Edukira joan

Matthew Fitt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Matthew Fitt
Bizitza
JaiotzaDundee, 1968 (57/58 urte)
Herrialdea Erresuma Batua
Hezkuntza
Hizkuntzakingelesa
Jarduerak
Jarduerakidazlea, haur literaturaren idazlea, olerkaria, editorea eta itzultzailea
mfitt.co.uk

Matthew Fitt (Dundee, Eskozia, 1968) eskozieraz idazten duen eskoziar poeta eta nobelagilea da. Besteak beste, ziberpunk azpigeneroko But'n'Ben A-Go-Go nobelaren egilea da. Eskoziako eskola-umeen artean eskozieraren erabilera sustatzeko hezkuntza-programaren sortzaileetako bat da, eta Eskoziako Gobernuaren eta tokiko hainbat erakunderen hizkuntza-aholkularia izana da. Gaur egun, itzultzailea da Eskoziako Parlamentuan. Asterix bildumaren itzultzaile ofiziala da.

Matthew Fittek hainbat lan argitaratu ditu eskozieraz. 2000an argitaratutako But'n'Ben A-Go-Go nobela bide-urratzailea izan zen eskozieraz idatzitako literaturan; izan ere, 2090ean kokatutako eleberri horren bidez eskoziera garaian garaiko beharretara egokitzeko arazorik ez duen hizkuntza bat dela erakutsi nahi izan zuen, eta, horretarako, ahal beste hizkuntza-aldaera erabili zituen eta neologismo ugari sortu zituen. 2003an, berriz, arrakasta handia izan duen Kate o Shanter’s Tale poema-liburua argitaratu zuen. Horiez gain, beste lan batzuk ere baditu argitaratuak, adibidez: Hoose O Haivers, Ovidioren Metamorfosia poema epikoaren berridazketa askea eskozieraz; eta The Smoky Smirr O Rain, eskozieraz idatzitako literaturaren antologia, James Robertson-ekin batera apailatua. Era berean, Roald Dahl idazle galesterrararen hainbat eleberri itzuli ditu eskozierara[1], eta Asterix bildumaren itzultzaile ofiziala da.[2]

Matthew Fitt Idazle egoiliarra izana da Brounsbank baserrian, Eskoziako Biggar herriaren iparraldean, Hugh MacDiarmid eskoziar poeta ezagunaren azken bizitokia izandakoan.[3]

Hezkuntza-proiektua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

James Robertson eta Susan Rennie-rekin batera, Eskoziako eskola-umeen artean eskozieraren erabilera zabaltzea helburu duen Itchy Coo argitaletxea sortu zuen 2002an. Haur eta gazteentzako liburuak argitaratzeaz gain, hezkuntza-programa bat abiatu zuten, zeinaren bidez eskozierarekiko jarrera erabat aldatu baitzen Eskoziako ikastetxeetan[3]. Besteak beste, trebakuntza-saioak eman dituzte Eskoziako ia eskualde guztietan, bai irakasleei bai irakasleen formakuntzaz arduratzen diren erakundeei zuzenduak.[4]

Hizkuntza-aholkularia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Matthew Fitt Eskoziako Gobernuko lan-taldearen aholkularia izan da hizkuntza-kontuetan, eta hizkuntza-politikaz arduratzen diren hainbat erakunde nazionalekin lan egin izan du.[2][3] Gainera, Eskoziako tokiko erakundeen eta komunikabideen ohiko aholku-emailea da.[3] Duela urte batzuk eskozieraren alde hitz egin zuen Nazio Batuen Erakundearen egoitza nagusian, New Yorken.[2]

Gaur egun, itzultzailea da Eskoziako Parlamentuan.[2][3]

Lan hautatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Pure Radge (1996)
  • Sairheid City (1999)
  • But'n'Ben A-Go-Go (2000)
  • Gaberlunzie Joe (Itchy Coo Series) (2002)
  • The Hoose O Haivers (Itchy Coo Series), Susan Rennie eta James Robertsekin batera (2002)
  • The Smoky Smirr O Rain: A Scots Anthology (Itchy Coo Series), James Robertson-ekin batera (2003)
  • King O the Midden: Manky Mingin Rhymes in Scots (Itchy Coo Series), James Robertson eta Bob Dewar-ekin batera (2003)

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. ↑ .
  2. 1 2 3 4 Matthew Fitt: webgune ofiziala. (kontsulta data: 2017-08-24).
  3. 1 2 3 4 5 Wigtown Book Festival: epaimahaia. (kontsulta data: 2017-08-24).[Betiko hautsitako esteka]
  4. ↑ Itchy Coo. (kontsulta data: 2017-08-24).

Kanpo loturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]