Mendukilo
Mendukilo | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 750 m |
Mota | haitzulo |
Luzera | 650 m |
Geografia | |
Koordenatuak | 42°58′32″N 1°55′13″W / 42.97554629°N 1.92037458°W |
Herrialdea | Euskal Herria |
Foru erkidego | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Larraun |
Nafarroako kontzeju | Astitz |
Mendukilo izeneko leizea Astitzen dago, Nafarroako Larraun haranean.[1]
Leizeko tenperatura 8-10 °C da eta hezetasuna saturazio puntuan egoten da. Udazkena eta neguan ur ugari izaten du, zonako prezipitazioak berehala iristen baitira leizera. Udan, berriz, nabarmen lehortzen da.
Geologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kobazuloa Aralarko mendilerroan dago, ingurune karstiko batean. Bertako arrokak Kretazeo eta Jurasikokoak dira, baina kobazuloa dagoen eremua Aptiar-Albiarrekoak dira, urgoniar motakoak[2]. Kobazuloak beherantz egiten du eta zazpi gela ditu guztira, horietako hiru bisitagarriak.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendetan mendi ukuilu gisara erabilia izan da, beraz, baliteke izena hortik etortzea: mendi-ukuilu. Arkeologoek egindako indusketek hori berresten dute, (Lehen Burdin Aroko, (K. a. 900-200) aztarnak agertu dira sarrerako gelan)[3].
Idatzizko dokumentuetara jotzen badugu, 1908. urteko Larraungo udaleko katastro zaharrenean, Endrokillo izenarekin agertzen zaigu. Bertakoek leizea betidanik ezagutu arren, gutxi ausartzen ziren sarrerako gelatik haratago joatera. Honela, 1955. urtean, Vianako Printzearen espeleologia taldeak lehen sarrera ofizialak egin zituen.
Urte batzuk igaro behar izan ziren leizearen lehen topografia partziala gauzatzeko, eta hori Isaac Santestebanek egin 1967. urtean. Santestebanek hasitako lanei 1974. urtean ekin zieten berriro Karlos Akaz-ek (Nafarroako Gobernuko topografoa) eta Kontxi Mendibek, leize osoaren topografia osatu baitzuten. Hamarkada horren hasieran, leizeak pairatzen zituen txikizioari eta formazioen lapurretei aurre egiteko, Nafarroako Gobernuak leizearen ahoa horma batez itxi zuen.
Leizea bi hamarkada luzez itxita egon ostean, 2001eko urte hasieran turismoarentzat atontzea erabakitzen zen, eta horretarako, 2003. urte amaieran lanean hasi ziren. Lan horiek 2005eko uztailean amaitu ziren eta leizea turismoarentzat urte horretako uztailaren 22an ireki zen.
Bisita
[aldatu | aldatu iturburu kodea]2005eko udatik aurrera, erabilpen berria du leize honek, bisitariak jasotzeko moduan atondu baita[4]. Lur azpira iristea edonori errazteko asmoz honako aurrerapen hauetaz hornitu da leizea: zaldain flotakorra, argiztapen berezia (argi dinamikoak) eta multimedia sistema. Horrela, ibilbidea bere kasa bi pisu igo eta jaitsi ditzakeen edonorentzat egokituta dago. Bisitaldi guztiak bertako gidarien laguntzaz gauzatzen dira, gehienez 25 pertsonaz osatutako taldeetan. 50 minutuko iraupena duten bisita horietan hiru gelaune ikusteko parada izaten da:
- Artzainzulo, sarrerako gela izanik, argi naturala iristen da hara eta haren bolumen itzelari esker, nahikoa argia izaten du. Gela horretan lehen formazio geologiko xumeak ikusten dira. Gelaren amaierara iristean, Jentileioko tutuan sartu eta 28m jaitsi ostean, (90 harmaila) leizearen erraietara heltzeko modua dago. Hartz Zuloa izeneko gelak banatzaile gisara jokatzen du, bertatik gainontzeko geletarako sarrera baitago.
- Laminosin, gelaune honen ezaugarri nagusia formazio geologikoen aniztasuna eta kopurua handiak dira: estalaktitak, estalagmitak, gourgs-ak...non-nahi gertu-gertutik ikusteko moduan.
- Herensugearen Gotorlekua, bisitatu ahal den azken gelaune honen bereizgarria haren bolumen itzela da (60mko luzerakoa, zenbait puntutan 20mko altuerakoa).
Leizeen sarreran harrera-etxe bat dago.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Mendukilo Leizea (eta 2)» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2020-02-29).
- ↑ (Ingelesez) Bernal-Wormull, J. L.; Moreno, A.; Bartolomé, M.; Arriolabengoa, M.; Pérez-Mejías, C.; Iriarte, E.; Osácar, C.; Spötl, C. et al.. (2023-04-01). «New insights into the climate of northern Iberia during the Younger Dryas and Holocene: The Mendukilo multi-speleothem record» Quaternary Science Reviews 305: 108006. doi: . ISSN 0277-3791. (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
- ↑ Ramos Aguirre, Mikel. (2010). «Un asentamiento de la Edad de Hierro en la cueva de Mendukilo (Astitz, Valle de Larraun–Navarra)» Cuadernos de Arqueología 182: 283-299..
- ↑ «Bisita gaitzazu - MENDUKILO, Astitz, Nafarroa Garaia | Turismo Rural.» Mendukilo aitzuloa (Noiz kontsultatua: 2023-03-27).
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Euskal Wikiatlasa |