Leonor Lopez Kordobakoa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Leonor Lopez Kordobakoa
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakLeonor López de Córdoba
JaiotzaCalatayud, 1360(e)ko hamarkada
Herrialdea Gaztelako Koroa
Lehen hizkuntzagaztelania
HeriotzaKordoba1430eko uztaila (60/70 urte)
Familia
AitaMartín López de Córdoba
AmaSancha Carrillo
Ezkontidea(k)Ruy Gutiérrez de Hinestrosa (en) Itzuli
Seme-alabak
Anai-arrebak
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakpolitikaria eta biografoa

Leonor Lopez Kordobakoa (1362an edo 1363an jaio zen Calatayuden eta 1430ean hil zen uztailaren 3 eta 11. egunen artean, Kordoban) Gaztelako noble bat izan zen. Politikari gisa nabarmendu zen, 1406 eta 1412 artean Katalina Lancasterrekoaren balidoa izan baitzen, erresumako erregeordetza betetzen ari zen aldian, hau da, bere seme Joan II.a Gaztelakoa ordezkatzen zuen bitartean.

Literaturan ezaguna da bere memoriak jasotzen dituen kontakizun bat idatzi zuelako, gaztelaniazko lehen autobiografia kontsideratzen dena[1].

Bizitza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leonor 1362. urtearen amaieran edo hurrengo urtearen hasieran jaio zen, ezin zehaztasunez jakin. 1369an, zazpi urte inguru zituenean, bere aita zen Martin Lopez Kordobakoak ezkontza-akordio bat egin zuen Ruy Gutierrez Hinestrosakoarekin, urte batzuk lehenago Petri I.a Gaztelakoa "Ankerra"-ren zerbitzari nagusia eta eskuineko besoa izan zenaren semearekin, alegia. Ezkontza hau petrismoaren kausari leial zitzaizkion bi familia lotzeko asmoz adostu zen.

Ezkontza bera urte batzuk geroago iritsi zen, Leonorrek horretarako adina izan zuenean. 1386. urteari buruzko lekukotza dokumental bat dago, eta bikotearen ezkontza noiz gertatu zen jakiteko aukera ematen du. Ruy Gutierrezek urte horretako azaroan emandako idazkia da, eta bertan aitortzen zuen biak Carmonan ezkondu zirela hamar edo hamabi urte lehenago, hau da, 1374-1376 inguruan, eta oraindik ere gatibu zeudela. Une horretatik aurrera eta Leonorrek bere eskuz idatzitako memoriei esker, Leonorrek eta bere familiako kide batzuek izandako gorabeherak xehetasun apur batekin ezagutzen dira[2].

Henrike II.a Gaztelerakoa, Henrike Trastamarakoa bezala ezagutzen dena, Gaztelako errege bilakatu zenean familien egoera pribilegiatua amaitu zen. Leonor eta bere senarra Sevillako Errege Ontzioletan espetxeratu zituzten eta bertan egon ziren 1379 arte. Azkenean, erregeak familia-ondasunen kondena eta enbargoa kendu zituen, eta Leonor Kordobara joan zen bere izeba Maria Garcia Carrillorekin batera. Han egon zen XIV. mendearen amaierara arte. 1400. urtearen lehen erdian hirian zabaldu zen izurritearen ondorioz, Santaella-ra joan behar izan zuen seme-alabekin batera, gaixotasuna saihesten saiatzeko[2].

Handik gutxira, berriro Kordobara itzuli eta familiaren babesa galdu ondoren, Leonor Gaztelako Katalina erreginaorde alargunaren balido bilakatu zen, bere seme Joan II.a adin txikikoa zen garaian. Leonorrek aparteko protagonismoa lortu zuen Gaztelako Gortean erreginaren aholkulari moduan. Bi emakumeen arteko harremana oso estua izan zen aldi horretan. Leonor Lopezek erreginaren hurbiltasuna eta haren estimua baliatu zituen bere eta bere familiaren interesen alde egiteko, bere leinuko kideek antzina izan zuten ondarea eta boterea berreskuratzen saiatuz[2].

Erreginaren gogokoena bihurtzen zuen harreman hau 1412an amaitu zen bortizki, Leonorren lagun bat gortera iritsi zenean. Ines de Torres izeneko lagun honek, erreginaren eta Leonorren arteko harremana ahuldu zuen, honen lekua hartzea lortuz. Katalinaren aginduz gortetik kanporatua izan zen, itzultzen bazen sutan erreko zutela mehatxu eginez. Leonor Kordobara itzuli zen, eta han bizi izan zen hil zen arte, 1430eko udan, uztailaren 3tik 11ra bitartean. 1428an egindako testamentuan, bere gorpua bere etxeko gela batean gera zedin eskatzen zuen, inork ikus ez zezan, eta gauean zehar Kordobako San Pauloren elizara eraman zezaten, ehorzketa gisa aukeratutako lekura. 1409. urtean Leonorrek monasterioan kapera bat eraiki zuen, bere leinuko kide guztien hilobi izateko[3].

Seme-alabak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ondorengotzari dagokionez, Ruy Gutierrez Hinestrosakoarekin ezkondu ondoren, gutxienez lau seme-alaba izan zituzten. Zaharrena, Juan Fernandez Hinestrosakoa, 1388 inguruan jaio zen. Aguilarren hil zen XIV. mendearen amaierako izurriak jota, hamabi urte eta lau hilabete zituela. Ez dakigu ezkontzako beste hiru haurren jaiotza-ordena, baina litekeena da guztiak XIV. mendearen amaieran jaioak izatea, izan ere, mende amaieran adin txikiko haurrak zirela baitakigu. Horietako bat, Gutierrez Ruiz Hinestrosakoa, 1428an hil zen, Leonor Lopez Kordobakoak bere azken borondatea eman zuenean. Beste bi semeak, Martin Lopez Hinestrosakoa eta Leonor Hinestrosakoa, hobeto dokumentatuta daude erabili ahal izan diren iturrietan[3].

Politika[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leonor Lopez Kordobakoa Koroaren zerbitzuan aritutako senideetako bat izan zen. Bere subiranoaren lagun eta isilmandatari bihurtu zen, eta gainera, zerbitzu garrantzitsuak eskaini zizkion. Leonorrek emakumeentzat ohikoa ez zen garai batean protagonismo politikoa izan zuen eta garaiko kronikalarien arreta piztu zuen[4].

Behe Erdi Aroan balidoek leku esanguratsua hartu zuten eremu politikoan. Errege-erreginak balidoen gomendioei eta iruzkinei geroz eta arreta gehiago jartzen hasi ziren. Katalina Lacansterrekoaren erregealdian Leonor Lopez Kordobakoak paper politiko garrantzitsua bete zuen 1406 eta 1412 urteen artean. Erreginarengan eragin handia izan zuela esaten da. Garaiko kronistek, hainbat alditan dama honen jardun politikoa modu negatiboan baloratu zuten[4].

Katalina Lancansterrekoaren parte hartzea Gaztelako bizitza politikoan txikia izan zen bere senarra, Henrike III.a Gaztelakoa bizi izan zen urteetan. Azken honen heriotzaren ondoren, erregina lehen maila politikoan kokatu zen eta rol politiko aktiboagoa burutu zuen. Henrike III.aren testamentuan, tronuaren ondorengo izateko, bere semea Juan II.a, eta Aragoiko Fernando koinatua azaltzen ziren[4].

Erreginaren etapa berri honetan Leonor eremu politikoan sartu zen, Koroaren gortean. Katalina Lacansterrekoaren hautatua izatearen arrazoi bezala seinalatzen dute batzuk Leonorren sexua eta izaera. Erreginak Leonorrengan ama-figura bat ikusi zuela pentsatzen da, eta gainera, bere jatorri petrista eta hauekin zuen lotura ere modu positiboan baloratuko zuen[4].

Fernando infanteak ere Leonorrengana jo zuen burutu nahi zuen proiektuarentzat erreginaren onarpena lortzeko. Granadako gerrako gastuek gora egin zutenez Infanteak diru gehiago behar zuen gastuei aurre egiteko. Fernandok erreginari egindako eskakizun honen bitartekaria izan zen Leonor. Koroatik eratorritako diru sarrerak bermatzeko, Leonorrekin hitz egin zuen. Leonorrek erreginari ekimenaren arrazoi onak adierazi zizkion eta, ondorioz, Katalinak erregearen altxorreko florinak eman zizkion Infanteari. Idatziek diotenez, erreginaren onarpena ez zen proiektuaren garrantziagatik izan, baizik eta Leonorren eskakizuna izan zelako[4].

Hala ere, Fernando eta Katalina erreginaren laguntasun harremanak ez zuen denbora luzez iraun, elkarren artean tirabira aldiak izan ziren eta Leonor zipriztindu zuten. Desakordio aldi honetan, Katalinaren aholkularien gomendio txarren aurka egin zuen Fernandok, arazo askoren sortzaile zirela esanez. Honela, Fernandoren aholkulariek erreginaren eta bere artean zeuden aholkularien kanporaketa beharrezkoa zela adierazi zuten, konkordia lortu nahi baldin bazen. Gainera, Leonor Lopez Kordobakoa seinalatu zuten aholkulari kaltegarrien[4].

1412 an Leonor Gortetik aldendu zen Kontseilu errealaren ordenaren aginduz. Leonorrek ez zuen egoera hau guztiz onartu eta Fernando infanteari idatzi zion erreginarekin elkartzeko eskatuz bere ordez mintzatzeko eta honela, erreginarekin bueltatzeko baimena emateko. Fernando eta Leonorren arteko harremana gorabeheratsua izan bazen ere, honek erreginarekin elkartzea eta Gortera bueltan ekartzea onartu zuen. Baina erabaki honek Katalinaren haserrea eragin zuen eta Leonorren aurkako erreakzioa izan zuen. Leonor kanpoan izan zen denbora tartean, Katalinak balida berri bat zuen jada alboan, aurretik Leonorren eskutik sartu zen Ines de Torres izenekoa[4].

Literatura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leonor Lopez Kordobakoa Erdi Aroko emakumeen idazketaren ordezkari nagusietako bat da. Memoriak, bere laburtasunean, literatura espainiarreko lehen memoria autobiografia kontsideratzen da. Kontakizun hau Espainiako historia kulturalaren eta Erdi Aroko emakumeen errealitate konkretu baten adierazpena da. Testu hau Kordoban bizi zela eta jada 50 urterekin idatzi zuen. Bederatzi orriko narrazio labur eta selektibo bat da eta modu eskematikoan eta ez kronologikoan idatzita dago[5].

Hala ere, testu honen onarpena eta sarrera Erdi Aroko literatura Hispaniarretako manualetan ez da orokorra eta azkarra izan, literatur kategorietako garaiko irizpideetako baldintzak betetzen ez zituelako, besteak beste[5].

Memoriak testua eta mundu akademikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Alan Deyermondek, 70. hamarkadako korronte formalista eta estrukturalisten aldian, Memoriak lanaren izaera literarioa identifikatu zuen 1971an argitaratutako eskuliburuan Erdi Aroko literatura hispanikoaren kanonaren barruan sartuz. Ikerlari honek Leonorren estilo xumea luzaro praktikatutako trebetasun literariotik aldendutzat hartu zuen. Hainbat aditu hispaniarrengandik kritikak jaso zituen, baina klasifikazio hau akuilu izan zen dama honen eta haren obrari buruzko ikerketak areagotzeko, hala nola, 1977an irizpide filologiko modernoak erabilita Reinaldo Ayerbe-Chauxek burututako ikerketa[5].

Testu honen ezagutza Deyermonden aurretik, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasierako urteetan kokatzen da. Aditu batzuek idatzi hau argitara eman zuten hainbat artikulu eta ediziotan, egun gaindituta dauden tratamendu ikuspuntutik aztertuta. Horien guztien artean, Serrano eta Sanzen azterketa original eta zehatzak nabarmentzekoak dira, bai Autobiografia editatuetan, bai Apunteetan[5].

XX. mendean zehar Memoriak lanaren aipamena Literaturako manualetan gorabeheratsua izan da.  Liburu batzuetan ez da bere agerpenik eta beste batzuetan, berriz, Leonor Lopez Kordobakoaren aipamen txiki batzuk azaltzen dira. Memoriak obraren aipamena egiteaz arduratu zirenak, Nelken eta Menéndez Pidal izan ziren. Nelkenek "Leonor López de Cordobaren Testamentua" deituriko laburpen bat egin zuen eta Menendez Pidalek, Leonorren idazkiaren balio linguistikoa azpimarratu zuen, bere Krestomatian testuaren aukeraketa bat argitaratzerakoan[5].

Erdi Aroko literatura kanonean ez sartzearen arrazoiak askotarikoak izan daitezke. Horietako bat izan daiteke Leonorren emakume kondizioa eta bestetik, bere idatzia notario akta soil bezala sailkatzea. Kategoria hauetan sailkatzeak gatazkak ekarri ditu bere balio artistiko hipotetikoaren balorazioa egiterako orduan. Edozein kasutan, Deyermondek 1983an berriro ere berretsi zuen bere entsegu sortan, Memoriak obra, kanon literarioaren barnean dagoela. Handik hiru urtetara, Lopez Estradak lan batean adierazi zuen espainiar komunitate akademikoak atzean utzi zituela Leonorren lanarekin erlazionatutako aurreiritziak[5].

Memoriak testuaren ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Testua autobiografia bat izango litzateke, zeinetan emakume etsitu batek bere aberastasun eta estatusa errekuperatzeko ahaleginak kontatzen dituen[6][7].

Testu honen idazketak helburu ezberdinak zituen autorearentzat. Motibazio nagusia ariketa autorreflexibo moduko bat litzateke, arrazoi pertsonalak emanez bere izaera eta inguratzen duen munduarekin duen harremana esplikatu nahiko luke. Bestalde, Leonorren testua, gizonek kontrolatutako mundu batean emakumeen hitza aditzeko tresna literario bat bezala ere interpretatua da. Leonorrek, emakume sekularra izanik, emakumezkoen errekonozimendua bai eta praktika sozial berri batzuen balioztatzea erakusten du testuan. Honek, norbanakoari dagokioneko ideologia modernoaren Erdi Aroko aurrekari bat irudikatuko luke historialari batzuen ustean. Leonorrek, politikaren ezagutza praktiko handia zuen, eta ondorioz jabetzen zen idatziek zuten garrantziaz. Horretarako, Erdi Aroko idazkerako klixe ezberdinak eta estilo hagiografiko bat erabiliko zituen beste formula literario garaikide batzuen artean. Horrez gain, autorea, testu honen izaera lekuz kanpokoaz jabe dela antzeman daiteke, hau da, emakume batek idatzitako testua izateagatik[6][7].

Memoriak (garaikideak diren pareko testu autobiografiko asko bezala) esperientzia pertsonalak kontatuz, babes psikologikoa bilatzera bideratuta dagoen esperientzia literario bat izango litzateke. Leonorrek ez du soilik gizonezkoen boterea usurpatzeko idazten, alegia, honen existentzia eta emakumezko bezala, inplikatzen dituen sufrimendu, esperientzia eta arrakastak jasota uzten ahalegintzen da[6][7].

Diskurtso hagiografikoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erdi Aroko emakumeen testu autobiografikoek amankomun duten estilo literario erlijiozko baten hainbat elementu aurkitzen dira: Deboziozko formula erretoriko klasikoak, umiltasunaren topikoa, sumisiozko hitzarmenak eta barkamen ugari estilo edo talentu faltagatik. Emakume hauek gupida afektiboaren ideian oinarritzen dute euren izaera, erreforma Gregoriarraren doktrinetan oinarrituz hein handi batean. Ideia honek, Jesu Kristo zorigabekoen kide eta eredutzat hartzen du nahiz eta askotan santuen bizitza eta martirrak ere funtzio bera bete. Leonorren testua irakurrita, emakume irakatsia eta deboziozkoa zela ikus daiteke, erregularki mezara joaten zena. Testuko hainbat ataletan, martir zein santuen pasarteak bere bizipenekin bat egiten dute. Leonorrek martir figura hartzen du, bere biktima egoera azpimarratuz[6][7].

Diskurtso hagiografikoari lotuta aurkituko genukeen beste formula erretoriko bat Consolatio litzateke. Leonorrek testuan kontatzen duen bezala, behin kartzelatik aske geratzean Guadalajarako Ordenean errefuxiatu zen, non ziurrenik jasotako formakuntzari esker formula erretoriko hau trebatuko zuen. Kontsolazioaren eredutzat: Memoriak lanean Leonorrek patuak astindutako emakume bat irudikatzen du, sarritan desesperaziora heltzen dena bere etsaien jazarpen eta bekaizkeriarengatik. Aldiz, arrakasta lortzen duenean Ama Birjinaren errukimenari eskerrak ematen dizkio[6][7].

Estrategia diskurtsiboa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Memoriak testuan bere izaeraren alderdi on eta txarrak nahasita erakusten ditu. Lehenengo amorruak bereganatzen duen esperientzia bat azaltzen du, eta  jarraian, akzio errukior batekin kontrastatzen du. Akzio gupidatsu hauek, Ama Birjinaren agerraldi edo seinale baten ondorio bezala kontatzen ditu[7].

Leonorren narratiban, emozionaltasun maila altu bat ikusten da, erlijioarenganako eraspena esperientzia pertsonalekin nahasiz. Honela hizkuntza hagiografikoaren feminizazio moduko bat osatzen du. Emakumea izanik, testu autobiografiko honetan diskurtso hagiografiko bat erabiltzean, garaiko publikoaren errespetu eta onespena lor zezakeen[7].

Hitza botere instrumentua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leonorrek testua bideratzeko orduan egiten duen hitzen hautaketa eta erritmoa esanguratsua da. Testu labur batean beharrekoa ikusten duena soilik kontatzen du. Honek testua orden kronologikorik gabe uzten du, hutsune eta hizkera erritmoan aldaketa asko agertzen direlarik[7].

Testuan Leonorrez gain beste hainbat emakume ageri dira protagonista bezala. Emakume hauek, asimetria sozialean oinarritutako sistema batean duten menpekotasun egoera irudikatzen dute. Memoriak-en sistemak bere biziraupena mantentzeko, emakumeen arteko banaketa eta konfrontazioa bermatzeko duen beharra errebindikatzen da. Emakume hauek sistema honetan eremu txiki bat okupatzeko lehia etengabe batean egongo lirateke. Nahiz eta norgehiagoka ez izan soilik emakumeen ezaugarri bat, honek izaera propio bat du hauengan. Izaera honek sarritan traizioan aurkitzen du bere irudikapena. Testuan ikus daiteke hau Leonorrek neskame bat bere eskuekin hiltzen duenean. Leonorrek bere familiako emakumezkoen leinua xehetasun handiarekin azaltzen du, emakume boteretsuen artean eta oinordetza genetiko honen oinordeko bat bezala ezarriz bere burua[7].

Ama Birjina autoritatea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Leonor Ama Birjinaren irudiaz jabetzen da, testu osoan zehar hamar alditan aipatzera helduz. Testuan, Ama Birjina aipatzen denean bi arrazoi dira nagusi. Alde batetik, Leonor Ama Birjinari otoitz eta Ave Maria artean zuzentzen zaionean, bederatziurrenak eginez eta hitz ematen, gehienbat ondasun materialak lortzeko izaten da. Testuak dioenez, Ama Birjinak beti aditzen ditu bere erreguak eta eskatzen duen oro ematen dio[7].

Horrez gain, Leonorrek enfasi handia egiten du bere burua Ama Birjinarekin parekatzean. Erdi Aroan Ama Birjina emakume boteretsu eta errespetagarritzat hartzen zen, beraz honen bidez, Leonorrek bere hitza aintzat hartzea bilatuko luke. Garai hartan, kultura mendebaldarrean Ama Birjina emakume perfektuaren idealizazio bat izatera heldu zen, non ama maitagarri bat eta andregaia birjin bezala irudikatzen zen. Aipagarria da, Ebanjelioek hitz gutxi egiten dute honen bizitzaz, baina imaginario herrikoi eta teologikoak bere bizitzaren detaile ia guztiak asmatzera heldu zen. Honela Leonorrek afiliazio bikoitz bat lortuko luke Ama Birjinarekin, emakume bezala alde batetik, eta semea galdu duen ama minberatu bat bezala bestetik. Honek, emakumezkoen erresistentzia modelo berri bat sortzen du. Ama Birjina eredu bezala hautatzean, Leonorrek azkartasun eta estrategia politiko handiarekin orden patriarkaletik bereiztea lortuko luke. Honek autobiografia obran agertzen diren ekintzen eta bere subjektibitatearen sinesgarritasuna ekarriko luke garaikideen artean[7].

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Timoner, M. Mar Cortés. (2006-01-01). «El testimonio de dos damas medievales: Leonor López de Córdoba y Elena Quotanner» Arenal. Revista de HIstoria de las Mujeres (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Félix, Juan. (2012). Razones de una mujer. Memorias autobiográficas de Leonor López de Córdoba. El Almendro ISBN 9788480051804..
  3. a b Cabrera Sánchez, Margarita. (2005-06-30). «Los conversos de Córdoba en el siglo XV. La familia del jurado Martín Alfonso» Anuario de Estudios Medievales 35 (1): 185–232.  doi:10.3989/aem.2005.v35.i1.139. ISSN 1988-4230. (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  4. a b c d e f g Rábade Obradó, María del Pilar. (2011-12-19). «Leonor López de Córdoba y Beatriz de Bobadilla: dos consejeras para dos reinas» e-Spania (12)  doi:10.4000/e-spania.20705. ISSN 1951-6169. (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).
  5. a b c d e f (Gaztelaniaz) Perea, Óscar. (2011). Algunos documentos nuevos sobre Leonor López de Córdoba. .
  6. a b c d e Navas, Isabel. Las Memorias de Leonor López de Córdoba: de la historiografía a la literatura. .
  7. a b c d e f g h i j k (Gaztelaniaz) Valero-Costa, Pilar. (2002). «El poder de la palabra: la política de género en la autobiografía de doña Leonor López de Córdoba» Medievalia (34): 33–42.  doi:10.19130/medievalia.34.2002.128. ISSN 2448-8232. (Noiz kontsultatua: 2023-12-22).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]