Miami Showband hilketak
Miami Showband hilketak edota Miami Showband sarraskia (irlanderaz: Dúnmharú an Miami Showband; ingelesez: Miami Showband killings) edota Miami Showband Massacre, 1975eko uztailaren 31an, Ipar Irlandan UVFk eta Britainiar Armadak egindako hilketa bat izan zen eta, ondorioz, The Miami Showband dublindar pop-country musika taldeko hainbat kide hilik gertatu ziren.
Atentatua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aurreko gauean, taldekideak Dublin hiritik abiatu eta Ipar Irlandako Banbridge hirian musika emanaldia eskaini zuen. Hurrengo egunean, goizeko 2:30ak aldera, Dublinera errepidez eta minibusez A1 errepidean itzulera bidaian zihoazela, Down konderriko Buskhill herri inguruan militar kontrol batekin topo egin zuen, Newry hiritik 11 kilometro iparraldera. Bertan, Britainiar Armadako uniformedun gizon armatu batzuk bost taldekideei minibusetik atera eta errepide bazterrean ilaran jarri zitezela agindu zieten. Bitartean, gizon uniformedun batzuk minibusaren azpialdean 4,5 kg-ko lehergailu bat jarri zuten, loialisten asmoa lehergailua bidaian zehar lehertu eta atentatua nahiz taldekideen heriotzak Behin-behineko IRAri egoztea zen. Baina lehergailuak eztanda egin eta UVFko Harris Boyle (22 urte) eta UDRko Wesley Somerville (34 urte) kideak jo eta bertan hil ziren.
Orduan, gainontzeko UVFko kideek errepide bazterrean zeuden musikariak tirokatu, haietako hiru hil eta beste biak zauritu zituzten. Hildakoak: Fran O'Toole (28 urte, ahotsa), Tony Geraghty (24 urte, gitarra) eta Brian McCoy (32 urte, tronpetaria). Stephen Travers (24 urte, baxu-jotzailea) dum-dum bala batez larriki zauritua izan zen baina McCoyren gorpuaren alboan egonik hila zegoenaren papera egin eta bizirautea lortu zuen, eta Des McAleak (24 urte, saxojolea) leherketaren ondorioz minibuseko ateak jo zuen baina ez zen larriki zauritua suertatu, errepide bazterreko sastraketan ezkutatu eta loialistak beretaz jabetu ez zirelako egin.
Bestalde, Ray Millar bateria-jotzailea ez zioan minibusean, Antrim konderrikoa zenez bere gurasoak bisitatzen gelditu baitzen.
Errudunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1998an atentatu honen inguruko epaiketa burutu eta bi britainiar soldadu aktibo eta soldadu ohi bat bizi osorako espetxealdiaz zigortu zituzten. Eraso honen ardura Glenanne gang talde loialistari leporatu zitzaion, loialista, polizia eta britainiar soldaduen arteko ezkutuko aliantzaz osatutako talde armatua. Epaiketan zehar Britainiar Armadako ofizialen eta talde armatu loilisten arteko harreman estua azaleratu zen.