Ozaeta jauregia

Koordenatuak: 43°06′26″N 2°25′08″W / 43.10712°N 2.41876°W / 43.10712; -2.41876
Wikipedia, Entziklopedia askea
Ozaeta jauregia
Kultura ondasuna
Alde Zaharra (Bergara)
Kokapena
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Gipuzkoa
UdalerriaBergara
Koordenatuak43°06′26″N 2°25′08″W / 43.10712°N 2.41876°W / 43.10712; -2.41876
Map
Historia eta erabilera
Eraikuntza XVI. mendea
Arkitektura
Estiloapizkundetar arkitektura
arkitektura barrokoa
Ondarea
BICRI-51-0001580
56

Ozaeta Bergaran dagoen XVI. mendeko jauregia da, Deba ibaiaren gaineko zubiarekin multzoa osatzen du. Zubiaurre kalean dago, herriaren hegoaldean.

2002ko uztailaren 16an, Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorrizko familia-eraikina ibaiaren beste aldean zegoen Erdi Aroko eraikuntza izan omen zen; 1457an goiko aldea moztu zioten.

Dorrea moztu ondoren, familiak berreraiki nahi izan zuen, baina Bergarako Udalak ez zuen baimenik eman, eraikinean bizi zirenak borrokazaleak zirelako.

Valladolideko "Real Chancillería"k, 1549an, jauregia eraikitzeko baimena eman zuen, baina ibaiaren bestaldean eraikitzekotan, ez bestela.

Jauregiko lanak 1549 eta 1553 bitartean egin ziren, tarte horretan eraikinaren gorpuzkera nagusia eta sarrerako patio txikia besterik ez ziren egin. Moztutako dorre zaharreko harriak berria eraikitzeko erabili ziren; beraz, aurretiazko elementuak argi eta garbi azaltzen dira, adibidez, sotora sartzeko ojiba-atea.

Ondoren, XVII. mendean, argia sartzeko leihoak handitu ziren eta balkoietako burdineria jarri zen.

XIX. mendean jatorrizko eskailera aldatu zitzaion; garai batean harrizkoa izan omen zenaren ordez, eskailera berria lerki-pinuzkoa jarri zuten, orain dagoena bera. Garai hartan eraikia da atzeko galeria, gorpuzkera nagusiaren ibai aldeko fatxadako berpizkunde-galerian oinarritua.

Orain dela gutxi, hamarren bat urte, eraikina berriztatu eta jatetxe bihurtu zuten. Eskailerak abiaburu bat galdu zuen, atzeko fatxadak aldaketa nabarmenak izan zituen eta, batez ere, atzeko egutera edo galeria nabarmen handitu zen, bere hondoan beste modulu bat eginda.

Ezaugarriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jauregia dagoen partzela laukizuzen luze bat da, eraikina bera buru delarik. Atzeko aldean lorategia du, eta hondoan, ibilgailuentzako aparkalekua. Lorategiaren diseinua eskema erromantiko da; horretarako ibaia, ostozabaleko zuhaitzak eta arrokai-haitzuloa ditu motibo.

Eraikinak oinplano laukizuzena du (15x11 m), beheko solairua, bi pisu eta ganbara duen eraikin trinkoa da. Estalkia lau isurikoa da eta fatxadako ertzetan eta erdian dorretxo apaingarriak ditu.

Almenekin errematatutako horma txiki batek ate babesten du nagusia. Almena horiek ez dirudite jatorrizkoak; beste apaingarriren bat izango zuen lehen. Bai horma horrek, bai erremate-dorretxoek kutsu militarrak dituzte, garai horretarako zaharkituak.

Sarrera
Sarreran dagoen ezkerreko armarria

Patiora sartzeko hutsarte leihoburuduna dago molduratutako arkitrabe bati eusten dioten ildokatutako bi zutabeen alboan. Bi aldeetan armarriak daude, etxeko armekin osatuta.

Sotora sartzeko arku zorrotza Erdi Arokoa da guztiz, dorre zaharretik berreskuratua. Fatxada nagusia bikain ordenatutako hutsarteen lau ardatz ditu, eta ardatz horiek antzeko tamainako balkoneretako bi lerroz osatuta daude. Hutsarteek arotzeriako lanak dituzte, seguruenik duela gutxikoak, baina barroko-ereduetan inspiratuak bide daude.

Mendebaldera, ibai aldera dagoen fatxadak hutsarte-eskema bera mantentzen du: lau ardatz beharrean hiru dituela, eta hiru arkuko galeria edo egutera. Arkuetatik sartzen da argia eraikinaren beheko solairu-barnera.

Lorategi aldeko fatxada bestelakoa da: alde batetik, eskuineko gunean garaiera hirukoitzeko ojiba-arku bat dago, egile batzuen ustez jatorrizkoa bera. Bestetik, gainontzeko hutsarteak azken berriztapenetan egindakoak dira.

Atzeko kantoi aldeko fatxadak ez du interes handirik, hutsarteak ordenarik gabe eta garaietan zehar zabalduak dira-eta.

Lorategiko eremuan Pizkundeko inspirazioko galeria bat eraiki zen XIX. mendean, eraikinaren erdiko guneko arkuterian oinarrituz. Jatorriz, hondoan bi arkuteria zituen eta luzeran bost. Jatetxea bertan kokatu zenetik, galeria hori zabaleran modulu bat handitu zen eta fatxada zenbait metro lekualdatu zuten.

Barnealdea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Barruko aldeak kalitate oneko egitura mantentzen du, nahiz eta beheko zein lehenengo solairuetan ia ezin den ikusi, sabai faltsua dagoelako. XIX. mendeko eskailera egoera onean dago; hala ere, nahiz eta tamaina handia izan, ez du halako interesik sortzen. Orain dela hamar urte, behe-solairuko abiaburu bat kendu zitzaion.

Behe-solairuko banaketaren motibo nagusia eskailera handi hori da, bere inguruan garatzen baitira gainerako elementuak.

Ateetako arotzeria-lanak eredu interesgarriak dira, nahiz eta, kasurik onenean, XIX. mendean eraikia izan.

Ingurua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jauregiak berak lorategia eta errepidea banatzen dituenez, bisitaria bere ingurutik urrundu egiten du, eta, ondorioz, ikusgai bakar ibaia geratzen da, inguru hartan lasaia eta atsegina. Zuhaizti handi batek eta haitzulo txiki batek balore horiek indartzen dituzte.

Jauregi ondoko zubiak erdi-puntuko hiru arku ditu, zubi-branka biribilaren gainean baztergune nagusia du. Zubia harri-hormaz eraiki zuten, arkuaren eskantzuak izan ezik. Profila apur bat bizkar-antzekoa du. Begi bistakoak dira marraketan izan dituen aldaketak.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Gipuzkoa