Niger

Wikipedia(e)tik
Hona jo: nabigazioa, Bilatu
Nigerko Errepublika
République du Niger
Bandera Armarria
Goiburua: Fraternité, Travail, Progrès
(Elkartasuna, Lana, Aurrerapena)
Ereserkia: La Nigérienne
Hiriburua
eta hiri handiena
Niamei
Hizkuntza ofiziala(k) frantsesa
Herritarra nigertar[1]
Gobernua Junta militarra
 -  Presidentea Mahamadou Issoufou
 -  Lehen ministroa Brigi Rafini
Independentzia
Azalera
 -  Guztira 1,267,000 km2 (22)
 -  Ura (%) 0,02
Biztanleria
 -  2005 zenbatespena 13.957.000 (64)
 -  Dentsitatea 12,1bizt./km2 (216)
Dirua CFA Frankoa (XOF)
Ordu-eremua WAT (UTC+1)
Aurrezenbakia 227
Internet domeinua ne

Niger[1] (niʒɛʁ ahoskatua), ofizialki Nigerko Errepublika (frantsesez: République du Niger), mendebaldeko Afrikan kokatuta dagoen barrualdeko herrialdea da, kontinente hartako zati haren estaturik handiena dena.

1999an Bosgarren Errepublika hasi zen, eta ordutik hona hauteskundeen bidez gobernuak eratzen dituzte, modu demokratikoan.

Niamei hiriburua da, hiri afrikarrik txiroenen artean dagoena. Erlijioari dagokionez, nigertar gehien-gehienak musulmanak dira.

Nigerko mapa.

Mugakideak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar-mendebaldean [Aljeria], iparraldean Libia, ekialdean Txad, hegoaldean Nigeria eta Benin eta mendebaldean Burkina Faso eta Mali mugakide ditu.

Inguru naturala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bilmako dunak Nigerren.

Afrikako hirugarren ibairik luzeena den Niger ibaiak herrialdeari izena ematen dio, nahiz eta haren ibilbidearen tarterik luzeenak Malin eta Nigerian egiten dituen.

Bestela, herrialdearen %80a inguruan Saharako basamortuak hartzen du, eta punturik altuena Mont Idoukal-n-Taghès (2.022 m) mendia da, Aïr-eko mendigunekoa.

Hegoaldetik (200 m) iparraldera (1.000 m) garaieran handituz doazen goi-ordoki zabalek osatzen dute Nigerreko lurraldea. Basamortua da gehiena (Ténéréko basamortua). Erdialdean sumendi jatorriko Aïr mendiak daude (Greboun mendia, 1.944 m), Aljeriako Ahaggar mendien adarra. Ipar-ekialdean berriz goi-ordoki sail bat nabarmentzen da, Aljeriako Ahaggar mendien eta Txad-eko Tibesti mendien arteko zubia eratzen duena. Hego-mendebalean Nigerreko harana dago, Niger ibaiak 500 bat km-tan zeharkatua, herrialdeko lur emankorrenak dituena. Herrialdearen hego-ekialdeak Txad aintzirarekin mugatzen du.

Klima eta landaredia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nigerrek klima tropikal idorra du. Iparraldeak basamortukoa du, oso beroa eta idorra. Hegoaldean, berriz, urritik ekainera sasoi idorra eta uztailetik irailera euri sasoia izaten dira. Euri gehiena abuztuan izaten da. Tenperatura berotuz doa urtarriletik (30 °C) maiatza arte (38 °C); urtarrileko gauak oso hotzak izaten dira zenbaitetan. Hegoaldean 750 mm euri izan daitezke urtean. Landarediari dagokionez, basamortua ez den tokietan sabana da nagusi, kaoba, kapok eta baobab zuhaitzekin. Basamortuko oasietan datilondoak hazten dira.

Biztanleak eta gizartea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Nigerren bost etnia nagusi daude: hausak (biztanleriaren erdia baino gehiago) erdialdean eta hegoaldean bizi dira, iraupeneko nekazaritzatik, gehienbat; djermak, songhai hizkuntza erabiltzen dutenak, hego-mendebaldean; fulak eta tuaregak nomadak dira eta abere hazkuntzatik bizi dira; beriberi edo kanuriek, berriz, hego-ekialdean dute bizilekua, Txad aintziratik hurbil. Frantses deserritu batzuk ere bizi dira Nigerren.

Klima gogorreko lurralde zabala duenez, dentsitate txikiko biztanleria (8 biztanle eskas km2-ko) eta oso desberdin banatua du Nigerrek. Hegoaldean eta hego-mendebaldean bizi dira biztanleen % 90 baino gehiago, hain zuzen ere, soro-lur egokienak eta Nigeriarekiko merkataritza harreman gehien den eskualdean. Emakume bakoitzeko emankortasun tasa munduko handienetakoa da Nigerren: 7,24 haur emakumeko, eta horretxek eusten dio biztanleriari, sobera gazterik hiltzen baitira gehienak. Hala, gizonezkoen bizi itxaropena 42 urtekoa da eta emakumezkoena 41ekoa. Adin egiturari dagokionez, 0-14 urte bitartekoak biztanleen % 48 dira, 15-64 urte bitartekoak % 50, eta 65 urtez gorakoak % 2. Ekonomiaren egoera kaskarra dela eta, emigrazio tasa garrantzizkoa du Nigerrek: emigrante gehienek Boli Kosta aldera jotzen dute eta gutxiagok Nigeriara. Biztanleen lautik bat baino ez da bizi hirian.

Hizkuntza ofiziala frantsesa da, baina etnia bakoitzak berea du: hausa, songhai-a, fula, tamashek-a…; horietan zabalduena eta erabiliena hausa da, nigertarren % 85 inguruk ulertzen baitute; arabiera ere erabiltzen da. Hezkuntza doakoa eta nahitaezkoa da zazpitik hamabost urte bitartean, baina irakasle falta dela eta, haurren % 40 baino ez da joaten eskolara. Goi ikasketak Niameiko Unibertsitatean (1971) egiten dira.

Hiri nagusiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hiria Eskualdea Biztanleria
2001[2]
Kokapena[3]
Agadez Agadez 78.289 16° 58′ 26″ N, 7° 59′ 27″ E / 16.9738889°N,7.9908333°E / 16.9738889; 7.9908333
Arlit Agadez 69.435 18° 43′ 57″ N, 7° 22′ 05″ E / 18.7325°N,7.3680556°E / 18.7325; 7.3680556
Birni Nkonni Tahoua 44.663 13° 48′ N, 5° 15′ E / 13.8°N,5.25°E / 13.8; 5.25
Dogondoutchi Dosso 29.244 13° 38′ 46″ N, 4° 01′ 44″ E / 13.6461111°N,4.0288889°E / 13.6461111; 4.0288889
Dosso Dosso 43.561 13° 02′ 40″ N, 3° 11′ 41″ E / 13.0444444°N,3.1947222°E / 13.0444444; 3.1947222
Maradi Maradi 148.017 13° 29′ 30″ N, 7° 05′ 47″ E / 13.4916667°N,7.0963889°E / 13.4916667; 7.0963889
Niamei Hiriburu-barrutia 707.951 13° 31′ 00″ N, 2° 07′ 00″ E / 13.5166667°N,2.1166667°E / 13.5166667; 2.1166667
Tahoua Tahoua 73.002 14° 53′ 25″ N, 5° 16′ 04″ E / 14.8902778°N,5.2677778°E / 14.8902778; 5.2677778
Tessaoua Maradi 31.667 13° 45′ 12″ N, 7° 59′ 11″ E / 13.7533333°N,7.9863889°E / 13.7533333; 7.9863889
Zinder Zinder 170.575 13° 48′ 00″ N, 8° 59′ 00″ E / 13.8°N,8.9833333°E / 13.8; 8.9833333

Gobernua eta administrazioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Niger errepublika bat da, nahiz eta, azken hogeita bost urteotan, militarren diktadura aldiak luzeagoak izan diren demokrazia aldiak baino. Nolanahi ere, 1992ko abenduan erreferendum bidez onartutako konstituzioak demokrazia alderdi-anitza ezarri zuen. Errepublikako lehendakaria (estatuburua) bost urteko aldirako hautatzen da, berariazko hauteskundeetan (18 urtez gorako nigertar guztiek dute botoa emateko eskubidea), eta beste legealdi batean soilik egon daiteke kargu horretan. Legegintza aginpidea Nazio Biltzarrean datza. Nazio Biltzar edo parlamentuko 83 kideak ere sufragio unibertsalez hautatzen dira, bost urteko legealdirako. Lehendakariak hautatzen ditu Lehen Ministroa eta gobernua osatuko duten kideak, parlamentuan ordezkapen handiena lortu duen alderdi edo koaliziotik. Lehen Ministroa eta gobernua dira, berez, aginpide eragilea dutenak, baina, izatez, lehendakariak du aginte gorena.

Administrazioari dagokionez, Niamei da hiriburua eta administraziogune garrantzizkoena, baina beste zazpi departamentu ere badira: Agadez, Diffa, Dosso, Maradi, Tahoua, Tillaberi eta Zinder. Hona, ondoren, Nigerko alderdi politiko nagusiak: Demokrazia Berrazertzeko Independenteen Nazio Batasuna edo UNIRD; Demokraziarako eta Gizarte Aurrerakuntzarako Nigeriar Elkartasuna edo ANDPS; Abertzale, Demokrata eta Aurrerazaleen Batasuna edo UPDP; DARAJA; Demokraziarako eta Gizarte Aurrerakuntzarako Batasuna edo UDPS; PMT-Albarka; Garapenerako eta Panafrikanismorako Higikundea edo MDP.

Ekonomia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oztopo asko ditu Nigerrek benetako garapen bidean sartu ahal izateko, baina garrantzizkoenak, beharbada, baliabide natural urriak, kokapena (ez du itsasora irteerarik) eta lurraldearen agortasuna dira (parte handi bat basamortua da).

Iraupeneko nekazaritzak (lekaleak, fruituak, artatxikia, basartoa, tapioka, arroza…) biztanleriaren elikadura premia handienak asetzen ditu, idorte gogorren baten kasuan ez bada. Gobernuaren ahaleginak, azkenaldian, Niger ibaiaren haraneko soro ureztatuen kopurua zabaltzera zuzenduta daude. Kotoia bilakatu da esportaziorako nekazaritza produktu nagusia, pixkanaka-pixkanaka kakahuetearen tokia hartzen joan den eran, azken produktu honek, izan ere, geroz eta salmenta okerragoa baitzuen. Baina nekazaritza produktuak klimaren oso mendean daude. Hala, 1970eko hamarraldiko idorteak eragin ikaragarria izan zuen, eta kanpotiko laguntza handia behar izan zuten nigertarrek goseak hilko ez baziren. Abere hazkuntzak beti izan du garrantzi handia (ardiak, ahuntzak, behiak, dromedarioak, astoak, zaldiak, oiloak…). BPGren % 40 lehen sektoreari dagokio, eta biztanleria aktiboaren % 90 enplegatzen da nekazaritzan.

Itxaropen handiak jarri zituzten Nigerko agintariek Alrit-en aurkitutako uranio hobietan eta 1971n hasi ziren uranio meategiak ustiatzen, batez ere frantsesek eginiko inbertsioei esker. Hasieran, oso irteera ona izan zuen produktuak eta, 1980 aldera, atzerrira saldutako uraniotik lortzen zituen Nigerrek gobernuko aurrekontuak estaltzeko diru sarrera nagusiak. Hala, 1975etik 1985era bost aldiz biderkatu ziren estatuko aurrekontuak. Baina, bien bitartean, bai Frantzian eta bai mundu osoan, zentral nuklearren gainbehera hasita zegoen eta, beraz, uranio premiak txikiagotu egin ziren.

Gutxi garatutako eraldaketa industria du: porlana, adreiluak, jakiak, edariak, kimika ekoizkinak, hiltegiak, ehungintza… BPGren % 18 dagokio eta biztanleria aktiboaren % 6 baizik ez da enplegatzen bigarren sektorean, meatzaritza barne dela. Nigerko industriaren garapenak bi oztopo nagusi ditu: alde batetik, barne merkatu ahula, eta bestetik, Nigeriaren hurbiltasuna, auzo guztiak josita baitauzka azken herrialde honek bai Nigeriaren beraren ekoizkinez eta bai Asiaren hego-ekialdetik erositakoez.

Egia esan, Nigerko ekonomia osoa dago, uranioa alde bat utzita, Nigeriaren mende. Mugaren inguruan, izan ere, truke eta tratu dezente egiten da –Nigerrek jakiak eta etxe-abere haragia esportatzen ditu–, nahiz eta zenbakietan neurtzea oso zaila den. Eskualdeko merkataritza mugatzen duten bi faktoreak klima eta CFA frankoaren eta naira edo Nigeriako diruaren arteko truke-balioa dira. 1994an, CFA frankoak balioa galdu zuenean, asko garestitu zitzaizkion Nigerri kanpotik erosten zituen produktuak, baina, aldiz, esportazioak gehitzeko aukera izan zuen. Nolanahi ere, ezin jakin esportazio horiek zenbateraino iraungo duten, Nigerren produkzio ahalmena sobera mugatua baita. Merkataritza harreman gehienak Frantziarekin, Greziarekin, Kanadarekin, Boli Kostarekin eta Nigeriarekin ditu; lehengaiak, makinak, kontsumorako gaiak, laboreak, ibilgailuak eta petrolioa erosten ditu atzerritik, eta uranioa (esportazio guztien erdia), kotoia eta etxe-abere produktuak esportatzen ditu batez ere. Inportazioak esportazioak baino gehiago dira.

Idorteak eta uranio esportazioa gutxitzeak kalte handia egin diote Nigerko ekonomiari eta, bestalde, Nazioarteko Diru Funtsak inposatutako doikuntza politika onartu beste biderik ez du. Kanpo zorra, ikaragarria ez bada ere, pisu astuna gertatzen da Nigerko finantza publikoentzat eta osasunaren eta hezkuntzaren sektoreek nozitzen dute, gehienbat, estatuaren pobrezia egoera hori. Nigerrek 10.100 km errepide ditu, baina horietatik 798 baizik ez daude asfaltatuak. Ez dago burdinbiderik. Niamein nazioarteko aireportu bat dago.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hamani Diori presidentea eta Heinrich Lübke alemaniar presidentea 1969an.

XIX. mendearen bukaeran Europako estatu kolonizatzaileek beren artean banatu zuten Bornuko inperioa: Frantziaren mende geratu ziren Niger eta Txad, Britainia Handiaren mende Nigeria, eta Alemaniaren mendean, berriz, Kamerun. Hala, Niger Frantziaren kolonia izan zen lehendabizi (1922), itsasoz haraindiko lurralde gero (1946) eta Frantziako Komunitatearen errepublika ondoren (1958). 1960ko abuztuaren 31n erdietsi zuen burujabetasuna. Hamani Diori izan zen Nigerko errepublikako lehen lehendakaria; hark Frantziaren aldeko politika bultzatu zuen. 1974an Seyni Kountché koronelak estatu kolpe baten bitartez hartu zuen aginpidea. Erregimen militarrak 1960ko konstituzioa indargabetu, alderdi politiko guztiak debekatu eta Nazioaren Garapenerako Kontseilua ezarri zuen Legebiltzarraren ordez. Harrezkero lehendakariaren mendeko Kontseilu Militar Gorenak izan zituen legegintzako aginpidea eta aginpide eragilea. Hurrengo urteetan Kountchék haren aurkako estatu kolpeei aurre egin behar izan zien. Kountchéren helburu nagusiak nazioaren batasuna eta herriaren elkarganatzea lortzea izan ziren, eta 1977an preso politiko asko askatu zituen. 1978tik aurrera gobernuaren izaera militarra ahulduz joan zen eta zibilek goi kargu batzuk erdietsi zituzten. 1982an Nazioaren Garapenerako Kontseilua Nazio Biltzar bilakatu zen; gizarte maila guztietako 150 kidez osatua zegoen erakunde horrek konstituzio berri bat osatzea zuen helburu. 1987an Kountché hil zenean Ali Seibou buruzagi militarrak hartu zuen aginpidea, eta 1980an aske utzi zuten Diori lehendakari ohia. 1989an, erreferendum baten bidez, konstituzio berri bat eta Nazio Biltzarreko eta errepublikako lehendakaria bozketen bidez hautatzea onartu zen. 1991n, alderdi eta erakunde guztien arteko nazio biltzar batean, Seibou lehendakariaren aginpidea murriztea eta demokraziara bideratzeko gobernu bat izendatzea onartu zen. Hala, Amadou Cheffou izendatu zuten, hauteskundeak egin bitartean, gobernuko Lehen Ministro, eta André Salifou Errepublikako Kontseilu Gorenaren buru; Saibou jeneralari, berriz, ohorezko lehendakari kargua eman zitzaion. 1992an onartu zen, erreferendum bidez, konstituzio berria eta 1993ko martxoko hauteskundeak Mahamane Ousmanek irabazi zituen botoen % 19arekin, abstentzio tasa handia izan ondoren. Ousmanek hiru urteko su-etena sinatu zuen tuareg matxinatuekin (kontuan izan behar da beti izan direla liskarrak iparraldeko tuareg nomaden eta hegoaldeko herri nekazarien artean eta, 1990ean, gudarostearen zapalketa latz baten ondoren, tuaregak gobernuaren aurka altxa zirela), baina tuaregen arazoak eragin handia izango zuen lehendakari berriaren etorkizunean. Bestela ere krisi egoera gogorra bizi zuen Nigerrek, Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako neurrien eta CFA frankoaren balio galtzearen ondorioz bizitza asko garestitu baitzen. Ousmanek malgutasun gutxi erakutsi zuen eta 1994aren erdialdetik aurrera Nazio Biltzarraren bermea galduz joan zen. Nazio Biltzarra desegin ondorengo hauteskundeak (1995eko urtarrilean) oposizioak irabazi zituen, baina arazoak konpondu ordez, okerrera egin zuten. 1996ko urtarrilean, Ibrahim Baré Mainasara koronelak estatu kolpe bat jo zuen eta aginteaz jabetu zen, eta herritarrek ez zuten aparteko erreakziorik izan. Kapitalisten lehen erreakzioa aurkakoa izan zen, baina estatuburu berriak agindutako moderazioari esker, berehala lasaitu ziren. Baré-k, izan ere, normalizazio prozesu azkar bati ekin zion 1996 urtean zehar: konstituzio berria onartu, sistema alderdi anitzekoa ezarri eta salbuespen egoera altxatu zuen, maiatzean; uztailean, lehendakaritzarako hauteskundeak egin eta irabazi egin zituen botoen % 52arekin (% 66ko parte hartzea izan zen); abuztuan, oposizioko kideak jarri zituen gobernuan, eta azaroan legebiltzarrerako hauteskundeak egin ziren. Horrekin batera, tuaregekin harreman asko izan zituen eta lortu zuen artean matxinaturik zeuden hainbat talde 1995ean hasitako bake prozesura gehitzea. Hala ere, oposizioarekin zuen jarrerak –1997ko urtarrilean Ousmane, lehendakari ohia, atxiloarazi zuen, nahiz eta, presio diplomatikoak zirela-eta, berehala askatu zuen– zalantzak sortzen zituen erregimen berriaren irudi demokratikoari buruz. 1999ko apirilean, gudarostearen bermea galdu ondoren, bere guardia pertsonaleko kideek hil zuten Baré lehendakaria. Azken estatu kolpe horren ondoren, Nazio Biltzarra desegin zen, alderdi politikoen jarduerak debekatu ziren eta Berradiskidetze Nazionaleko Kontseilua jarri zen indarrean. Kontseilu horrek Daouda Mallam Wanké komandante gaztea (lehendakari ohiaren guardiako burua) izendatu zuen estatuburu. Urte horretan bertan onartu zen konstituzio berria eta hautatu zen Mamadou Tandja lehendakari; 2004ko hauteskundeetan Tandja bera irten zen garaile, eta Hama Amadou hautatu zuten Lehen Ministro eta Mahamanen Ousmane Batzar Nazionaleko lehendakari. 2007an Syne Oumarou Lehen Ministro izendatu zuten, parlamentuak zentsura mozioaren bitartez Amadou kargua uztera behartu ondoren. 2007-2008 bitartean Bigarren Tuareg Matxinada piztu zen Niger iparraldean.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo loturak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Niger Aldatu lotura Wikidatan