Neronen antzokia

Koordenatuak: 41°54′06″N 12°27′39″E / 41.9017°N 12.4608°E / 41.9017; 12.4608
Wikipedia, Entziklopedia askea
Neronen antzokia
Theatrum Neronis
Teatro di Nerone
Kokapena
Estatu burujabe Italia
Eskualdea Lazio
Italiako hiri metropolitarraErromako hiri metropolitarra
HiriaErroma
Koordenatuak41°54′06″N 12°27′39″E / 41.9017°N 12.4608°E / 41.9017; 12.4608
Map
Historia eta erabilera
Irekiera60
KomisarioaNeron
SuntsipenaII. mendea

Neronen antzokia (latinez: Theatrum Neronis)[1] antzoki pribatua izan zen Erroman Neron enperdore erromatarrak eraikia 53tik 68ra bitartean. Iturri literarioek bakarrik ematen zuten haren berri, 2020an aztarna arkeologikoak aurkitu zituzten arte. Indusketa arkeologikoek 2023ra arte iraun zuten. Haietan, marmolezko zutabeak aurkitu ziren, urre orriz apainduta, Plinio Zaharraren testuetan aipatzen den bezala. Ondorioz, Tiber ibaiaren aurreko lekua Neronen Antzoki gisa identifikatu zen.

Kokalekua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Antzokia Tiberren eskuinaldean zegoen, Ager Vaticanusen, Agripina Zaharraren hortietan, lorategietan, non Kaligulak zirku handi bat altxatu zuen zaldi lasterketetarako eta Neronek antzoki bat. Antzoki honen aurriak Palazzo Dei Penitenzieri errenazentistaren patioan aurkitzen dira, Palazzo Dellla Rovere ere deitzen dena, Borgon, Via della Conciliazione (Vatikanora daraman bidea) eta Borgo Santo Spirito artean.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Plinio Zaharrak antzokia esplizituki aipatzen du[2], eta inplizituki Suetoniok eta Tazitok[3]. Plinioren arabera, enperadoreak kontsul ohi bati konfiskatutako ondasunak erakutsi zituen bere antzoki pribatuan (theatrum peculiare). Neronek erabili zuen ondorengo Ponpeioren antzokiko kantu-agerraldi publikoen entseguetarako, eta bere harrotasuna asetzeko bezain handia zen jendez beteta zegoenean[4]. Suetoniok idatzi zuen Neronia jaialdian enperadoreak in hortis (lorategietan) agertuko zela agindu zuela, bere antzokiari zeharkako erreferentzia eginez[5]. Azkenik, Tazitok dio Ludi Juvenales saioetan per domum aut hortos abestu zuela[6][7], eraikinaren beste zantzu bat. Litekeena da, halaber, Tazitok aipatzen duen domestica scaena, K.o. 64. urtean Neronek Erromako Sute Handia miresteko erabili zuen tokia, ez izatea Mezenasen lorategiak Eskilino mendian[8], antzokia baizik[9]. Antzokia, Tiber ibaiaren eskuinaldean kokatua, oso urrun zegoen suak eragindako eremuetatik, eta, beraz, behaketa-puntu seguru bat, dorrea ez bezala, erdian baitzegoen. K.o. II. mendearen hasieran, eraikina eraitsi egin zuten materialak berrerabiltzeko, in situ aurkitutako marmolezko bost zutabek erakusten dutenez.

Antzokia azken aldiz XII. mendearen erdialdean aipatzen da Mirabilia Urbis Romae (Erroma hiriko mirariak) erromesen gidan, non esaten baita Castellum Crescentiii-tik hurbil dagoela (gaur egun Sant'Angelo gaztelua). 2020ko ikerketa estratigrafikoan zehar, errepublikaren amaieratik XVI. mendera arteko artefaktuak aurkitu ziren. Batez ere, Erdi Aroan, antzokiaren eremua eskulangintzarako eta erromesen etorrerarekin lotutako leku bihurtu zen, arrosarioetarako moldeak aurkitu ziren, musika-tresnak eta altzarien bandak egiteko egindako hezurrezko objektuak, pitxerrak, beira, altzari liturgiko eta material zeramiko gisa erabilitako kalizak, eta erromesentzako bi insignia (Luccako Aurpegi Donea eta Rocamadourreko Andra Maria erakusten dute)[10]. Halaber, zenbait aztarna aurkitu ziren lekua Portus Maiorekin lotzen zuen bidean, Tiber lehorreratzen den lekuan, Sant'Angelo zubitik behera[10]. Antzokiaren orubean, 1480. urtearen inguruan, Domenico della Rove kardinalak Della Rovere Palazzoa eraiki zuen, ziurrenik Baccio Pontellik eraikia.

2020an hasi ziren indusketetan aurkitu ziren antzokiaren aztarnak, Erromako monumentuen superintendentzia arkeologiko bereziaren zuzendaritzapean[1]. Erromako superintendenteak, Daniela Porrok, antzorkiaren aurkikuntza 2023ko uztailaren 27an iragarri zuen[11]. Indusketan, mozorroen hondakinak, koloretako beirazko kopak, zeramika eta sukaldeko tresnak aurkitu ziren. Agintarien arabera, antzinako piezak museo batera eramanen dira, eta antzerkiaren egituraren hondarrak, berriz, ikasketa guztiak amaitutakoan berreskuratuko dira[12][11].

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Opus latericium bi egitura aurkitu dira Palazzo della Rovera errenazentistaren patioaren azpian[1], patio ireki batera ematen zutenak, seguruenik arkupe batez inguratuta. Eraikinak Julio-Klaudiar garaian data daitezke, adreiluetan aurkitutako estanpei esker. Lehenengo egiturak hemiziklo-oinplanoa du, sarbide erradialak, eskailerak eta hormak ditu. Beraz, antzokiko cavearen gisa identifika daiteke, jendearentzako aulki-harmailak zeuden tokia. Scaenae frons mendebalderantz begira zegoen. Dekorazio-aparatua joniarra zen, eta hondarretatik ondorioztatzen da marmol zuriz eta koloredunez eta urre orriz estalitako iztukuz estalia zegoela, Domus Aurea bezala. Bigarren eraikina, berriz, lehenengoarekiko perpendikularra zen, eta zerbitzu-eginkizunetarako erabiltzen zen, eta, agian, dekoratuak eta jantziak ere bazituen.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c (Italieraz) «Ritrovato a Roma il leggendario Teatro di Nerone: resti della cavea, colonne e decori nella corte di Palazzo della Rovere» Corriere della Sera 2023-07-26 (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  2. Plinio Zaharrak antzokia azkenean aurkitu den lekuan kokatzen du "theatrum peculiare trans Tiberim in hortis" , Plinio Zaharra, Historia Naturalis XXXVII, 19
  3. Tazito, Analak XV, 39 in Analak eta Historiak II, itz.: Xabier Amuriza Zarraonaindia, Klasikoak bilduma, 2005: "Neurriok populartasun guran izan arren, alferreko gertatu ziren, zurrumurrua zabaldu baitzen, Hiria sutan zegoen une berean, Neron etxeko eszenatokira igo eta Troiaren suntsipena kantatzen hasi zela, orduko eta antzinako hondamenak alderatuz."
  4. «LacusCurtius • Pliny the Elder's Natural History — Book 37, 19» penelope.uchicago.edu (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  5. «De vitis Caesarum, Nero, 21, 1» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  6. «Tacitus: Annales XV, 33, 1» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  7. Tazito, Analak XV, 33, 1 in Analak eta Historiak II, itz.: Xabier Amuriza Zarraonaindia, Klasikoak bilduma, 2005: "Gaio Lekanio eta Marko Lizinoren kontsulaldian, egunetik egunerako irrika biziagoak Neron eszenatoki publikoetara joanarazten zuen, zeren artean etxean edo ortuetan bakarrik kantatu baitzuen Joko Juvenaletan, zeintzuk orain jende gutxikotzat eta bere ahots bikainarentzat mehartzat jotzen zituen."
  8. Mezenasen lorategiak Eskilino mendixkan zeuden, non Neronek birritan eraiki zuen etxea.
  9. «Tacitus: Annales XV, 39» www.thelatinlibrary.com (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  10. a b (Italieraz) «A Roma ritrovato il teatro di Nerone a Palazzo della Rovere - Lazio - Ansa.it» Agenzia ANSA 2023-07-26 (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  11. a b (Ingelesez) Nadeau, Barbie Latza. (2023-07-28). «Lost for centuries, Emperor Nero's theater is unearthed in Rome» CNN (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).
  12. (Ingelesez) Press, Associated. (2023-07-27). «Emperor Nero’s lost theatre found under site of hotel in Rome» The Guardian ISSN 0261-3077. (Noiz kontsultatua: 2023-10-03).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]