Mary Ann Aldham

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mary Ann Aldham
Bizitza
JaiotzaDeptford (en) Itzuli1858ko irailaren 28a
Herrialdea Erresuma Batua
HeriotzaUxbridge (en) Itzuli, 1940 (81/82 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jardueraksufragettea
Jasotako sariak

Mary Ann Aldham (Deptford, Erresuma Batua, 1858ko irailaren 28aUxbridge, AEB, 1940) sufragista britainiarra zen, Women's Social and Political Union (WSPU) erakundeko kidea, eta hainbat aldiz kartzelaratu zuten Erresuma Batuko emakumeen boto-eskubidearen aldeko ekintza militanteetan parte hartzeagatik. WSPUren Hunger Strike Medal saria jaso zuen.

Biografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mary Ann Mitchell Wood Deptforden (Kent) jaio zen, 1858an. Mary Annen eta Alfred Robert Wooden (kapitaina) alaba zen, eta bera jaio eta gutxira hil zitzaion ama.[1][2] Arthur Robert Aldhamekin ezkondu zen, 1883an P&O ontzi-konpainiako merkataritza-langilea bera, eta bi alaba izan zituzten. Senarra 1905ean hil zen.[3][4][5]

Mary Ann Aldhamek sufragisten zapia sinatu zuen, Holloway 1912.

Aldhamek Women's Social and Political Unionekin bat egin zuen, 1908an.[6] Hainbat izengoitirekin parte hartu zuen, besteak beste, Oldham edo ezkon aurreko bere izenarekin, Wood. Zazpi aldiz atxilotu zuten: 1908ko urriaren 14an eta 1908ko azaroaren 19an (Mary Ann Mitchell Oldham izenarekin), 1911ko azaroaren 22an, 1912ko martxoaren 7an, 1912ko martxoaren 19an, 1913ko azaroaren 17an eta 1914ko maiatzaren 4an.[7][8] 1911ko azaroan, kristalak hausteagatik atxilotu zuten, eta epaiketa batean agertu behar izan zuen lehen akusatua izan zen, zeinetan Christabel Pankhurst eta Sylvia Pankhurst agertu ziren. Ez zuen ezarritako isuna ordaindu nahi izan, eta Hollowayn hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten. 1912ko martxoan berriro ere sei hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten, eta gose-greba hasi zuen; 1912ko ekainaren amaiera baino lehen askatu zuten.

Hollowayn atxilo zeudela, zenbait sufragistek zapi bat sinatu zuten, zeina Janie Terrerok brodatu zuen.[3][4][9] Aldham izan zen sinatzaileetako bat.

1913ko azaroan, Jane Shorten (ezizenez Rachel Peace) epaiketan Old Baileyn manifestatu ziren lau sufragistako taldeko kide izan zen Aldham. Short, epaiketaren zain atxilo zegoela, bortxaz elikatu zuten. Kristalak haustea leporatzen zioten, eta hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Kondena amaitu baino lehenago askatu zuten, Cat and Mouseren Legearen arabera, zeinak ahalbidetzen baitzuen preso gose-grebalariak askatzea, harik eta osasuna berreskuratu arte, eta gero berriz espetxeratzea, kondenaren gainerakoa betetzeko.[3][4]

Royal Academyren aurkako erasoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Henry Jamesen erretratu hau (John Singer Sargentek egina) Aldhamek urratu zuen, 1914an Royal Academyn

1914ko maiatzaren 4an, udako erakusketak ateak zabaldu zituenean Royal Academyn, Aldhamek bisitariekin bat egin zuen, eta John Singer Sargentek Henry Jamesi egindako erretratua hondatu zuen, babes-kristala apurtuz eta oihala xehagailu batekin ebakiz, "Vote for Women" WSPUren eslogana oihukatzen zuen bitartean. The Daily Telegraph-ek jakinarazi zuenez, 13:30ean, bazkalordua tarteko, bisitariak gutxitzen ari zirela, kristal hautsiaren zarata entzun zen, eta andre zahar ile zuri bat ikusi ahal izan zen Sargenten erretratua xehagailu batekin ebakitzen. Daily Sketch-ek, berriz, jakinarazi zuen bisitari bat “jende artetik atera eta [Aldham] jo zuela, eta Aldham babesten saiatzen ari zen gizon bat ere joa izan zela”. The Daily Telegraph-en arabera, gizon hori sufragistaren aldekotzat hartu zuen berehala jendetzak. The Daily Graphic-ek gehitu zuenez, "harategiko aizto batekin armatutako emakumeak Royal Academytik jendetza aterarazi zuen bere ingurunetik".

1914ko egunkaria, Aldhamek Royal Academyri egindako erasoari buruz

Aldhamek WSPUri bidalitako gutun batean azaldu zuenez, "jendeari erakutsi nahi zion bere ondasun eta altxor artistikoak ez zirela seguru egongo emakumeen emantzipazio politikoa onartzen ez zen artean".[10][11][12]

Aldham berriro kartzelaratu zuten Hollowayn, epaiketaren zain. Cat and Mouse Legearen arabera askatu zuten, eta atseden-etxe batera eraman zuten, eta, gero, Mary Aldham bere alabaren esku utzi zuten, hark zaindu zezan. WSPUren izenean egindako ekintza militanteak 1914an amaitu ziren, Lehen Mundu Gerra hasi zenean.[3][4]

Bizi-amaiera eta ondorengotza[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mary Ann Aldham 1940an hil zen Uxbridgen (Middlesex). Bere gose-grebaren domina eta sufragista-jardunaren beste lekukotza batzuk enkantean jarri zituen familiak 2015ean, 23.450 liberengatik.[4][13]

Sariak eta aintzatespenak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]