Maria Oiartzabal Aranburu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria Oiartzabal Aranburu

Bizitza
JaiotzaOiartzun1898ko urtarrilaren 23a
Herrialdea Gipuzkoa, Euskal Herria
BizilekuaOiartzun
HeriotzaErrenteria1996ko uztailaren 16a (98 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
JarduerakEtxekoandrea eta dendaria

Maria Oiartzabal Aranburu (Ankamotxeneko Maria) Oiartzun, Gipuzkoa (1898ko urtarrilaren 23aErrenteria, Gipuzkoa, 1996ko uztailaren 16a) Bederatzi seme-alabaren ama eta bitan alargundua. Bizitzako unibertsitatean zaildua eta garai zailetan aurrera egiten jakin izan zuen emakume gartsu eta argia.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ergoiengo Ardotz baserrian jaio zen. Bere ama Manuela Aranburu Unsain izan zen, Ergoiengo Isatxipi baserrikoa. Aita Salbador Oiartzabal Ezponda, izatez oiartzuarra baina aita Lesakakoa zuena. Zazpi senide izan ziren, Maria, zaharrena, eta neska bakarra. Bere ondotik jaio ziren Joxe, Emilio, Rufino, Joakin, Ramon eta Juan Bautista, Gurdia deitzen zioten soinujolea. Hasieran Killirikupe eta Xapaterone tarteko etxean bizitu ziren, Oiartzungo plazan eta handik gutxira Zalakaineneko etxera aldatu ziren, Aialde kalera.

Umetan lanera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Eskola gutxikoa izan zen; hiru bat urte egingo zituen gehienez Ergoiengo Aierdi eskolan. Goizetan zerbait ikasi eta arratsaldean kotoizko galtzerdiak egiten zituzten kanpotik etortzen ziren maistrekin. Lanean ordea aski ume zela. Amonaren baserrian aritzen zen hari laguntzen eta amarekin Errenteriako plazara tratuarekin, oinez, goizeko 6etan etxetik aterata, otarrak eskuan.

Behin 10 urterekin komunioa eginda, helduaren estatusa hartzen zuten garai haietan eta gupidarik gabe heldu behar izan zion berak ere helduek egiten zituzten lanei. Ama eta izebarekin batera kontrabando lanetan hasi behar izan zuen. Azukrea eta txikoria ekartzen zituzten, puntilak, kafea... gero saldu eta sos batzuk lortzeko. Oiartzundik Behobiara oinez joaten ziren eta goizeko seietarako iritsi behar izaten zuten, tartean karabineroak saihestuz, tentuz.

14 urterekin hasi zen neskame hamar seme-alaba zituen oiartzuar familia batekin, hilabetean duro bateko soldataren truke. Etxez aldatuta ere neskame jarraitu zuen, 20 urterekin Donostiako “Bar Oyartzuarra” tabernan lana aurkitu zuen arte.

Mariaren guraso eta senideak

Familiaren sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bi aldiz ezkondu zen eta bitan alargundu. 27 urte zituen lehen aldiz ezkondu zenean, Korreoneko Carlos Etxeberriarekin. Hamabost hilabeteren buruan, ordea, tifus beltzarekin hil zen 4 hilabeteko haurra utzita. Felix txikiarekin gelditu zen alargun. Egoera horretan ama-semea etxean jaso zituen amaginarrebak eta Beheko plazako bizilekua utzi eta Korreonean jarri ziren bizitzen senarraren familiarekin.

Alargundu berritan, Felix semearekin

Bigarren senarra Arpideko Joxixio Sagarzazu izan zen. Alarguna bera ere eta sei seme-alaba zituena: Jose Luis, Inazita, Maria Josefa, Petra, Salbadora eta Maddi. Lanbidez igeltseroa zen eta Mariaren aurrez-aurre bizi zen Ankamotxenean, bertan taberna zutela. Bigarren ezkontzatik beste bi seme-alaba jaio ziren: Nati eta Nikolas. Guztira 9 seme-alaba.

Maria eta Joxixio, senar-emazteak

Ankamotxeneko taberna bere gain hartu zuen Mariak. Garai hartan taberna eta janari-denda zen, gerora taberna izateari utzi bazion ere. Apopiloak hartzen zituen, otorduak eman ere bai eta hor ekin behar izan zion gogor, familia handia aurrera ateratzeko. Gerra altxatu zenean eta euren burua salbatzeko, leku seguruagoetara joan behar izan zuten, familia bitan zatituta. Semea eta alaba bat amonarengana joan ziren eta gainontzekoak Karrikako Albistur baserrira. Gerran hartu zuten preso, Jose Luis, semeetako bat ere eta horren ondorioz alde egin zuen Venezuelara bizitzera.

Felix semearen ezkontza

Ez zuen bizitza erraza izan. Bigarren senarrak egonaldi luzeak eman zituen erietxean, tuberkulosia jota. Gaitza berarekin bi alaba gazterik hil zitzaizkion eta hirugarren alaba ere galdu zuen helduago zela. Kuraia handiko emakume ekintzailea izan zen. Izango zituen 80 urte inguru denda itxi zuenerako baina horrek ez zion eragotzi herritarren harremanekin jarraitzea, oso herrikoia baizen. Korreoneko familiarekin lotura estua mantendu zuen bizitza guztian eta euren arrimuan edozein ospakizun eta txangoetara apuntatzen zen. Ezaguna zen bere Erreal futbol taldeko zaletasunagatik, Atotxara, partidak ikustera noiz edo noiz joaten zen horietakoa zen. Balentriarik handiena Venezuelara bidaiatzea izan zen. Bertan bizi zen Jose Luis semearen familia bisitatzeko aukera izan zuen, Nikolas, beste semeak lagunduta. Bizitasun handia zuen eta beti alai, pasatako guztiak pasata ere.

Bere azken urteak Nikolas semearekin igaro zituen, Errenterian. Bertan hil zen 98 urterekin. Hileta-elizkizunak Oiartzungo parrokian egin zitzaizkion eta Oiartzungo hilerrian hilobiratu, 1996ko uztailaren 17an.

Erreferentzia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  • Artikulu honen edukia “Oiartzun 94” urtekarian (24. zkia. 52-58 orr.) argitaratutako Maria Oiartzabal, ankamotxenekoa artikuluan oinarritu da. Egileak: Arantxa Lete, Jaione Ugaldebere eta Kristina Brit. Argitaratzailea: Oiartzungo Udala, 1994ko abuztuaren 3a.