Antzuolako Alardea

Antzuolako Alardea Antzuolako (Gipuzkoa) jaietan egiten den alardea da, uztaileko hirugarren astebukaerako larunbat arratsaldean. Garai batean, baina, Mairuaren Alardea izenaz ere ezagutzen zen.
Alardea Anzuolako kultur eragileen elkarlanaren eta elkar ulertzearen emaitza da. Alardea kultur ondarerik garrantzitsuena denez, bai herriko udalak bai elkarteak berak hartu dute alardea antolatzeko eta herriko bizilagunen artean bultzatzeko ardura, baina baita Anzuolatik kanpo zabaltzekoa ere.[1]
Buruzagia, Mairua, fusilariak, desfilea, kanoiak, dantza, Iparragirreren bertsoak, musika, herriko bandera, tiroak … dena agertzen da uztailero, Antzuolan.
Antzuolako Alardeak balio historiko eta folkloriko handia duenez, izugarri aberasten du Euskal Herriko Kultura Ondarea. [2]
Alardea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alarde hitza arabiarra dugu jatorriz, eta erdal definiziora joz, armak ikuskatzea adierazi nahi du; izan ere, herritarrek osatzen zituzten indar edo tropak, eta berauen armamentuarekin ikustaldia izendatzeko erabiltzen zen. Alardeek Euskal Herrian duten esanahiaz hobeto jabetzeko lurraldeko antolamendu militarretik abiatu behar da. Euskal Herriak izan duen askatasunik esanguratsuenetako bat antolamendu militarrarena izan da. Antolakuntza militar horren oinarrian udal miliziak zeuden, eta, foru aginduari jarraituz, 18 urtetik 60ra bitarteko gizonezko guztiek armen zerbitzua bete behar zuten udal eraketaren aginduz. Beraz, milizia hauen barruan konpainiak osatzen ziren herriko jendearekin, buruzagi herriko alkatea zelarik. Ondorioz, armak aztertzeko, guda-gizonak zeintzuk ziren jakiteko eta trebatzeko, urtero, alardea egin behar zen herriko plazan. Baina, Euskal Herriak foru askatasuna galdu zuenean, 1876an hain zuzen, gure antolamendu militarra Espainiakoarekin parekatu zen, alardea egiteko arrazoia desagertuz. Hala ere, borroka historiko bat ospatzearen ezaugarri bertsua duten hainbat herritan, ospakizun horrekin batera alardea egiten jarraitu zuten, hala nola, Hondarribian, Irunen, Tolosan, Elorrion eta Antzuolan. Hala, gaur ezagutzen dugun alardea 1880tik aurrera ospatzen hasiko da, garain garaiko aldaketetara egokituz. Beraz, hasiera hartako muina mantentzen bada ere ("antzuolarren konpainia Baldejunkeran"), koreografia nahiz transmititu nahi diren mezuak aldatu dira belaunaldiz belaunaldi [3].
Baldejunkera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antzuolan ere, armen alardearekin batera, Nafarroako Salinas de Oro eta Muez udalerrien artean kokatuko litzatekeen Baldejunkera haraneko borrokaldia —Abd al-Rahman III.aren aurkakoa— gogorarazten da. Kronistek diotenez, gudu hura 920ko uztailaren 26an jazo zen, eta herri-ohiturak dionez Antzuolako konpainia batek parte hartu zuen.
Alardearen ezaugarrietatik, hauek dira azpimarragarrienak: musika, dantzak, armarria, bandera, kapitainaren diskurtsoa eta abesten diren bertsoak [4].
Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Musikak garrantzi eta protagonismo handia hartu du Antzuolako Alardearen antzespenean. Dirudienez, alardearen lehen musika-interpretazioak XX. mende hasierakoak dira. Bat baino doinu gehiago entzuteko gai izango gara ospakizunean zehar:
- Fusileroen martxa zaharra.
Orain artea Alarde ospakizunean, txistularien bitartez entzuten zen musikaren partiturak izen bat baino gehiago izan ditu. Nolanahi ere, Espainiako musika militarraren antologiaren barruan ezagunetakoa da. 1761eko “Marcha de Fusileros para pítanos y Tambores de Espinosa. Música de Ordenanza de Carlos III” bezala ezagutzen da martxa hori. Hala ere, gure artean beste bi izen hauekin ere ezagutzen da: “Marcha de los Infantes” edo “Marcha de Fusileros”[5].
Baina gaurko garaietara egokitze aldera, martxa hau aldatzea erabaki zen, eta 2025ean martxa berria du Antzuolako Alardeak.
- Alarderako martxa berria (2025).
Esana da herri baten kultura adierazpenak inoiz ez direla estatikoak eta aldaezinak izaten, garaian garaiko herritarren izaera eta borondatearekin batera joaten dira eboluzionatzen, berrizten eta aberasten, eta horregatik lortzen du herri batek bere kultura belaunaldiz belaunaldi transmititzea (gazteenei, batez ere) eta mendez mende iraunaraztea. Horra hor, 1980 eta 2009ko urteetan Alardeak izan zituen aldaketa nabarmenak.
Ildo honetatik, 2024ko urritik 2025eko urtarrilera bitartean, Antzuolako Alardearen antolakuntzaren bueltan elkartzen diren eragile ezberdinekin parte-hartze prozesu bat egin zen. Bertatik sortu zen 2025eko Alarde ospakizunean martxa berria estreinatzeko egitasmoa. Izan ere, Antzuolako Udalak, Alardearen elkarteak, Alboradak txistulari taldeak, Oinarin dantza taldeak eta hainbat herritarrek "Alardearen batzordea sendotzeko eta Alardearen martxaren aldaketaren inguruan jarduteko" egindako lan prozesu baten emaitza da martxa berria.
Bere sortzailea, Ion Gurutz Biteri dugu, musika arloan eskarmentua duen herritarra. Eta hala, 2025eko uztailaren 19an kaleratu zen Alardearen martxa berria.
- Mairu martxa.

Alfredo Gonzalez Chirlaque musikoak Mairu erregea azaltzen zen unerako mairuar martxa bat konposatu zuen. Desfilean, Mairu erregearen segizioari laguntzeko, Levanteko mairu eta kristauen desfileko mairuaren martxa tipiko bat aukeratu zen, Xabier el Coixo izenekoa hain zuzen ere. Mairuaren martxaren ezaugarririk nagusienak dira perkusioan tinbalak dituela eta erritmoa “obstinato” delakoa dela.
Melodia, berriz, dultzainek jartzen dute. Gure folklorean erabat integratuta dagoen instrumentua da eta Alardean ere sartuta dagoena. Dultzaina Txirimia, gaita… familiako instrumentua da. Jatorria ekialdean duen instrumentua izanik, arabiar musikarekin oso erraz identifikatzen da. Ezinbestean Nafarroarekin lotzen gaituen instrumentua ere bada.
- Segurako Alborada Biribilketa.
Antzuolako buruzagia Herriko Plazan bere tropekin formatuta sartzean hasten da benetako alardea, armak ikustatzeko unean.
Une horri berebiziko garrantzia eta formaltasuna emateko zentzu handiko musika pieza bat aukeratu zen: Segurako Alborada. Herriko txistulariek urteetan zehar askotan jo izan duten biribilketa izaki, antzuolarrentzat nostalgia sortzen duen pieza da.

- Antzuola Zortzikoa
Jose Ignazio Ansorena konposatzaileak duela urte batzuk Antzuolako txistu taldeari zortziko bat eskaini zion. Alardean zehar Iparragirreren bertsoen artean zortziko hau jotzen da, melodiatzat honek ere zortzikoa du.
Musika pieza hauek erabiltzen dira herriko nesken dantza taldeak alarderako egin den dantza propioa dantzatzeko.
- Alardearen kantua
Duela urte batzuk Bergarako Udal Bandako zuzendariak bandarako konposizio bat egin zuen, alardearen martxako melodiak eta Iparragirreren bertsoak batuz. Harrezkero, Bergarako bandak urtero Antzuolako jaietan eskaintzen duen kontzertuan jotzen da. Oso pieza ezagun bihurtu da eta ikus-entzuleek konposizioko zatirik erritmikoenak txaloak joz laguntzen dute.
Musika ezagun horri, hitzak gehitu zaizkio eta hala, alardearen azken edizioetan, abesbatzak eta alardea ikustera joandakoek kantatu egiten dituzte.
Alardearen bukaera eta agurra osatzen du kantu honek:
(1) Antzuolako auzoak
Basalde, Lizarraga
Irimoi biak eta
Galartza, Uzarraga
(2) Herrigune xarmanta
mendi, baserriak
ditugu inguru maite
ta ikusgarriak
(3) Ongi etorriak izan
beti gure herrira
kantuz ospa dezagun
guda bukaera
(4) Irten gaitezen denok
Herriko plazara
eskeintzen dizuegu
geure besarkada
(5) Irten gaitezen denok
Herriko plazara
kanta dezagun harro:
Antzuolarrak gara!
Trokeo dantzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antzuolako herriak, beste ohitura batzuen artean, dantza batzuk ere gorde ditu. Horiek ere gure herriko ondare bihurtu dira eta, aldi berean, ezberdintasun dezente dituzte beren antzeko Gipuzkoako dantzekin alderatuz gero [6].
Aipatutako dantzak hauek dira: Makila txikiak, Uztai edo Arku-dantza, Makila handiak eta Zinta-dantza. Lau dantzak bakar-bakarrik alardean dantzatzen dira. Beraz, antzuolako herriko bi ondarek egiten dute bat alardean: batetik, alardea; bestetik, trokeo dantzak.
Antzuolarren dantza zaletasuna aspalditik dator. 1845etik aurrera agertzen dira "Trokeo-dantzak” izenarekin ezagutzen ditugunak; hau da, Makila txikiak eta Makila handiak. 1878an, berriz, Trokeo-dantzak eta Zintak. Eta, azkenik, 1886an, aurrez aipatu ditugun hiru dantzak eta Uztai edo Arku-dantza. Beraz, gaur egun egiten diren lau dantzak.
Dantza horietan beste antzeko dantzetatik gehien bereizten dena Makila txiki dantza da. Bertan dantzatzen den “pausoa edo boastitzea“ ez dugu beste inongo “Makila Txiki”an ikusten. Makila Txikien doinua bera ere nahiko ezberdina da, nahiz eta zati batzuk antzekoak izan.

Uztai edo Arku-dantzan doinua berdina da, ostera, dantzatzeko modua oso ezberdina. Uztaiekin elkar jotzerakoan inoiz ez dute aurrez aurre jotzen. Era berean, oinak mugitzeko orduan, mugimendua guztiz ezberdina da. Makila Haundi dantza, ostera, Antzuolan oso sinplea da, aldaketa gutxikoa, azken konpasetan saltoka egiten bada ere. Eta azkenik, Zinta-dantza. Zintak lotu eta askatzea Gipuzkoakoaren ia berdina da. Hala ere, doinu aldetik baditu ezberdintasun batzuk. Izan ere, Zortzikoaren doinua ez dugu beste inon entzun, eta orain dela 80 bat urtetik hona zintak askatzerakoan Iriarena doinua erabiltzen da. Gainera, gaur egun beste inon ikusten ez dena eta Antzuolan beti ezagutu izan denez, orain ere egiten duguna zera da: zintak askatzearekin batera makilaren puntan dagoen kaiolatik bi uso zuri askatzen dira.
Trokeoko eta zintako dantza mistoez gain, Antzuolako Oinarin dantza taldeko kideek hasieran soilik emakumeek plazaratzen zuten dantza sortu zuten, Jose Inazio Ansorenak 1993an sortutako Antzuola zortzikoarekin batera, Iparragirreren bertsoak abesten ziren bitartean.
2016an, berriz, Oinarinek erabaki zuen emakume eta gizonezkoen dantzen bereizketa hautsi eta denek nahastuta dantza egitea. Ordutik aurrera, dantza guztiak mistoak dira, eta, beraz, eszenaratze inklusibo baten aurrean gaude, alarde folkloriko-kulturalen kultura eta ondarea aberasten laguntzen duena [7].
Armarria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1745ekoa da Antzuolako armarria eta Gipuzkoakotik hartu zituen goiko bi laurdenak: Ezkerraldean, errege koroatua, eta eskuman, Belateko hamabi kanoiak. Erregearen irudia, ordea, Gipuzkoakoaren desberdina da, tronoan egoteaz gain, lepotik urrezko kateaz kateatuta baitago.
Beheko aldean, ezker aldean, eremu berdearen gainean urrezko kaliza eta gainean zilarrezko ostia dago, eta albo bakoitzean, urrez nabarmendutako pinu berde bat.
Eskuma aldean, berriz, Mariaren izena koroatuta, dena urrezkoa eta albo bakoitzean zuhaitz txiki bat zilarrezko pitxerretan, eta armarriaren behe aldean, hiru ilargi erdi.
Antzuolako herritarrek Baldejunkerako batailan ustez parte hartu zuteneko kondairaren hasiera izan zen herriko armarriaren ziurtagiria, udal artxibo historikoan dagoena, eta, beraz, inolako oinarri historikorik ez duena[8].

Rosa Ayerberen ikerketen ondorioz, 2009ko uztailean, udalak gaiari buruzko kontsulta egin zion Eusko Ikaskuntzari. Kontsulten ondoren, 2011ko otsailean Antzuolako armarritik hamabi kanoiak kentzea erabaki zen, eta 2018ko uztailean hiribilduaren armarri ofizial berria onartzea, baina udaletxearen fatxadan dagoena errespetatuz. Izan ere, Rosa Ayerbe historian doktore eta Heraldikan adituak, Antzuolako armarriaz egindako ikerketan hauxe dio: "con todo lo observado creemos poder afirmar que, siendo el rey del escudo guipuzcoano el rey castellano Enrique IV, el rey encadenado que aparece en el escudo de Guipúzcoa de aquella época y que pasará después al escudo de Antzuola, es el rey aragonés, preso por los guipuzcoanos en una acción bélica que supuso la liberación del rey navarro… (porque era la creencia que circulaba en la Corte y se plasmó en los escudos que se dibujaban en ella). Ni rey navarro ni Alfonso VIII, ni emperador romano ni rey moro. Todo ello es invención y fantasía…".[9]
Bandera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alardean erabiltzen den bandera Antzuolako bandera ere bada 1997ko abenduaren 12tik. Dituen irudiak herriko armarriaren zati batzuena dira. Aldi berean armarriaren irudiak 1745eko Arma Zertifikazioarenak dira. Gaur egungo bandera 1863an egindako beste bandera batetik ateratako kopia da [10].
Diskurtsoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Herrian zehar armen ikustaldia egin ondoren, alardearen bigarren zatian, besteak beste, kapitainaren diskurtsoa dago. Valdejunquerako borrokaldia eta han antzuolar konpainia batek parte hartu zuela azpimarratzen da diskurtsoan zehar. Jatorrizko testuak aldaketa batzuk izan ditu gaur egungo egoerara hobeto egokitzeko asmoarekin baina zatirik handiena 1745eko arma-zertifikaziotik ateratakoa da.
Urteekin eboluzionatu duen jaia da alardearena. 1980ko hamarkadan lehenago gazteleraz egiten ziren hitzaldiak euskaratu egin ziren[11]. 2009tik, mairuaren eta bere segizioaren irudia duindu egin zen, eta, diskurtsoa leuntzeko, testuko hainbat hitz eta aipamen moldatu egin ziren, bi generoetara egokitu edota hizkuntza eta kultura aniztasuna islatzeko.[12]. Hala, azken ukitua 2011n egin zitzaion eta Antzuolako hizkerara moldatu zen.
Bertsoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Jose Maria Iparragirre urretxuar famatuak antzuolarrentzat 1878 inguruan idatzitako bertsoak ere kantatzen dira Plazan egiten den ekitaldian zehar. Oso kontuan hartzekoa da urte hori; izan ere, ordurako karlistada bukatuta zegoen eta nafarroak harremanak galdu zituen beste probintzia euskaldunekin, eta azken horiek Foruak galdu 1876an. Horregatik, azken bertsoa da esanguratsuetetakoa, hortxe aldarrikatzen baita Nafarroarekin lotura ez galtzea: Laurak bat.
Foruak galtzearen (1876 urtea) ondorioetako bat 1877. urtean jazo zen. Urte horretan, soldaduzkarako adinean zeuden mutilei deitzea Penintsulan egiten zen bezala egiten zen euskal probintzietan ere; beraz, hemengo antolamendu militarra –eta horrekin batera alardearen zergatia– derogatu egin zen. Gertaera horiek eraginda, Iparragirrek ondorengo bertsoak idatzi zizkien antzuolarrei, euskal ohiturei jarraipena emateko helburuarekin, hain zuzen [13].
Komikia: Jatorria, helburua, transmisioa, dibulgazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antzuolako Alardearen Elkartearen helburuetako bat herrian zein kanpoan urtero egiten dugun Alardearen ezagutza sustatzea da. Hori lortzeko, gauza asko egin dira urte askoan dibulgazio euskarri ezberdinak erabiliz Alardearen elkartearen aldetik: liburuak, bideoak, argazki bildumak …
Hala eta guztiz ere, Alardea nondik datorren, zer den eta nola ospatzen den adierazi nahian, aspalditik ari ginen elkartekideok herritar guztientzat erakargarria izan zitekeen euskarri baten bila. Eta nahi horretatik sortu zen, hain zuzen ere, komiki baten bidez guzti hori azaltzeko proiektuaren egitasmoa.
Hiru urteko proiektuaren emaitza 2025eako martxoan 23an aurkeztutako komikia izan da, mimoz zaindu duguna Antzuolako Alardearen Elkartetik.
Antzuolako Alardea historia, mitoa, tradizioa eta folklorearen arteko batuketa bat da, nortasun-ezaugarri propioak dituena. Herritartasuna adierazteko kultura ekitaldi bat ere bada, eta, aldi berean, Antzuolako zein Euskal Herriko kultura ondarea aberasteko ospakizun aparta, eta gizartea eraldatzen ari den garai honetan guri, antzuolarrei, dagokigu bera zaintzea eta zabaltzea.
Ba zabaltze horrekin uste dugu gertaera jakin bat narrazio eta irudi segida baten bidez irudikatzeak herriko Alardearen inguruko jakin-mina piztu dezakeela, batez ere gazteengan; areago, artistikoa (irudiak) eta literarioa (hitzak) berdin konbinatuz, pertzepzioak erakargarriagoak eta ulergarriagoak bihurtzen dituelakoan transmititu nahi den horrekin bat, komikia egitea pentsatu genuen Alardearen elkarte kideok.
Bada guzti horren transmisioarekin bat egin nahian, hiru ataleko kontakizunean murgiltzeko aukera ematen du komikiak. Lehenengo atalean, bere egunerokotasunarekin eta ohiturekin bat eginez, antzinako herriko eta herritarren bizitzan murgilduko zara, eta ohartu gabe, agian, historiatik mitora pasatuko zara. Bigarrengoan, Alardearen protagonistek hartuko dute hitza, ospakizunaren egunean zer egiten duten azalduko baitizute, zerk bultzatu dituen parte hartzera eta nola bizi duten Antzuolako Alardea. Hirugarrengoan, azkenik, herriko jaietan murgiltzeko aukera izango duzu, Alardearen eguna ezagutuko baituzu, parte-hartzaile eta osagarri koreografiko guztiekin.
"Hondarribia Berdintasunaren Hiria" Saria (2023)[14]
[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hondarribiako Alardearen Jaizkibel Konpainiak "Hondarribia Berdintasunaren Hiria" izeneko saria Antzuolako alardeari ematea erabaki du, berdintasunaren alde eta arrazakeriaren aurka egindako lana eskertzeko.[15] Nieves Alza, Garbiñe Biurrun, Maialen Iriarte, Fermin Muguruza eta Arantza Urretabizkaia mahaikideek osatutako erabakia izan da.[16]
Bibliografia (aipuak)
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Antzuolako Alardea. Berriak. .
- ↑ Ramirez de Okariz, Iñigo. (1990). Antzuolako Alardea: Mairuaren Jaialdia. Antzuolako Udala ISBN 8492047402..
- ↑ Odriozola, Lourdes. (2020). Antzuolako Alardea. Ikerketa Historikoa. Mairuaren Alardearen Kultur Elkartea eta Antzuolako Udala., 134 or. ISBN 9788493640224..
- ↑ Mairuaren Alardea bizi. Alardea Biziberritzeko Batzordea. Antzuolako Udala.
- ↑ (Iñigo Ramirez de Okariz Telleria), Irinmodo. Herriko txistulariak eta Alardea. .
- ↑ (Iñigo Ramirez de Okariz Telleria), Irinmodo. Antzuolako trokeo-dantzen testigantzak eta berezitasunak.. .
- ↑ Alardeko dantzak. Alardeko dantzak.
- ↑ Olabarria, Patxi. (2023). Antzuolako Armarriaren Alardea. Antzuolako udala, 134 or. ISBN 9788493640231..
- ↑ Ayerbe, Rosa. (2011). Sobre EL REY ENCADENADO del escudo de Antzuola. Real Sociedad Bascongada de Amigos del País.
- ↑ (Iñigo Ramirez de Okariz Telleria), Irinmodo. Alardeko eta Herriko bandera. .
- ↑ (Iñigo Ramirez de Okariz Telleria), Irinmodo. «Antzuolako Mairuaren Alardea: ALARDEAREN BEREZITASUN NAGUSIAK BI HITZETAN» Antzuolako Mairuaren Alardea (kontsulta data: 2020-03-11).
- ↑ «Parekidetasunaren alde, beste pauso bat Alardean - Antzuola» Goiena.eus (kontsulta data: 2020-03-11).
- ↑ (Iñigo Ramirez de Okariz Telleria), Irinmodo. Iparragirreren bertsoak eta Alardea. .
- ↑ Hondarribia Berdintasun Saria, 2023. .
- ↑ jaizkibel konpainia, HBH saria. .
- ↑ Antzuolako Alardeari aitortza. .