beste estatuak edo jurisdikzioa onartu dutenak.

Estatuek ez dituzte ordezkari iraunkorrak izango. Estatuaren Kanpoko Arazoetako Ministroak edota estatu horrek Herbeheretan duen enbaxadoreak, auzitegiko idazkariari zuzenduko dizkio komunikazioak. Estatuak, auzitegiaren aurrean, alde diren bakoitzean agente baten ordezkaritza izango dute. Agente hauek abokatuen lan bera beteko dute eta eskubide berdinak izango dituzte. Hala ere, kasu honetan nazioarteko harremanak direnez, agenteak ordezkaritza diplomatiko berezi batean egongo balitz bezala jardungo du eta, horrez gain, estatu subirano bat konprometitzeko eskumena izango du. Idazkariak kasuari buruzko komunikatuak aginduko dizkio eta era berean, idazki guztiak sinatuta edo beharrezko ziurtagiriekin bidaliko dizkio. Entzunaldi publikoetan, agenteak gobernuaren izenean aurkeztuko ditu arrazoibideak. Orokorrean, gobernuak egin behar dituen eginbide formal guztiak egiteaz arduratuko da agentea. Agente honek, ko-agente edo agente ordeen laguntza jasotzen du. Dena dela, beti jaso dezake abokatu edo aholkularien laguntza alegazioak eta hauen azalpena prestatzeko. Ez dago inolako baimen berezirik abokatuek Nazioarteko Justizia Auzitegietako prozesuetan parte hartu dezaten, hauek ez dute inolako baldintzarik bete behar. Eskatzen zaien gauza bakarra da gobernu batek izendatzea.

Prozedurak bi eratara has daitezke:[5]

        -           Hitzarmen berezi bat jakinaraziz: aldebiko izaera duen dokumentua edozein aldek aurkeztu ahal izango dio auzitegiari. Akordio bereiziak adieraziko du zein den eta zeintzuk diren aldeak. Ez da estatu “demandatzailerik” ezta “demandaturik” izango, baizik eta bi estatuen izenak dokumentuaren izen ofizialaren azpian agertuko dira marra batekin bananduta. Esate baterako: Benin/Niger.

        -           Eskaera bidez: izaera aldebakarrekoa da eskaera; beraz, estatu demandatzaileak aurkeztuko dio estatu demandatuari. Auzitegiko Erregelamenduak betekizun zorrotzagoak xedatzen ditu eskaeraren edukirako. Estatuak azaldu behar du, ahal den neurrian, prozedura hori auzitegiaren jurisdikzioaren barruan dagoen. Horrez gain, alegazioak egitate eta arrazoietan oinarritu beharko ditu. Ingelesezko bertsioan, titulu ofizialaren azpian agertuko dira alde bien izenak “v” batez banatuta (latinez versus). Esate baterako: Nikaragua v. Txile.

Auzi prozedurek fase idatzi bat dute, non aldeek alegatuak aurkeztu eta eskualdatzen dituzten. Bertan, egitateak zehaztasunez azaltzen dituzte eta beren zuzenbidezko oinarriak azaltzen dituzte. Ahozko fasean, agenteak eta aholkulariak auzitegira zuzentzen dira entzunaldi publiko batean. Alegatu idatziak ez dira prentsaren eskuetan jarriko eta ez dira publiko egingo ahozko fasea zabaldu arte, betiere aldeek ez badute aurkako argudiorik aurkezten.

Behin ahozko fasea bukatuta, auzitegiko kideek biltzen dira eztabaidatzeko, ondoren epaia emango dute publikoki. Epaia behin betikoa da, loteslea alde bientzako eta apelaezina. Asko jota, interpretaziorako edo berrikusketarako xede izan daiteke. Epaile batek egin nahiko balu, epaian iritzia erantsi beharko luke.

Gutuna sinatzerakoan, Nazioa Batuen Estatu Kideak auzitegiko erabakiak betetzera konprometitu dira. Estatu batek adierazten badu beste parteak ez duela auzitegiak emandako epaia bete, orduan Segurtasun Kontseiluaren aurrean aurkeztu ahal da kasua.

Orain arteko azalpena prozedura normalaren ingurukoa izan da. Hala ere, ohikoena da aurretiazko salbuespenak aurkeztea auzitegiak epaia ematea ekiditeko. Adibidez, estatu demandatuak adieraz dezake Auzitegiak ez daukala jurisdikziorik epaia emateko. Kasu hauetan Auzitegiak erabakitzen du. Estatutuak ere aurreikusten  ditu zenbait kasu, non estatu demandatua ez den auzitegiaren aurrean agertzen. Baina alde bat epaian ez bertaratzeak ez du prozesua gelditzen. Hala ere, kasu hauetan auzitegiak ziurtatu beharko du eskumena duela gai horren gain epaia emateko.

Auzitegiak bere funtzioak beteko ditu, baina, alderdiek hala eskatzen badute, ad hoc ganberak ere eratu ahal izango ditu kasu zehatzak aztertzeko. Estatutuak zehazten duen bezala Auzitegiak urtero hautatuko du Prozedura-Laburpen Ganbera

Auzitegiak aplika ditzakeen zuzenbide iturriak hauek dira: indarrean dauden nazioarteko itunak eta hitzarmenak; nazioarteko ohitura zuzenbidea; zuzenbidearen printzipio orokorrak; baita lehiaketa handiagoko iragarleen erabaki judizialak eta doktrina ere. Horrez gain, aldeak ados jartzen badira, Auzitegiak gai bat exequo et bono erabaki dezake, adibidez, indarrean dagoen legeriaren inguruko araudira mugatu gabe.

Prozedura bat amaitzen da edozein fasetan, betiere, alderdien adostasuna badago edota aldeek uko egin diotelako. Azken kasu horretan, estatu demandatzaileak Auzitegiari jakinaraz diezaioke ez duela prozesuarekin jarraitu nahi, edo bi aldeek kasua kentzea erabaki dutela deklara dezakete. Kasu horretan, Auzitegiak zerrendatik kenduko ditu

Aholku prozedura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Auzitegiaren aholku prozedura Nazio Batuen sistemako bost organo eta hamasei agentzientzako irekita dago soilik.

Batzar Nagusiak eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak aholkuak eska ditzakete edozein auzi juridikoren inguruan. Nazio Batuetako beste organismo edo agentzia batzuek aholkuak eska ditzakete , betiere aholkuak eskatzeko baimena jaso badute eta soilik egin dezakete beren jardueren esparruan sortzen diren zuzenbideko gaiei dagokienez.

Iritzi aholku eskaera jasotzen duenean, eta gertaeren ezagutza osoa oinarritzat hartuta, Auzitegiak idatzizko eta ahozko izapideak egin ditzake. Teorian, Auzitegiak ezingo ditu prozedura horiek erabili, baina ez ditu inoiz erabat banatu. Eskaera aurkeztu eta egun batzuetara, auzitegiak gaiari buruzko informazioa eman dezaketen estatuen eta nazioarteko erakundeen zerrenda prestatuko du.

Estatu hauek ez daude auzi-prozeduren alderdien egoera berean: Auzitegiaren aurrean dituzten ordezkariak ez dira  agente deitzen eta prozedura aholku-emailean parte hartzeak ez du auzitegiaren iritzia lotesle bihurtzen haientzako.

Orokorrean, zerrendan agertzen diren estatuak normalean iritzia eskatzen duten erakundearen estatuak dira. Estatuek parte hartzea eska dezakete auzitegiak ez baditu kontsultatzen.

Hala ere, ez da  ohikoena Nazioarteko Justizia Auzitegiak baimentzea iritzia eskatu ez duten nazioarteko erakundeek aholkularitza prozeduretan parte hartzea. Nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeei dagokienez, Nazioarteko Justizia Auzitegiak informazioa emateko baimena eman zion behin eta erakundeak ez egitea erabaki zuen (Hego Mendebaldeko Afrikako Nazioarteko Egoera Juridikoa). Auzitegiak baztertu egin ditu erakunde pribatuek egindako eskaera guztiak.

Idatzizko prozedurek iraupen laburragoa dute, baina estatuen arteko auzi judizialetan bezain malguak dira. Parte-hartzaileek idatzizko adierazpenak bidal ditzakete, batzuetan beste parte-hartzaileek idatzitako oharrak jasotzen dituztenak. Iruzkin eta adierazpen hauek isilpeko izaera dute, nahiz eta normalean ahozko prozedurak hasten direnean publiko egiten diren. Hortaz, askotan estatuak audientzia publikoetan ahozko adierazpenak egitera gonbidatzen dituzte.

Aholku prozedura amaitzen da audientzia publikoan irizpena aurkezten denean. Irizpen hauek izaeraz aholku-emaileak dira. Hots, ez dira lotesleak auzitegiko epaiekin gertatzen den bezala. Aholkua eskatu duen organoak askatasuna izango du aholku hori betearazteko edo ez. Hala ere, araudiak aldez aurretik jakinaraz dezake Auzitegiaren aholkua loteslea izan daitekeela (adibidez, Nazio Batuen pribilegioei eta immunitateei buruzko konbentzioak).

Hala ere, Auzitegiaren agintea eta ospea bere aholkuekin lotuta daude, eta, interesatutako organo edo organoak iritzi hori onartzen badu, erabakiak nazioarteko zuzenbidearen bidez onartua izango balitz bezala eragina izango du.


Etorkizuna[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egun auzitegiak lan karga handia du eta hori dela eta, hobekuntzak proposatzen hari dira arlo juridikoko hainbat sektoreetatik.[6]

Alde batetik, Estatu Kideen zenbakia hirukoiztu den arren, magistratu kopurua berdina izaten jarraitu du (15). Beraz, esan dezakegu honek ez duela bermatzen nazioarteko komunitatearen ordezkaritza. Horregatik, askok uste magistratu kopurua 20ra igotzea aldaketa egoki bat izango litzatekela. Honek lanean jarduteko moduan eragin zuzena izango luke eta batzuk argudiatzen dute, praktikan, auzitegiaren kalterako izango zela aldaketa.

Bestetik, auzitegiaren ahalmenak handitzearen beharra adierazi dute zenbait adituk. 1945eko Estatutuaren arabera Estatutu Kideek bakarrik aurkeztu dezakete eztabaida bat auzi-prozedura baten eta soilik, Nazio Batuen organoak eta haien organoak parte hartu dezakete aholku prozedura baten. Hala ere, gaur egun, estatuak ez dira nazioarteko panoraman protagonista bakarrak. Hori dela eta, Nazioa Batuen Idazkari Orokorrak proposatu du bere organoari aholku prozeduretan parte hartzeko baimena ematea, Nazio Batuen organo nagusien artean hau delako auzitegiari iritziak eskatu ezin dizkion bakarrak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Departamento de Información Pública, Naciones Unidas. Preguntas y respuestas acerca del principal órgano judial de las Naciones Unidas. , 1-11 or. ISBN ISBN 92-1-300181-9..
  2. (Gaztelaniaz) «Corte Internacional de Justicia» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  3. (Gaztelaniaz) «Estatuto de la Corte Internacional de Justicia» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  4. (Gaztelaniaz) «Corte Internacional de Justicia» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  5. (Gaztelaniaz) «Estatuto de la Corte Internacional de Justicia» www.un.org (Noiz kontsultatua: 2020-04-08).
  6. Departamento de Información Pública, Naciones Unidas. (2000). Preguntas y respuestas a cerca del principal órgano judicial de las Naciones Unidas. , 65-69 or. ISBN ISBN 92-1-300181-9..