Legaireko parke megalitikoa

Wikipedia, Entziklopedia askea

Legaireko parke megalitikoa Araban, Entzia mendilerroan dago, Legaireko basoan Opakuako mendatetik gertu, ekialdera, altuera berean gutxi gorabehera.

Kokapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Entzia mendigunea Arabako ekialdean dago, Nafarroako Urbasa-Andiamendi natur parkearekin muga-mugan. Mendigune sonatu horrek paraje karstiko galanta osatzen duela eta, harresi gaindiezinaren itxura hartzen du edozein tokitatik ikusita ere. Paradoxikoa izan arren, bestelako naturagunea deskubrituko du bisitariak behin goi ordokira iritsita; izan ere, espero litekeen paisaia malkartsua bistaratu gabe, haran zintzilikatu berde eder bezain interesgarria ikusiko du Legaire inguruan.[1]

Legaireko zelaiak

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historiaurreko ehun bat megalito aurkitu dira Surbe (1137 m.), Atau (1183 m.) eta Mirutegi (1.167 m.) mendietako ekialdeko magalean dagoen Legaireko zelaian, Andoin eta Opakuaren parean, mendi-goian. Euskal Herriko megalito-kontzentrazio handienetako bat dago hor. Erdi Neolitotik aurrera eginak dira, duela 5.500 bat urte, nekazaritzan eta abeltzaintzan aritzen ziren gizarteek eraikiak.

Erliebe karstikoaz eta berdeguneaz gainera, historiaurreko monumentu megalitiko ugari daude ordoki zabalean. Hala egiaztatu zuten, bederen, Telesforo Aranzadi, Joxe Migel Barandiaran eta Enrique Eguren katedratiko adituek orain duela ehun bat urte. Urbasa eta Entzia mendiguneetan jo eta su aritu zen Euskal Herrian aski sonatua egin zen hirukote hori. Hirurak elkarlanean, lehen indusketa arkeologikoei ekin zieten XX. mendearen hasieran, Eusko Ikaskuntzak argitara eman zuen lanaren argitalpenean irakur daitekeenez.[1]

2018ko uztailaren 4an tornado batek parketik gertu zeuden 72 hektarea pagadi suntsitu zituen, baina parkean eragina ez zen handia.[2][3][4]

2018ko azaroan hiru erakundek elkarlanean hainbat megalito berriro zutundu eta kartelekin dokumentatu zituzten: Entzia eta Iturrietako Partzuergo Orokorra, Arabako Foru Aldundia eta Gondra Barandiaran Fundazioa.[5]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b Gil-Garcia, Josean. «Legaireko megalito parkea» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-01-21).
  2. Larretxea Agirre, Ainhoa. (2018ko uztailaren 6a). «Milaka pago bota ditu tornado batek Arabako Entzia mendilerroan» Berria (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  3. Maruri Bilbao, Ibai. (2018ko uztailaren 7a). «Tornado batek pagadi bat txikitu du Araban» Berria (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  4. «Tornado batek Legaireko basoa txikitu du» Alea 2018ko uztailaren 6a (Noiz kontsultatua: 2018ko uztailaren 7a).
  5. (Gaztelaniaz) Fundación Gondra Barandiarán. Parque Megalítico de Legaire. (Noiz kontsultatua: 2019-12-30).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]