Marfan sindromea (MFS) ehun konektiboan eragiten duen gaixotasun autosomiko eta dominantea da, beraz, heterozigotoetan eta homozigotoetan agertuko da. MutazioekFBN1geneari eragingo diote, fibrilina proteinaren geneari. Hau, ehun konektiboko matrize estrazelularraren antolatzaileetako bat da ehun konektibo elastiko eta ez elastikoan. Honen ondorioz, mutazioak eragindako fenotipoa gorputz osoan barrena zabalduko da.
Gertakaria 1/3.000 eta 1/20.000 biztanle artekoa izan da. Marfan klasikoaren kasuen %70-85 herentziazkoak dira eta kasuak sexu, arraza eta talde etniko guztietan agertu dira. [1]
Gaixotasun autosomiko gainartzailea denez, MFS duen pertsona baten seme-alabak %50eko probabilitatea du gaixotasuna izateko. Gainera, FBN1eko mutazio bat familiako Marfan aurrekaririk ez duten pertsonen %25ean ager daiteke. Kasu horietan, mutazio berri bat garatzen da bat-batean.[2]
Gaixoek oso fenotipo aldakorra adieraziko dute. Hala ere, guztiek izango dituzte hainbat ezaugarri komun. Tipikoki, lau multzotan bereiz ditzakegu ezaugarri fenotipikoak: eskeletikoak, begiaren ingurukoak, kardiobaskularrak eta besteak.
Eskeletikoak: gaixoak altuak (familiako beste kideekin alderatuta) eta meheak dira, gorputz-adar luzeak eta mugikortasun handiko artikulazioak dituztenak. Hatzak eta eskuak luzeak eta finak dira, aurpegia luzea eta estua, bularrezurraren protusioa edo depresioa, bizkarrezurraren desbideratzeak, etab.
Kardiobaskularrak: asaldura mota hauek heriotza-kausa nagusia da pairatzen dituztenentzat. Garrantzitsuenetariko bat aortaren dilatazioa da, bere paretaren ahultasunagatik. Horrek urratzea edo apurtzea eragin dezake. Bihotzeko balbuletan ere arazoak ager daitezke: aorta-gutxiegitasuna edo balbula mitralaren prolapsoa.
Begiak: Miopia, begi-lausoak, kristalinoaren luxazioa edo erretina-askatzea dira Marfan sindromea duten pertsonek izan ohi dituzten arazorik ohikoenak.
Beste alterazio batzuk: Birika kolapsatua (pneumotoraxa), iztondoko etenak, sorbaldetako eta ipurmasailetako ildaskak, etab.
Dena den, eta laburbilduz, esan dezakegu gaixoak garaiak, malguak eta hatz luzedunak izan ohi direla, eta begiko kristalinoekin hainbat arazo dituztela, miopia eta dislokazioa besteak beste. Gainera, azpimarragarria da sistema kardiobaskularrean duen eragina, aortaren dilatazio eta aneurismen sorrera adibidez (azken biak gaixoen heriotza arrazoi nagusienak dira).
Gaixotasun autosomiko dominantea da, FBN1 geneari eragingo diona, 15q21 kromosoman. Gene handia eta zatikatua da, domeinu errepikakor askoko proteina kodifikatuko duena. Marfan sindromea sortarazten duten 500 mutazio baino gehiago topatu dira. Domeinu errepikakor gehienek fibrilinamonomeroen arteko loturetan hartuko dute parte, beraz, mutazio asko egongo dira mikrofiruen mihiztatze okerra eragingo dutenak.
Dominante negatibo efektua emango da, hau fibrilinak polimeroak osatzen dituelako gertatuko da. Nahikoa izango da azpiunitate bat akastuna izatea proteina guztia akastuna izateko. Honek esan nahi du hobe dela alelo nulua sortuko duen mutazio bat (nonsense eta frameshift, tipikoki) izatea, proteina akastun bat sortuko duen mutazioa (missense, tipikoki) izatea baino. Missense motako mutazioak dira ugarienak. Dena dela, alelo nulua sortaraziko duten mutazioetan haplogutxiegitasuna ematen da, fibrilina kopuru erdia izanda ez da nahikoa ehun konektiboaren funtzio normal bat izateko eta Marfan fenotipoa sortuko du.
Fibrilina proteinak ezinbesteko funtzioa du ehun konektiboan. Kolagenoaren antolamendu espazialean parte hartuko du eta elastina proteinari lotuko zaio zuntz elastikoak osatzeko. Elastina zuntzen egituratze oker batek aneurismak sor ditzake, elastinak arterietan oso funtzio garrantzitsua baitu. Fibrilinaren funtzio zabala dela eta, mutazioek arestian aipaturiko fenotipo konplexu eta aldakorra eragingo dute.
Marfan sindromearen seinaleak eta sintomak oso desberdinak dira, baita familia bereko kideen artean ere, trastornoak gorputzeko atal askotan izan baitezake eragina. Pertsona batzuek ondorio arinak baino ez dituzte izaten, baina beste batzuek bizitza arriskuan jartzen duten konplikazioak izaten dituzte.[3]
3 unetan ager daiteke sindrome hori:
Jaioberriko Marfan: Emandako kasuak urriak izan dira. Jaioberrietan eskeletoaren eta larruazalaren asaldurak (gorputz-adar luzeak, torax-alterazioak, hipotonia) eta kardiobaskularrak (gutxiegitasun kardiakoa, arritmia, kardiomegalia) agertzen dira. Kasu horietan, heriotza ordu edo egunetan gertatzen da.
Haur-marfan: Bihotz-kanpoko agerpenek adinaren arabera eboluzionatzen dute. Eskeleto-heltzea amaitu ondoren, gaixoek kalte kardiobaskularrak izaten dituzte (prolapso mitrala, zabaltze aortikoa), baita ibilera atzeratua eta ikasteko arazoak ere. Batezbesteko bizitza 16 hilabetekoa da.
Marfan klasikoa: Aurkezpen modu hau da ohikoena, haur, nerabe eta helduetan ematen da. Horien diagnostikoa egiteko, Ghent-en Nosologian 1996 jasotako irizpideak erabiltzen dira (1. taula), familia-aurrekarietan eta organoen adierazpen klinikoetan oinarritzen direnak.[1]
Ghent-en irizpideek (1. taula) irizpide handiak eta txikiak dituzte. Irizpide nagusiak Marfan sindromea duten pertsonengan ohikoak diren ezaugarri edo sintomak dira, eta oso garrantzitsuak dira diagnostikoan. Irizpide txikiak, bestalde, Marfan sindromea duten pertsonengan ez ezik, sindrome hori ez duten pertsonengan ere agertzen diren ezaugarri edo sintomak dira.[4]
Organoa / Sistema
Irizpide nagusi gisa sailkatzeko baldintzak
Organo/sistemaren afekziorako baldintzak
Hezur-sistema (Eskeletikoa)
Gutxienez hauetako 4:
1. Pectus carinatum
2. Ebakuntza behar duen pectus excavatum
3. Besoen zabaleraren eta altueraren arteko proportzioa handitua edo gorputz-atalen proportzio txarra
4. Eskumuturraren eta hatz-lodiaren seinale positiboa
5. 20º-tik gorako eskoliosia edo spondilolistesi
6. Ukondoaren luzapen murriztua (<170º)
7. Orkatilaren barrualderantz desplazamendua, oin laua eraginez
8. Protrusio azetabularra
1. Kornea anormalki laua
2. Globo okularraren luzera handitua (miopia)
3. Irisaren edo muskulu ziliarra hipoplasia, mioasia eraginez
Kardiobaskularra
Gutxienez hauetako 1:
1. Aorta ascendenteren dilatazioa (Valsalvaren sinusetan), erregurgitazioarekin edo gabe
2. Aorta ascendenteren disekzioa
Gutxienez hauetako 1:
1. Balbula mitralaren prolapsua (erregurgitazioarekin edo gabe)
2. Birika-arteriaren dilatazioa, beste arrazoirik gabe
3. Balbula mitralaren kaltzifikazioa 40 urte baino lehen
4. Aorta torazikoaren dilatazioa edo disekzioa 50 urte baino lehen
Biriketakoa (Pulmonarra)
Ez dago
Gutxienez hauetako 1:
1. Pneumotorax espontaneoa
2. Biriketako bullae
Azala (Tegumentuak)
Ez dago
Gutxienez hauetako 1:
1. Estria markatuak, pisu-aldaketa handirik gabe
2. Herniak (inguinalak edo ebakuntza ostekoak)
Gaur egun, ezaugarri fenotipikoetan oinarritzen da, analisi genetikoa konplexua eta garestia baita. Soilik Marfan sindromedun gaixo batek ondorengoak izan nahi dituenean erabiliko da sekuentziazioa. Gero, lotura analisiaz baliatuz eta genearen inguruan dauden mikrosatelite polimorfikoak erabiliz alelo mutatua identifikatuko da umekian.
Zoritxarrez, aurkikuntza klinikoak adinaren araberakoak dira, eta horrek diagnostikoan zailtasunak eragiten dizkie paziente haur eta gazteei. Marfan sindromearen asaldura asko berandu agertzen dira eta pazienteen% 40-60k baino ez ditu sintomak.[5]
Kasu gehienetan, pazientearen historia klinikoa eta miaketa fisikoaren bidez iristen da diagnostikora. Gainera, gero eta errazago da pazienteak eta haren familiako beste kide batzuek kristalinoaren luxazioa dutenean, besteak beste.[5]
Medikuak, Marfan sindromearen susmoa izanez gero, paziente guztietan ekokardiograma eta begi-azterketa egin beharko dira. Toraxeko OTA bat eska dezake, bihotz-balbulak ebaluatzeko eta ehun konektiboaren osasuna bermatzeko. Erresonantzia magnetikoak (RM), berriz, aorta-sustraiaren asimetria posibleak detektatu ahal izango du.[1][3]
Beharrezkoa da familiaren historia berrikustea, eta Marfan duen paziente baten lehen mailako senide guztiek (gurasoek, anai-arrebek eta seme-alabek) kardiologoarengana jo behar dute balorazioa egiteko.[5]
Marfan sindromea sendaezina da, gaixotasuna eragiten duen genea konpontzea litzateke sendabidea. Bere tratamendua gaixotasunaren ondorio klinikoen kontrol eta prebentzioan datza, batez ere aortaren haustura eta aneurismenean. Honen adibide garrantzitsuenak diuretikoak eta aortaren sustraiaren babesle profilaktikoak dira.
Segidan, jarraipenaren argibideak zehatzago azaltzen dira:
Tratamendu pertsonalizatua jarraitu: Sindromeak modu desberdinetan eragiten dienez pertsonei, tratamendu mota ezberdinak behar dira. Aukera badago, paziente batzuek tratamendurik behar ez izatea. Beste batzuek, ordea, betablokeatzaileak behar izaten dituzte bihotz-maiztasuna eta tentsioa murrizteko. Zenbait kasutan (aortan aneurisma bat eratzen bada, adibidez), ebakuntza kirurgikoa egin behar izaten da arterian protesi bat jartzeko.
Arreta-neurriak izatea: Estres fisiko edo emozional arriskuen berri eman behar zaie gaixoei, beraz, ariketa fisiko eta kontaktu-kirolak saihestu behar dituzte. Gainera, haurdunaldia ere arriskutsua da.
Osasun-azterketak egitea: Toraxeko erradiografiak eta ekokardiografia gutxienez urtean behin egin. Arretaz zaindu behar da erretina-askatzea.
Laburbilduz, urtean behin ortopedia, bihotz eta oftalmologiako azterketak egin behar dira, lesioak hautemateko eta behar denean tratatzeko. Gainera, genetistek ebaluazio bat egingo dute, baieztatzeko eta jarraipena egiteko. Beharrezkoa da hazkuntza eta garapen-parametroen pediatria-azterketak egitea.[1]
Azken urteetan, diagnostiko goiztiarrari, tratamenduari, etengabeko jarraipenari eta, batez ere, aortaren kirurgia prebentiboari esker, Marfan gaixoen bizi-itxaropena 45 urtetik 72ra igarotzea lortu da. Hilkortasun goiztiarrak lotura zuzena du goranzko aortaren dilatazioarekin.[5]
Marfan sindromea duten emakume askok haurdunaldi eta erditze seguruak eta osasuntsuak dituzte. Hala ere, badira beste arrisku batzuk haurdunaldian eta erditzean. Arriskurik larriena aorta-disekzioa da, bihotzerako gainkarga gehigarria dela eta. Marfan sindromea eta aldez aurretik aorta-disekzioa duen emakume batean, ez da segurua haurdun geratzea.[3]
Haurdun geratzeko aukera dagoenean, baliteke medikuak aorta zuzentzeko kirurgia egitea gomendatzea haurdunaldiaren aurretik. Medikuak ziurtatuko du, halaber, botikak seguruak direla haurdunaldian.[3]
Ikerketa genetikoak egiten ari dira ezarpenaren aurreko eta jaio aurreko diagnostikoa egiteko, abortua legeztatuta dagoen herrialdeetan eta mutazio ezaguna duten familien kasuetan.[1]
Jaio osteko diagnostiko molekularra baliagarria da Marfan arriskua duten pertsonak identifikatzeko, batez ere, familian aurrekaririk ez duten kasuetan.[1]
Abenduaren 3an Marfan Sindromearen Europako eguna ospatzen da. Sindrome honek 1896an aurkitu zuen Antoine Bernard-Jean Marfan pediatra frantsesak, eta hortik datorkio izena.[6]
1931n, Henricus Jacobus Marie Wevek erakutsi zuen asaldura hereditarioa zela, eta lehena izan zen Marfan sindromea terminoa erabiltzen. 1955ean Víctor McKusick mediku estatubatuar eta genetika medikoaren aitzindariak Marfan sindromea deskribatu zuen Ehun konektiboaren herentziazko nahasteak liburuan. 1991n jakin zen sindromearen oinarrizko akatsa fibrilina-1 genearen alterazioa zela.[4]
Historian zehar sindrome honen seinale eta sintomak agertzen joan ziren, 1996an De Paepe diagnostikatzeko irizpideak ezarri arte.[4]