Ormaiztegiko zubibidea
Ormaiztegiko zubibidea | |
---|---|
![]() | |
![]() | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | ![]() |
Koordenatuak | 43°02′37″N 2°15′36″W / 43.04355°N 2.25992°W |
![]() | |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | XIX. mendea |
Arkitektura | |
Egitura ingeniaritza | Alexandre Lavalley |
Materiala(k) | altzairua |
Ondarea | |
EJren ondarea | 18 |
Ormaiztegiko zubibidea[1] Madril-Hendaia burdinbideko antzinako biaduktua da, Ormaiztegin dagoena, Gipuzkoan. 1863an eraikia sareta-habeak erabiliz, 291 metroko luzera eta 34 metroko gehieneko altuera ditu. 1995 arte egon zen zerbitzuan.[2] 2003tik monumentu izendaturik dago.
Dagoeneko erabiltzen ez den eraikitze-sistema batez egin baitzuten, erabat didaktikoa gertatzen da; izan ere, altzairu ijeztua ordezkatze eta desagertze prozesua sufritu duen eraikuntza mota da. Burdinbideak garatu ziren garaiaren adierazgarri da eta, bai duen antzinatasuna, bai dituen neurri monumentalak eta duen garaierarengatik, XIX. mendeko ingeniaritza zibileko parerik gabeko ondasuna da Euskadin.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Madril-Hendaia burdinbidea 1856-1864 bitartean eraiki zen. Gipuzkoan 34 zubi egin behar izan ziren, denak 10 metrotik gorako argikoak. Horietako 11k metalezko egitura zuten eta gainerakoek harlanduz altxatu ziren.[1]
Metalezko zubien artean, Ormaiztegikoa izan zen handiena. Alexander Lavalley frantziar ingeniariak diseinatu zituen sareta-habeak, eta Ernest Gouin et Compagnie sozietateak Parisko Batignolles auzoan zuen lantegian fabrikatu ziren. 1864ko abuztuaren 15ean inauguratu zen.[3]
Balio estrategiko handia zuenez gero, gorabehera franko izan zituen gerra garaietan. 1873an, Bigarren Karlistaldian, Beasaingo geltokia erre zuen Santa Kruz apaizaren taldeak, baina Ormaiztegiko zubibideari kalte batzuk besterik ez zioten eragin.[3][4] 1912an, Altsasu eta Beasainen arteko tartea bikoiztu zuten, eta 1928an elektrifikatu zen.[5]

1936ko irailaren 20an, tropa frankisten aurrerabidea geldiarazteko, Bergarako Labe Garaietako langile batzuek sopleteekin ebaki zituzten biaduktuaren bi tarte. Ormaiztegi hartu ondoren, frankistek hiru lagun fusilatu zituzten sabotajearen egileak izatea egotzirik. Mola jeneralak zubibidea berehala konpontzeko agindu zuen. Kanpotik ekarritako langileak gau eta egun aritu ziren lanean, eta 1937ko otsailaren 1ean inauguratu zuten. Zubia sendotzeko hormigoizko zutabe berriak eraiki zituzten lehengo harrizkoen artean.[6]
1995eko uztailaren 1era arte egon zen zerbitzuan; data horretatik aitzina, paraleloan eraikitako hormigoizko biaduktu batek ordeztu zuen. Zubibide zaharra eraistea aurreikusia bazegoen ere, Ormaiztegiko Udala horren aurka agertu zen, eta herritarrek kontserbatzea erabaki zuten erreferendumez.[5] 2003an, monumentu izendatu zuen Eusko Jaurlaritzak.
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zubibideak eraikuntza-estetika erabatekoa du, burdinbideen metal-ingeniaritza zibilari lotua. Ez du apaindurarik, ez eta xehetasun historizistarik. Forma aldetik erakusten duen gauzarik nabarmenena da burdinazko xaflez egindako itxitura trinkoa eta zarratua, habeen arteko hutsuneak txarrantxatzen eta betetzen dituena.
291,5 metroko distantziako tartea gainditzen du, eta duen garaierarik gorena 34 metrokoa da. Bost baotan egituratutako kaxa jarrai baten moduan antolatu zen. Muturretako baoek 53,2 metro zituzten eta erdikoek 60,5 metro. Estetika ez da osorik burdinazkoa, lau euskarriak harlanduzko zutabez egin zirelako, baina horrek berorrek berez arina den zubibidearen gorputz horizontala arinagoa egiten du begietara.
Egun, hormigoi armatuzko bost euskarri ere ditu, Espainiako Gerra Zibilaren garaian egindakoak. Horregatik, gaur egungo baoak hamar dira, eta iraun egin izan da metalezko egitura, hau da, habe jarraituez egindako metalezko egitura, elkarren artean errematxez lotutako altzairu laminatuzko elementuak dituena. Baoek 30 eta 25 metro bitarteko neurriak dituzte, eta erdikoak dira handienak.
Burdinazko egiturak hiru habe nagusi ditu elkarren paralelo direnak, eta ardatz batetik bestera 3,18 metroko tartea dutenak, eta 5,60 metroko ertza. Burdinbide bikoitzari eusten dioten hiru habeak jarraituak dira, eta barra lauez osatutako sareta anitzekoak. Habeak tartetan banatuta daude 2,40 metroko oinarrizko modulazioa duten zutabe bertikalen bidez. Zutabe bertikalak trinkoagoak dira zubibidearen euskarrietan eta nolabaiteko aldaketa-guneak egiten dituzte zutabeen eta sareta gurutzatuen segidan.
Hiru habeak zeharka txarrantxaturik daude San Andres gurutzeen bidez; gurutzeak T profilez, zenbait pletinaz eta era horizontalean jarritako L profilez eginda daude. Goiko aldean taula dago habexken eta langaluzeen bilbaduraz egina. Habexkak T bikoitzeko habeak dira, elkarri soldatuak eta denera 95 cm-ko ertza dutenak.
Taula euskarri horren gainean doaz zeharragak, goiko aldetik estalirik daudenak, eta trenbidearen errailak. Zubibidearen goiko erremate modura, ertzetako habe nagusietatik kanpora hegaldun korridore bat ateratzen da. Korridore horrek altzairuzko baranda babesle bat du, horrek ere sareta gurutzatuen jokoa jarraitzen duena.
Habeen goiko eta beheko hegalak zabalera askotako pletinaz osatuta daude, sekzioa zenbait puntutan indartzeko xedez. Egituraren elementuen arteko loturei dagokienez, gehienak iltze zapalekin eginik daude; gutxiago dira soldaduraz egindakoak. Egitura pintura gris metalikoz margotuta dago.
Zubibidearen euskarriak bi motatakoak dira. Batetik, ageriko hormigoi armatuzko bost zutabe zakar daude, modu honetan eginak: zapata zabalen gainean jarritako lau zutabez osaturik dagoen oin karratuko bilbadura, barru hutsekoa; altuerako lau atal, goiko aldean San Andres gurutzea dutenak; eta, zubibidearen erremate eta berme moduan, taula bat. Euskarri horiek Espainiako Gerra Zibilaren garaikoak dira. Bestalde, jatorrizko lau euskarriak ditugu, hots, harrizko zutabe errektangularrak, kanpotik harlanduz akabera dutenak. Zutabe horien hegaletako habeetan katenariaren poste metalikoak daude jarrita.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Edukiaren zati bat monumentu hau sailkatutako kultura-ondasun izendatzen duen lege testutik hartu da. Izan ere, testua jabari publikokoa da eta ez du jabetza intelektualik, Espainiako Jabetza Intelektualaren Legeko 13. artikuluan xedatu denez (Espainiako Aldizkari Ofiziala, 97. zenbakia, 1996-04-22).
- ↑ a b Ormaiztegiko zubibidea. patrimonioindustrialdeeuskadi.com (kontsulta data: 2025-2-12).
- ↑ Ormaiztegiko Udala: monumentuak eta eskulturak. ormaiztegi.eus (kontsulta data: 2025-2-13).
- ↑ a b Ormaiztegiko zubibideak 157 urte bete ditu. basquemagazine.com (kontsulta data: 2025-2-14).
- ↑ Maiz, Aimar. Beasaingo tren geltokiaren erreketa. Goiberri, 2024ko otsailak 5, goiberri.eus (kontsulta data: 2025-2-14).
- ↑ a b Egia Astibia, Víctor Manuel. Viaducto de Ormaiztegi. ondaregia.com (kontsulta data: 2025-2-15).
- ↑ Garmendia Lasa, Elixabete. Ormaiztegiko zubiaren eraisketa 1936an. Oarso, 2013, static.errenteria.eus (kontsulta data: 2025-2-15).