Edukira joan

Luis Antonio Bolín

Wikipedia, Entziklopedia askea
Luis Antonio Bolín


Gorte frankistetako prokuradorea

1952ko maiatzaren 14a - 1953ko otsailaren 25a - Emilio Jiménez Millas (en) Itzuli
Hautetsia: Gorte Frankisten 4. Legegintzaldia

Gorte frankistetako prokuradorea

1946ko maiatzaren 12a - 1949ko apirilaren 6a
Hautetsia: Gorte Frankisten 2. Legegintzaldia

Gorte frankistetako prokuradorea

1943ko martxoaren 16a - 1946ko apirilaren 24a
Hautetsia: Gorte Frankisten 1. Legegintzaldia
Bizitza
JaiotzaMálaga, 1894
Herrialdea Espainia
HeriotzaMálaga, 1969 (74/75 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakkazetaria, sindikalista eta politikaria
Lantokia(k)Madril
Jasotako sariak
Bolínen lana Gernikako bonbardaketaren ardura errepublikanoei gainean botatzea izan zen.

Luis Antonio Bolín Bidwell (Málaga, 1894-ibidem, 1969ko irailaren 3a)[1] abokatu eta kazetari faxista espainiarra, frankismoan goi-postu desberdinetan egon zen. Gerra garaian Errepublikari irabazitako lurraldetan bidaia turistikoak antolatzeko ardura izan zuen, tartean Gernikan eta Euskal Herrian. 1952tik 1963ra, Espainiak Washingtonen zuen enbaxadako informazio-kontseilaria izan zen.

Garaiko goi burgesiako familian jaio zen. Bolín familiak atzerritar jatorria zuen eta Málagan ardoen esportazioarekin eta azukre-kanaberarekin negozioak egiten zituen. Espainiako II. Errepublikan, prentsa-agregatua izan zen Espainiak Londresen zuen enbaxadan, ABC egunkariko korrespontsala eta Nazioen Elkarteko idazkaritzako kidea. 1936ko uztailean, Bolinek paper garrantzitsua jokatu zuen Dragon Rapidearen alokairuan, 1936ko uztailaren 18an Francisco Franco jenerala Kanariar uharteetatik Tetuanera eraman baitzuen Casablanca bidez. Sari gisa, Legioko ohorezko kapitain izendatu zuten. Abioia ABCko zuzendaria zena Juan Ignacio Luca de Tenaren enkarguz kontratatu zuen, Juan de la Ciervarekin batera.[2]

1936ko estatu-kolpea gertatu eta egun gutxira, uztailaren 21ean, Francok Erromara bidali zuen, ABCko buru Juan Ignacio Luca de Tenarekin batera, Mussoliniren aldeko mezulari pertsonal gisa, babesa eskatzeko.[3] Espainiako Gerra Zibilean, Salamancako indar matxinatuen Prentsa eta Propaganda Bulegoari atxiki zioten, baita atzerriko korrespontsalekiko harremanez arduratzen zenari ere, 1937ko maiatzean kargua utzi zuen arte. Garai horretan Bolinek bere izaera faxista behin baino gehiagotan erakutsi zuen, kanpoko kazetarien lana oztopatuz eta kazetariak beraiek jazartzen.

Lehen Gobernu frankista eratu zenean, 1938ko urtarrilaren 30ean, Turismoko zuzendari nagusi izendatu zuten, eta hamabost urtez egon zen kargu horretan.[4] Gorteetako prokuradorea izan zen Espainiako Gorteen I. Legegintzaldian (1943-1946), Erakunde Sindikalen ordezkari gisa, Ostalaritza eta Similarren Sindikatu Nazionaleko buru izateagatik. 1953ko otsailaren 25ean, sindikatuko presidente izateari utzi zion, eta Emilio Jiménez Millasek ordezkatu zuen.

Gerra turismoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskal Herriaren ikuspuntutik hau izan zen Bolinek hartu zuen ardura arbuiagarriena, bereziki Gernikaren bonbardaketaren inguruko gezurrak auspotuz. Francoren gobernuak errelatoaren gerrari lehentasuna eman zion, batez ere bere sarraskiak eta Alemania naziaren eta Italia faxistaren indarren presentzia estaltzeko asmoz. Ildo horretan, gerra turismoa ere antolatu eta sustatu zuten 1938ko udan. Lehenengo ibilbidea Bilbotik igarotzen zen. Lusi Antonio Bolinek eratu zuen, Gernika gezurrez bonbardatu zuen gizona.[5]

1938ko ekainaren 13an Francoren Gobernuak dekretu ofiziala eman zuen Burgostik “Ruta de Guerra del Norte”, Iparraldeko Gerra Ibilbidea sortzeko, alegia. Bidaia zirkuitu hura, batez ere, atzerritarrentzat eratu nahi zuen Espainiako militar matxinatuen gobernuak. Turismo Zerbitzu Nazionalaren agindupean utzi zuen ibilbidea antolatzeko ardura, baina hura Barne Ministerioaren baitan zegoen orduan. Espainiako Liburutegi Nazionalean “Rutas de guerra organizadas por el capitán Luis Bolín por Bilbao y Burgos” izenburupean, 34 argazki ageri dira. 1938ko udan egin zituzten.[6] Turista multzoak ageri dira, autobusean, Bilbon, Larrabetzun, Gernikan, Donostian eta Burgosen.

Luis Antonio Bolin kapitainak antolatu omen zituen bidaia turistiko haiek. "Espainiako faxismoaren tour-operadoretzat jo dezakegu, gerra turismoko lehenengo zirkuituak sortzeaz gain, berak egin zituelako 1936ko uztailean Franco Kanarietatik Marokora eraman zuen hegazkina lortzeko lanak. Orduan ABC egunkariko kazetaria zen. Ondoren, Francok kapitain izendatu zuen eta haren gobernuaren prentsa arduradun bihurtu zen, harik eta, 1938tik aurrera, Turismo Zerbitzuko buru gisa saritu zuten arte. Prentsa arduradun izan zen sasoian, Gernikako gezur jarioaren gorengo asmatzailea izan zen Bolin jauna, ahalegin itzelak egin baitzituen “gorriek” erre zuteneko gezurra lau haizetara zabaltzeko".[7]

Doñanan oroigarria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Bolínen oroigarria Doñanan.

Gernikako sarraskia biktimei leporatu zien gizon horrek, frankismoaren krimenak ezkutatzeko zirkuitu turistikoak antolatu zituen eta kazetarien aurkako errepresio gogorra aurrera eraman zuen erregimeneko buruzagi hark, plaka bat dauka oroigarri Espainiako Doñanako parke nazionalean. Han berbarik berba irakurtzen denez, “bere bizitza Espainiari eskaini zion, eta bere ekintzak, bizi garen mundua hobetzeari”.[8]

  • España: los años vitales. Madril: Espasa-Calpe, 1967.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]