Pasaiako portua
| Pasaiako portua | |
|---|---|
| Portuaren barrualdea Trintxerpetik ikusita. | |
| Hiria | |
| Herrialdea | |
| Hiria | Pasaia |
| Koordenadak | 43°19′16.03″N 1°54′56.05″W / 43.3211194°N 1.9155694°W |
| Datuak | |
| Mota | Merkataritza |
| Portuaren azalera | 940.000 m2 |
| Lehorraren azalera | 600.000 m2 |
| Estatistikak | |
| Urteko zamaren pisua (Tn) | 4 milioi (2005) |
Pasaiako portua Pasaiako (Gipuzkoa) badian hedatzen da, Oiartzun ibaiaren bokalean, Pasaiako udalerrian eta Oiartzualdea eskualdean.
2023. urtean, Pasaiako portuak 3,5 milioi tona merkantzia mugitu zituen, aurreko urtearekin alderatuta %5,5eko hazkundea izan zuelarik. Edukiontzi eta merkantzia trafikoari dagokionez, Euskal Herriko portuen artean hirugarren tokian kokatzen da, Bilboko eta Baionako portuen atzetik, eta Espainiako Estatuko portuen artean hamaseigarren postuan.
Portuaren ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pasaiako portuak ezaugarri bereziak ditu, bere kokapen geografiko estrategikoari eta azpiegitura egokituari esker. Porturako sarbidea kanal estu baten bidez egiten da, eta kanal horrek 10 metroko sakonera du itsasbeheran. Sakonera hori etengabe mantentzen da, eta, horregatik, ez da beharrezkoa izaten ondoa dragatzea. Hala ere, portuak ez du 10 metrotik gorako kalatuko kairik, eta, beraz, kalatu eta luzera handiko itsasontziek debekatuta dute sarrera.
Portuko kaiek guztira 5.303 metroko luzera dute. Horietatik, %36k 10 metroko kalatua dute, %7k 8 metrokoa, %22k 6 metrokoa eta %35ek 5 metrokoa. Kai horiek hainbat erabileratarako dira: 1.500 metro arrantzarako erabiltzen dira, 3.250 metro jarduera komertzialetarako, eta gainerakoak ontziak konpontzeko eta bestelako jardueretarako.
Portuak 687.331 metro karratuko lur azalera du, eta 96,1 hektareako ur azalera, horietatik heren bat baino gehixeago sarbideari dagokio eta gainerakoa badiari berari. Herrerako auzoan portuaren industriagunea kokatzen da, eta Pasai Donibanen dagoen portu zatian ontziola bat dago.
Azken urteetan, portuak modernizazio eta berrantolaketa prozesu garrantzitsuak izan ditu. Adibidez, Lezoko dartsenan 28.788 metro karratuko eremua eman zaio Sobrinos de Manuel Cámara enpresari, balio anitzeko terminal bat ustiatzeko. Enpresa horrek 4.500 metro karratuko biltegi berri bat eraikiko du, batez ere produktu siderurgikoak biltegiratzeko. Gainera, Portu Agintaritzak 23 milioi euro inguru bideratuko ditu 2024tik 2027ra bitartean irisgarritasuna hobetzeko.
Pasaiako portuak, bere kokapen estrategikoari esker, Bizkaiko Golkoaren erdian eta Frantziako mugatik 15 kilometrora egonik, Garraioko Europako Barneko Sarearen Atlantikoko Korridorearekin zuzeneko lotura du. Horrek aukera ematen dio portuari SSSrako (Short Sea Shipping) egokia izateko, RO-RO itsasontzien hiru linea erregularren bidez.
Arrantza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1970eko hamarkada arte Pasaiako jarduera tradizionala izan zen. 1960ko hamarkada eta 1970eko hamarkadaren artean, bakailaoa arrantzatzen zuten 280 ontzi zeuden Pasaiako portuan. Arrantzan milaka pertsona aritzen ziren orduan. Urteek aurrera egin ahala, arrantzaren gainbehera etorri da, eta gaur egun 300 bat pertsona baino ez dira arrantzan aritzen, gehien bat baxurako itsasontzietan.

Pasaiako superportua edo kanpo portua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Portua txiki geratu zela eta badia barruan tokirik geratzen ez zela argudiatuta, Pasaiako Portu Agintaritzak —Espainiako Sustapen Ministerioaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz— portua handitzeko nahia agertu zuen 2008an. Horretarako, kanpoaldean portu berria eraikitzeko proiektua aurkeztu zuen. Proiektua Pasaiako portuko kanpo ditxoa (izen ofiziala), Pasaiako superportua eta Pasaiako kanpo portua izenez da ezaguna.
Egitasmo horren bitartez, Jaizkibelgo itsaslabarrean kai berriak eraikiko lirateke, eta Pasaiako badia barruko kaiak beste jarduera ekonomikoetarako erabiliko lirateke. Besteak beste, kirol portuak, etxebizitza berriak, parkeak, dendaguneak eta bestelakoak eraikiko lirateke, portuarenak diren (baina Portu Agintaritzak urte askorako enpresa batzuei errentan emanda dauzkan)[1] lurretan. Halaber, tunel bat egingo litzateke Jaizkibel mendiaren pean, portura errepidez ailegatu ahal izateko.

Hainbat elkarte proiektu horren aurka azaldu zen hasieratik,[2] Jaizkibelgo itsaslabarrak BGL izendaturik eta Natura 2000 sarearen barruan daudelako, superportua horrekin bateragarria ez delako, eta superportuak kalte handiak eragingo lituzkeelako bai mendian bertan, bai itsaspean. Talde horietako batzuek Jaizkibel Bizirik elkartea osatu zuten 2003. urtean. Besteak beste, informazio gehiago eskatzen zieten Administrazio publikoei; eta, proiektuak ingurumenari ekarriko liokeen kaltea eta eskatzen zuen dirutza handia aintzat hartuta, erreferendum bidez erabaki zedila proiektua egingo zen ala ez. Azkenean, 2008. urtean hasitako krisialdi ekonomikoak ekarri zuten superportuaren proiektua bertan behera uztea.[1]
Greenpeaceren esanetan, kanpo portua egiten izan balitz, portu espekulazioko beste kasu bat litzateke, hau da, gutxi batzuek irabazi handia egingo lukete, lurzorua bereganatuz eta hor eraikiz. Elkarte ekologista horrek agertu zuenez, ez zegoen kanpo portuaren bideragarritasuna oinarritzeko ekonomia arloko daturik, eta Sustapen Ministerioak aukera bakarra baizik ez luke aintzat hartu behar: 0 aukera, hots, kanpo porturik ez eraikitzea eta ordu arteko portu eremua berrantolatzea.[3]
PORTUAREN HISTORIA
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antxo
1844 Errege Bidea aldatu zen Donostia, Pasaia eta Errenteriarekin lotzeko. 1847an inauguratu zen, finantza-laguntza publiko eta pribatuarekin. Geroago, 1871 ean antxoko portua sortu zen. 1890eko administrazioarekiko Auzien Auzitegiaren epai batek berretsi zuen Vargas Poncek 1805ean xedatutakoa indarrean zegoela, eta, beraz, Antxoko barrutiaren jaiotza ofiziala gertatu zen. Antonio Maura abokatuak defendatu zuen Pasaia . Hortik aurrera Antxo garrantzi handiagoa hartu zuen kokapen estrategikoagatik .1933an, Altza, Errenteria eta Pasaia arteko lurralde-mugaketa, frankismoak Donostiatik bultzatua. Behin-behinekoa izan zen, eta oraindik ere indarrean jarraitzen du.
Galeria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b «Ingeniaritza kalkuluak ez dira zuzenak» Argia 2013-04-11 (kontsulta data: 2025-10-02).
- ↑ Jaizkibel Bizirik, Mutrikuko Natur Taldea, Arnasa eta Altza XXI, besteak beste: joxemizumalabe.org (2007-7-15)
- ↑ Greenpeace (2010): Destrucción a toda costa 2010, Euskadi.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]