Edukira joan

Maria del Carmen Goñi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Maria del Carmen Goñi

Bizitza
JaiotzaIruñea1928ko urriaren 24a (97 urte)
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jardueraktelebista aurkezlea eta aktorea

IMDB: nm0215438 Discogs: 4947414 Edit the value on Wikidata

Maria del Carmen Goñi (Iruñea, 1930eko urriaren 24a - ) nafar aktore eta telebista aurkezlea da. Irratian hasi bazen ere, telebistagatik da ezaguna. Bikoizketa arloan ere egin du lan.

Bere familia Otsagabikoa zen, baina Iruñera joan zen bera jaio zenean, 1928an. Hiru hilabete eskas zituela aita hil zitzaion eta ama, bi haur txikirekin, Otsagabiara itzuli zen. Hamar urtez bizi izan ziren amaren aldeko aitona-amonen etxean. Amaren aldeko aitona Loperena Migueleiz zen. Aitaren aldeko aitona, Guillermo Martínez de Goñi, Jauntsaratsekoa, Otsagabiko Udaleko idazkaria eta elizako organo-jotzailea, egunkarietan idazten zuen pertsona liberala, arduratu zen María del Carmenen hezkuntzaz, eta, besteak beste, irakurketak eta musika aukeratzen eta mendiaz gozatzen irakatsi zion.[1]

40ko hamarkadan bere ama, Leonor, Iruñera itzuli eta Aralar kalean jarri zen bizitzen. Hamabi urterekin, Mari Carmen Goñi bere ahots eta ahoskerarengatik nabarmentzen hasi zen. Gaiarre Antzokian 1941. urteko Erregeen Galan poesia bat errezitatzen aritu ostean, Merkataritza Eskolan matrikulatu zen. Handik gutxira, kantatzea gustatzen zitzaionez, Madrilgo Goi Mailako Musika Errege Kontserbatorioan ikasteko beka bat lortu zuen hamazortzi urterekin.

Lan ibilbidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Musika eta arte dramatikoa uztartu zituen, eta deklamazio sari bat irabazi ostean, Radio Intercontinental irratian hasi zen esatari lanetan. Iragarkien bikoizketa ere egiten zuen, irratiko aktoreen koadroan sartuz eta Bob eta Maria irrati-nobelari ahotsa jarriz. Ezkondu zenean, irratian inork nahi ez zuen txandan utzi zuten. Epaitegian jarri zuen salaketa irabazi ostean —irratiaren jabea Ramón Serrano Suñer zen, Francisco Francoren koinatua—, irratira itzuli zuten, baina ez zioten antenan hitz egiten utzi, eta alde egin zuen.[2] Espainiako Telebistan debuta egin zuen haurrentzako Boliche y Chapinete saioan (1964), eta handik aurrera bere ibilbide profesionalaren zati handi bat umeei eskaini zien.

Valentina pertsonaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1965. urtean heldu zitzaion aukera handia, ospea eman zion papera eskaini ziotenean, zeinarekin bere aurpegia identifikatzen den eta oraindik ere gogoratua izaten jarraitzen duen: Los Chiripitifláuticosen Valentina pertsonaia 1965 eta 1971 urteen artean Antena Infantil saioaren barruan ematen zen espazioa, eta geroago, bigarren etapa batean, 1974 eta 1976 urteen artean, saio propioa bihurtu zena.[3][4]

Maria del Carmenek saio horretan egon zen emisioko urte guztietan, eta koloretako betaurreko handi batzuekin identifikatutako irudi bat sortu zuen. Urte askoan iraun zuen ospea lortu zuen. Bere ahotsean entzun ziren zenbait abesti, hamarkada batzuk geroago, Espainiako ume doinu tradizionalen errepertorioaren funtsezko zatitzat jotzen direnak, Había una vez un barquito, adibidez.

Antena Infantil saioa eta gero

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Telesaila amaitu zenean, umeentzako saioetan lanean jarraitu zuen erretiroa hartu zuen arte, hala nola, Canciones del desbán (1975), Fernando García Tola zuzendariarena, edo El libro gordo de Petete (1981-1983), non bere ahotsa eskaintzen baitzion telesailari izenburua ematen zion peluxezko maskotari. Pedro Mengibar senarraren estudioetan ere jardun zuen bikoizketan, 1994. urtean erretiroa hartu zuen arte. Berea da, adibidez, Jonathan Gilbert aktorearen gaztelaniazko ahotsa Willie Olesonen paperean La casa de la pradera telesail iparramerikarrean, Espainian emititua 1975. urtetik 1981. urtera bitartean. Hego Amerikan, Padre de Familia filmean egin zuen bikoizketa lanarengatik ere oso ezaguna izan zen.

Bost seme-alaba izan zituen —horien artean dago Isatxa Mengíbar bikoizketa-aktorea—, bost biloba eta birbiloba bat ere bai. Erretiroa hartu ostean Maria Carmen Goñi Radio Nacional de España irratiko No es un día cualquiera saioko tertuliakidea izan zen, Pepa Fernándezekin. Soto del Realera joan zen bizitzera, eta hantxe bizi da Pedro Menjíbar senarrarekin eta Pizca txakurrarekin.[5]

Lan hautatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Cuéntame (2006)
  • ¿Cómo están ustedes? (2006)
  • La cometa blanca (1981)
  • El libro gordo de Petete (1981)
  • Canciones del desván (1975)
  • Los Chiripitifláuticos (1966)
  • Antena infantil (1965)
  • Luciano (1965)
  • A media voz (1964)
  • Boliche y Chapinete(1964)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Cristina Leza, Mari Carmen Goñi, NICDO- Nafarroako Filmoteka, Iruñea, 2024, 128 or.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]