Compagnie du Midi

Wikipedia, Entziklopedia askea
Midiko Konpainia» orritik birbideratua)
Jump to navigation Jump to search
Egungo Midiko burdinbide sarearen mapa Bordeleko geltokian
Industriaren festa eta burdinbide linearen inaugurazioa Tolosa Okzitanian (1857)

Compagnie des chemins de fer du Midi et du Canal latéral à la Garonne (laburki Compagnie du Midi, euskaraz Midiko Konpainia) 1852an Pereire anaiek sortutako burdinbide konpainia izan zen. Frantzia hego-mendebaldeko Atlantikotik ekialdeko Pirinioetako Mediterraneoraino hedatu zen.[oh 1]

Ondorioz, urte berean, proiektuari finantza euskarria emateko Crédit Mobilier banku-erakundea sortu zen. Midiko Konpainia Parisen finkatutako Pereire anaien lehendabiziko burdinbideko inbertsio handi ausarta izan zen, baita burdinbideen nazioarteko hedakuntzarako lehen urratsa ere.

Sorrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1852, Pereiretarrek Bordele-La Teste burdinbide-tartea berritzeko esleipena jaso zuten, Espainiako mugarainoko lehen zatia izango zena.[1] Hurrengo hilabeteetan, Baiona eta Perpinyàrainoko zein Narbonarainoko lineak eskuratu zituzten eta, berehala, Midiko Konpainia sortu zuten azaroaren 5ean. Proiektuak Midiko kanalarekin paralelo joan eta berehala, batelarien artean, ondorio hondagarriak izango zituenez, konpainia berriaren izenari "et du Canal latéral à la Garonne" gehitu zitzaion. Burdinbide berriak kanalaren jarduera suntsitu zuen, baina batelari asko Midiko Konpainiaren lanean hasi ziren beharrezko heziketa jaso ondoren.[2]

Pereire anaiek Iberiar Penintsulan ere esku hartzeko behar izan zuten oinarria izan zen, Pirinioetako sarbideei eta sortutako negozio-aukerei esker[3]. 1853an, Crédito Mobiliario sortzeko lehendabiziko eskaera egin zuten. Pereiretarrek Pirinioetako bidea urratzeko interes eta inplikazio berezia izan zuten, lehia bizi batean baitziren Rothschildarrekin negozioa Europa osora, baita Espainiako estatura ere, hedatzeko.

1855ean, Bordele-Baiona linea ireki zen, Erresuma Batutik fabrikatu eta ekarritako materialaz eta britainiar konpainia batek eraikita. 1856ko abuzturako, Pereiretarren burdinbidea Tolosa-Okzitaniara heldu zen, baita Sètera ere zortzi hilabete geroago. 1857ko apirilean, Pereiretarrek efektu-kolpe bat eman zuten harreman publikoetan, Bordele eta Sètetik abiatutako bi trenek Tolosan elkarrekin bat egin zutenean, tren banatan Isaac eta Emile konpainiaren nagusiak zeramatzatela. Balentria horren saritan, Napoleon III.ak Ohorezko Legioaren ofizial izendatu zuen Isaac.[4]

Bilakaera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Emile Pereire, konpainiako lehen presidentea
Konpainiak erabilitako lokomotor bat

Obrak Bordeletik hegoaldera Landetan barrena hedatu ahala, Konpainiak burdinbideak zeharkatzen zuen lurralde horretako padurak lehortu eta gezatzeari ekin zion eta, horri uztartuta, pinuak landatzeari eta laboreak ustiatzeari, burdinbidearen inguruan Pereiretarrek zuten negozio-estrategiaren arabera: elkarri lotutako arlo desberdinetako ekintzen integrazioa (meatzaritza, zuhaitz-mozketa, etab.).[5] 1913an hil zen arte, Emile II Pereire izan zen konpainiako zuzendaria, baita Henry Pereire ere, presidenteorde hautatua izan zen arte, 1911tik 1926ra.[6]

1934ean, bat egin zuen Parisetik Orleanserako Burdinbide Konpainiarekin (PO).[7]

Gizarte arloko neurriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pereiretarrak gizarteko arazoen gaineko kezka agertu zuten. Frantziaren 'eginkizun zibilizatzailea'arekin irmo sinetsita zeuden ere.[8] Alde horretatik, Midiko burdinbide-sarean langileen tratamenduan hobekuntza aipagarriak izan ziren, Transaten egin bezala, asmoa agertu baitzuten sansimondar ideien haien ikuspegia bertan aplikatzeko. Midiko Konpainia izan zen lehenetakoa lan-zerbitzu luzeagatik baimen ordaindua ematen, baita gaixotasun-baja ordaindua, tuberkulosiak jotako enplegatuentzako baimenaldia bainuetxean, zahartzaro-erretiro nahiko oparoak, enplegatuen emazte eta haurrek osasun-arreta jasotzeko aukera eta alargunek pentsioa izateko parada ere batzuetan.[9]

Morcenxen, ikastetxeak eraiki ziren trenbidearen enplegatuen seme-alabak eskolatuak izateko, eta irakaskuntza zein bertaratzeko garraioa dohainik zen. Eskola curriculuma modernoa zen mutilentzat eta ez hainbeste neskentzat, etxeko lanetan aritzeko prestaketa ematen baitzitzaien batez ere. Gainera, eskola-zikloa gaindituz gero, enplegu segurua zuten konpainian. Burdinbidezainen emazteek lana eskuratzen zuten pasabideko langak zaintzen eta geltokiko leihatiletan. 1863an, 1.100 emakume zeuden horrelako postuetan enplegatuta.[10]

Oharrak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Pirinioen ekialdera helduta, Rothschildarrek berehala eragotzi nahi izan zuten Pereiretarren eragina Mediterraneora ere zabaltzea.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Alain, C.. (2014). «La Compagnie du Midi» Memoire Ferroviaire de Bordeaux (Bordele).
  2. Alain, C.. (2014). «La Compagnie du Midi» Memoire Ferroviaire de Bordeaux (Bordele).
  3. Roth, Ralph; Dinhobl, Günter (2008), 19-21. or.
  4. Davies, Hellen M. (2015).
  5. Davies, Hellen M. (2015).
  6. Davies, Hellen M. (2015), 230. or.
  7. Alain, C.. (2014). «La Compagnie du Midi» Memoire Ferroviaire de Bordeaux (Bordele).
  8. Davies, Hellen M. (2015).
  9. Davies, Hellen M. (2015).
  10. Davies, Hellen M. (2015).

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]