Rothschild

Wikipedia, Entziklopedia askea
Hona jauzi: nabigazioa, Bilatu
Rothschild familiaren armarria

Rothschild familia (ingelesez ˈrɒθs.tʃaɪld, alemanez ˈʁoːt.ʃɪlt, frantsesez ʁɔt.ʃild eta italieraz ˈrɔtʃild ahoskatua) edo Rothschildarrak alemaniar bankari-dinastia judua da, mende eta erdian zehar Europako ekonomiaren eta, zeharka bada ere, politikaren bilakaeran eragin handia izan zuena.

Meyer Amschel Rothschild izan zen dinastiaren sortzailea (1744-1812), eta gurasoengandik jaso zuen txanpon- eta bitxi-denda baten zuzendari-lanetan hasi zen Frankfurt am Mainen. Banketxe bat zabaldu zuen, eta Saxoniako Gilen IX.a printzeak gorteko kide egin zuen. Frantziako Iraultzak eta Napoleonen gerrek eman zioten, ordea, aberastasunak ugaltzeko parada.

Bere seme nagusi Amschel Mayerrekin (1773-1885) batean, Frankfurt am Maineko egoitzako zuzendari zen artean, egoitza berri bat zabaldu zuen Nathan semeak (1777-1836) Londresen 1804an, beste bat James semeak (1792-1855) Vienan eta hirugarren bat Carlek (1788-1855) Napolin. Europako monarkiei Napoleonen aurkako gerretan laguntzeagatik jaso zuen Rothschild familiak erregeen laguntza, eta bere egoitzen nazioarteko sareak eskaintzen zion ekonomia-egituraz baliatuta, parte zuzena izan zuen Industria Iraultzaren bilakaeran. Diru-inbertsio handiak egin zituen altzairugintzan, mea-ustiakuntzan eta ehungintzan.

XIX. mendearen bukaeran sortu ziren merkataritza-banketxeek eta nazioarteko partzuergoek, ordea, ahuldu zuten, neurri batean, familiaren ekonomia. Lehen Mundu Gerraren ondorioz, egoitza guztiak itxi behar izan zituzten, Pariskoa eta Londreskoa izan ezik. Hala eta guztiz ere, garrantzi handia izaten jarraitu du familiak nazioarteko finantzetan.

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Rothschild Aldatu lotura Wikidatan