Edukira joan

Oiartzun (ibaia)

Koordenatuak: 43°18′58″N 1°54′04″W / 43.31622°N 1.90124°W / 43.31622; -1.90124
Wikipedia, Entziklopedia askea
Oiartzun
Datu orokorrak
Motaibai eta ur-laster
Luzera16,6 km
Geografia
Map
Koordenatuak43°18′58″N 1°54′04″W / 43.31622°N 1.90124°W / 43.31622; -1.90124
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
IturburuaAiako harria
Bokalea
()
Kantauri

Oiartzun[1] ibaia Gipuzkoan jarioan dabilen ibairik motzena da. Haren arroak 82,27 km²-ko eremua hartzen du: Oiartzun, Errenteria, Lezo eta Pasaiako herria zeharkatuz eginiko ibilbideak 16 km eskasean, lau herri horietan bizi diren 80.000 bat biztanleren eta Gipuzkoako industrigune esanguratsuenen eta merkataritza portu nagusiaren eragina du.

Txikia baina garrantzi handikoa da. Oiartzun ibaiaren bailara Paleozoikoan (orain 380 milioi bat urte) hasi zen eratzen; hortaz, Euskal Herriko bailara zaharrenetarikoa dela esan daiteke. Prezipitazioen aldetik, bere iturburua euririk gehien egiten duen euskal zonaldean dago (2300 mm). Ur kopuru hori dela eta, ibaiaren iturburuaren inguruan San Anton, Añarbe eta Domiko urtegiak daude. IV. mendean Chronographus anni 354 idazlanak azaltzen duenez, Oiartzun Errenteria pareraino zen nabigagarria, bi kilometro inguru.[2]

Ibaia 16,6 km luze da, eta % 4,5eko malda du batez beste. Oso malda pikoa da; izan ere, urek tarte handia jaisten dute luzera txikian. Arroak itxura luzexka du. Ugaldetxoko industrialdean batzen diren Aiako Harri eta Bianditz mendien magaletatik sorturiko Arditurri ibaiak eta Aldura mendiko magaletako urek bultzatzen duten Sarobe ubide nagusiek hornitzen dute urez ibai ttipi hori, gehienbat. Ezin ahaztu, halaber, Altzibar auzoan Arditurrira batzen den Karrika erreka.

Arroaren goialdean, Aiako Harrietan maldarik handienak ditu. Goialdeko haran estuak V itxura du. Erdialdeko ibilgua leunagoa da eta uholde ordokia eratzera iristen da. Behealdeko ibilguan, berriz, Pasaiako senaia dugu; garai batean padura handia zen, egun Pasaia eta Errenteriako herriek eta portuko instalazioek hartzen dutena.

Ibaiaren kutsadura

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Industria jarduera handiko eskualdea denez eta hondakin urak arazten ez zirenez, ibaia oso kutsaturik izan da urte askoan. XX. mendearen bukaeran eta XXI.aren hasieran, hala ere, egoerak hobera egin du, industria zikinenetako asko itxi direlako eta araztegiak jartzen hasi direlako.

Dena dela, Administrazio publikoek oraindik ere ez dituzte betetzen Europar Batasunaren 91/271 Zuzentaraua (1991. urtekoa) eta hura betearazteko Espainiako 11/1995 Errege Dekretua (1995. urtekoa). Hiriguneetako hondakin urak tratatzeari buruzko bi lege horietan zehaztuta dago hondakin ur guzti-guztiak bildu eta araztu egin behar zirela 2006ko urtarrilaren 1erako.[3][4][5]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Argazki bilduma

[aldatu | aldatu iturburu kodea]