Beningo Erresuma

Wikipedia, Entziklopedia askea
Beningo Erresuma
1180 – 1897
Monarkia
Beningo Erresuma bandera
Beningo Erresuma 1625ean
Geografia
HiriburuaEdo (egun Benin City)
Azalera90.000 km²
Kultura
Hizkuntza(k)edoera, jorubera, izọnera
Historia
Aurrekoa
Igodomigodo
Ondorengoa
Hego Nigeriako protektoratua

Beningo Erresuma, Edo Erresuma ere deitua, mendebaldeko Afrikako antzinako erresuma izan zen, 1180-1897 bitartean Gineako Golkoan hedatu zena, gaur egungo Nigeriaren hego-mendebaldean. Edo zuen hiriburu, egungo Benin City. Herrialde aberatsa izan zen, batez ere boli, piperbeltz, palma olio eta esklabuen trafikoari esker. Brontzezko eta bolizko irudiek eta behe-erliebeek ere famatu zuten Beningo Erresuma. 1897an, britaniarrek menderatu zuten.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Esklabo-tratua izan zen Beningo Erresumako diru-iturri nagusietarikoa.

Ahozko kondairen arabera, Beningo Erresumaren sorrera joruba herriarekin loturik dago. XII. mendean, Edo oihanez estalirik zegoen. Bertako biztanleak, edo etniakoak, sakabanaturik bizi ziren, elkarrekin etsaiturik zeuden talde txikitan. Ahozko tradizioaren arabera, buruzagiek (Uzama) mezulari bat bidali zuten Ifera, joruben hiri sakratura, bakea ekarriko zuen jainkozko agintari baten bila. Jainkozko agintariak (Ooni) bere semea, Oranmiyan, igorri zuen Edora. Bertan denbora gutxi egon zen arren, Oramyanek seme bat izan zuen bertako buruzagi baten alabarekin: Eweka. Eweka hartzen da Beningo lehenbiziko errege edo obatzat.[1] Historialari batzuek beste modu batez interpretatu dute kondaira hau: Benin kanpotarren mende zegoen eta Ewekaren historiaren bidez bertakotasuna eman zioten erresumaren sorrerari. Erreinua inoiz ez zen oso handia izan. Hasieran hiri-estatu bat besterik ez zen, hau da, hiria eta haren ingurua.

1484an lehorreratu ziren lehenbiziko europarrak, Joao Affonso d'Aveiro buru zuten portugaldarrak zehazki, Gineako golkoan; harrezkero, bi herriek harreman estua izan zuten. XVI. mendetik aurrera, esklaboen salerosketa-gune garrantzitsuenetakoa bihurtu zen Edo. XVII. mendean izan zuen Beningo Erresumak urrezko garaia. Haren ekialdeko muga Niger ibaia zen, eta hegoaldekoa Ozeano Atlantikoa; iparraldean sabanak egiten zuen muga, eta mendebaldean, aldiz, joruben erresumek.[2] Garaiko herbehereetar iturrien arabera, Beningo Erresumaren armadak 20.000 kide zituen, eta behar izanez gero 80.000-100.000 gizon mobilizatzen ahal zituen.[3][1] Gerrarako nahiago zituzten mandoak zaldiak baino, erresistentzia handiagoa zutelako.[4]

XIX. mendearen amaieran, britainiarrek mendean hartu zuten erresuma.

Beningo obak edo erregeak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Neskako baten brontzezko irudia.
  1. Eweka I.a (1180 inguru - 1245)
  2. Uwuakhuahen (1246 - 1250)
  3. Ehenmihen (1250 - 1260)
  4. Ewedo (1260 - 1274)
  5. Oguola (1274 - 1287)
  6. Edoni (1287 - 1292)
  7. Udagbedo (1292 - 1329)
  8. Ohen (1329 - 1366)
  9. Egbeka (1366 - 1397)
  10. Orobiru (1397 - 1434)
  11. Uwaifiokun (1434 - 1440)
  12. Ewuare Handia (1440 - 1473)
  13. Ezoti (1473 - 1475)
  14. Olua (1475 - 1480)
  15. Ozolua Konkistatzailea (1480 - 1504)
  16. Esigie (1504 - 1547)
  17. Orhogbua (1547 - 1580)
  18. Ehengbuda (1580 - 1602)
  19. Ohuan (1602 - 1656)
  20. Ohenzae (1656 - 1661)
  21. Akenzae (1661 - 1669)
  22. Akengboi (1669 - 1675)
  23. Akenkbaye (1675 - 1684)
  24. Akengbedo (1684 - 1689)
  25. Oreoghene (1689 - 1701)
  26. Ewuakpe (1701 - 1712)
  27. Ozuere (1712 - 1713)
  28. Akenzua I.a (1713 - 1740)
  29. Eresoyen (1740 - 1750)
  30. Akengbuda (1750 - 1804)
  31. Obanosa (1804 - 1816)
  32. Ogbebo (1816)
  33. Osemwende (1816 - 1848)
  34. Adolo (1848 - 1888)
  35. Ovonramwen (1888 - 1897) (Britaniarrek boteretik kendu eta erbesteratu behar izan zuen)

Artea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sakontzeko, irakurri: «Beningo brontzeak»
Boli, burdin eta kobrezko maskara, XVI. mendea.
Brontzezko erliebea, XVI-XVII. mendea.

Beningo Erresuma izan zen arte eskultorikoa gehien landu zuen Afrikako erresuma. Normalean erregeen enkarguak ziren eta mota askotako materialak erabiltzen zituzten: brontzea, burdina, bolia, zeramika eta egurra. Afrikako arte figuratiboa Beningo Erresuman aurkitu zuen bere babes nagusia, zeren eta Islamak arte mota hau debekatu egiten baitzuen, eta izakien irudiak egiteko debekua, poliki-poliki, Afrika beltzean zabalduz joan zen. Beningo Erresuman, ordea, estatuak, maskarak eta jainkoen irudiak egiten ziren, eta baita musika-tresnak eta beste mota askotako objektuak. Gorde diren piezarik zaharrenak XV. mendeko maskara batzuk dira, erlijio zeremonietan eta monarkiaren ekintzetan erabiltzen zirenak. Arteak funtzio erlijioso eta politikoa zuen, erregearen botereak jainkotar jatorria baitzuen.[2]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Green, Toby. The Kingdom of Benin, c.1500-c.1750. African Kingdoms: A Guide to the Kingdoms of Songhay, Kongo, Benin, Oyo and Dahomey c.1400 – c.1800, ocr.org.uk (Noiz kontsultatua: 2020-1-10).
  2. a b Reino de Benín. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2020-1-11).
  3. Barnes, Sandra T. (1997). Africa's Ogun: Old World and New. Indiana University Press, 44.or. ISBN 978-0-25321-083-8.
  4. Ling Roth, Henry Great Benin: Its Customs, Art and Horrors, Londres, Taylor & Francis

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]