Mendi-kasko

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mendi-kasko
mendi-kaskoa borroka baten erdian

Irudi gehiago
Kokapena
Arkitektura
AtalakDorre nagusi:
ward (en) Itzuli:
aintzi-murru:
oholesi:

Mendi-kaskoa gaztelu, dorre edo etxe gotor baten lurrezko eta harrizko kokalekua da, gizakiak metatua. Erdi Aroan hedapen eta erabilera handiak izan zituen Mendebaldeko Europako hainbat tokitan, ziurrenik IX. mendetik aurrera. Mendi-kaskokoa ere gaztelu mota bat da, garapen gutxiko gotorlekua, baina tumulu bat oinarri duena.

Garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tumulu horiek, gehienetan oinplano zirkularrekoak, inguruan lubanarroa izaten zuten multzoa gotorrago egitearren, lur-meta egiteko lurra eskuratzean induskatua. Gainean eraikin gotorra jartzen zen, eta inguruan, goian edota behean, itxitura bat. Goiko eraikin bera, eta inguruko itxitura edo itxiturak zurezkoak edo harrizkoak izan zitezkeen (harresiak edo oholesiak). Gotorleku horietan bilakaerak ere izan ziren, zuretik harrira, eraikin nagusietan eta babes osagarrietan, suaren arriskua saihesteko eta multzoa gotorrago egiteko, edo erosotasun bila, besterik gabe.

Mendi-kaskoaren ondoan etxe multzo bat izaten zen, beheko barrutia deitua, bera ere harresiz edo oholesiz babestua. Askotan, mendi-kaskoa eta beheko barrutia(k) multzo banaezin modura aurkezten dira («motte and bailey castle» ingelesez). Lope Gartzea Salazarrek (1379-1476) aipatu zuen Someano leinuak Sopuertan, Bizkaian, eraikitako mendi-kaskoa (bastida deitu zion), goian larrialdietarako etxetxo bat zuela, eta jauregia edo bizitokia kanpoan geratzen zela, behean.[1].

Ekaiak erraz lortzeko eta azkar eraikitzeko, mendi-kaskoak erabili zituzten konkistatzaileek beren buruak babesteko irabazitako lurretan, edo leinuek jaurgoetan egoitza modura, segurtasun bila edota inguruetatik nabarmentzeko ikur modura; baina, hori guztia, bereziki lurralde lauetan eta muino apalekoetan.

Berez, mendi-kaskoa asmo militarrez gizakiak egindako tumulu bat bada ere, batzuetan kontzeptua zabalago egiten da, muino baten goialde landua eta malda erpinagoa dituen gotorleku baten kokalekura.

Kasko motaren sorrera ezin izan da zehaztu; hasieran, oro har, bikingoei leporatzen badiete ere, badaude beste hipotesi batzuk. Hala ere, ezin da baztertu abiapuntu bat baino gehiago egon izana, baliabide erraza baita babesteko asmatzeko; ordurako, erromatarrek kanpalekuetan lur metatua erabiltzen zuten itxituretan, eta, horretarako, inguruan lubanarroak induskatzen zituzten. XI. mendeko gerretan asko zabaldu zen erabilera ipar-mendebaldeko Europan. Mendi-kasko baten eraikuntza (Hastings gaztelua, Ekialdeko Sussex) eta beste baten aurkako erasoa (Dinan gaztelua, Bretainia) jasoak geratu dira Bayeuxeko tapizean, 1080. urte inguruan ehotakoan.

XIX. mendean ere mendi-kaskoak altxatu zituzten gotorleku baten oinarria izateko, bakartuak bide ondoan, edo fuerte baten barrualdean, bereziki aurrez ekoitzitako blokhaus motako eraikina jartzeko gainean.

Mendi-kaskoak Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ipar Euskal Herrian, iparraldetik zetorren lurraldearen egituraketa feudal goiztiarraren eraginez eta, beharbada, Ingalaterrako (Akitaniako dukerria) eta Frantziako erresumen arteko talken ondorioz, 40 mendi-kasko baino gehiago zerrendatu dira hiru probintzietako lautadetan eta muinoetan. Batzuek orain arte gorde dute gaineko eraikina (Mauleko gaztelua, Amikuzeko Gamue…), baina gehienetan ez ziren mendi-kasko motako gaztelutik harago joan. Ezagunenetako bat Donazaharreko Donapetri gaztelua da, herrian kaskomendi izenez ezagutua tumulua, 1177. urtean Rikardo I.a Lehoibihotzak hartu eta suntsitu zuen, Ingalaterrako printze zela.

Hegoaldean, geografiaren goraguneek eta harkaitzek babesa emateaz gain, gaia askoz gutxiago jorratu da. Gipuzkoan, sei aukera eskaini dira, horietako bi induskatuak[2]; Bizkaian, Lope Gartzea Salazarren aipua dugu; Araban, berriz, oraingoz balizko bi mendi-kaskoez gain, Alaitza (Iruraiz-Gauna) herriko elizako 1982an aurkitutako XIV. mendeko horma-margoa daukagu, non, besteak beste, mendi-kasko motako gaztelu bat agertzen baita, eraso baten erdian.[3].

Euskal Herrian ere XIX. mendeko fuerte batzuetan eraiki zituzten mendi-kaskoak, napoleondar osteek eta liberalek bereziki, eta horietako baten marrazkia iritsi zaigu, «Blokhaus Hernani eta Tolosa artean» izenburukoa.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. GARCÍA DE SALAZAR, Lope. Libro de las Buenas Andanças e Fortunas que fizo Lope García de Salazar: Edición crítica, estudio y notas de María Consuelo Villacorta Macho. Leioa, Euskal Herriko Unibertsitatea, 2015, 899 or
  2. ARRIETA VALVERDE, Antton. Euskal Herriko gazteluak. Gipuzkoa. Donostia, 2021, 204-210 or.
  3. EGUIA LOPEZ DE SABANDO, JOSE. Gaceo y Alaiza. Pinturas murales góticas. Gasteiz, Arabako Foru Aldundia, 1990, 2. argitaraldia, 34-46 or.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]