Palaestina Prima

Wikipedia, Entziklopedia askea
Provincia Palaestina Prima
ἐπαρχία Πρώτη Παλαιστίνης
395 – 636
Geografia
HiriburuaCaesarea Maritima
Historia
Erromatar Inperioaren banaketa395
Samariar matxinadak484–572
Bizantziar-sasandar gerra eta juden matxinada614–628
Siria eta Palestinaren konkista musulmana636
Aurrekoa
Syria Palaestina
Ondorengoa
Jund Filastin

Palæstina Prima edo Palaestina I bizantziar probintzia bat izan zen, IV. mendearen amaieratik Siria eta Palestinaren konkista musulmaneraino.[1] Denbora labur batez, 614 eta 628 urteen artean, Sasandar Inperioaren esku egon zen probintzia.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palaestina Prima probintzia IV. mendearen amaieran sortu zen, Bizantzioko probintzia-administrazioaren erreforma batzuen bidez. Erreforma horiek probintzia asko administrazio-unitate txikiagotan banatu zituzten. Erreforma horien helburua zen probintziako gobernadoreen matxinadak mugatzea, goarnizio eta indar handiekin, baita gobernadore bakoitzak kontrolatutako lurraldeak murriztea eta, hartara, matxinada horiek lurralde txikiagora mugatzea.[2] Probintziak diozesi izeneko eskualdeetan bildu ziren. [3] Horrela, Siria Palestina probintzia eta inguruko eskualdeak Palaestina Prima, Palaestina Secunda eta Palaestina Tertia (Palaestina Salutaris ere deitzen zaio) probintzietan banatu zen.[4]Palaestina Primak, hiriburua Zesarean zuela, Palestinako erdialdea hartzen zuen, kostaldeko lautada, Judea eta Samaria barne. Palaestina Secundak Eszitopolisen ezarri zuen hiriburua, eta gaur egungo Jordaniako iparraldea, Jezreel haraneko hegoaldea, Galilea eta Golan hartzen zituen. Palaestina Tertiak, bere hiriburua Petran zuela, Negeveko basamortua, egungo Jordaniako hegoaldea eta Sinaiko penintsulako zati batzuk hartzen zituen.[1] Probintzia horiek Ekialdeko Diozesian biltzen ziren.

Nahiz eta kristauek menderatu, IV. eta V. mendeetara arte samariarrek nolabaiteko autonomia izan zuten Samariako eskualde menditsuan. Autonomia prozesu hori areagotu egingo zen pixkanaka, zenbait matxinada gertatu arte. Garai hartan gertatu ziren lau errebolta samariar nagusiek samariar komunitatearen desagertze praktikoa eragin zuten eskualdean, baita kristauentzat galera handiak ere. VI. mendearen amaieran, bizantziarrak eta haien aliatuak, ghassanidarrak, abantaila nabaria hartzen hasi ziren gatazkan.

602. urtean azken bizantziar-sasandar gerra piztu zen. 613an, persiarrek Sortaldea inbaditu zuten eta juduak Bizantziar Inperioaren aurka matxinatu ziren, Jerusalementzat nolabaiteko autonomia ziurtatzeko itxaropenarekin.[5] Hurrengo urtean, indar persiarrek eta juduek Zesarea eta Jerusalem konkistatu, elizak suntsitu, kristau-populazioa sarraskitu eta Benetako Gurutzea eta beste erlikia batzuk Persiako hiriburura, Ktesifonera, eraman zituzten.[6] Gertaera hunkigarria izan zen mundu kristauarentzat. Konstantino Handiaren egunetatik, Jerusalem izan zen kristautasunaren hiriburu enblematikoa eta munduaren erdigune sinbolikoa.[7] Juduak Jerusalemen nagusi ziren, baina persiarrek egokiagoa aurkitu zuten kristauekin bat egitea, Palaestina Priman gehiengoa baitziren, eta 617. urtean hiria kristauei itzuli zieten.[8] Bitartean, Heraklio bizantziar enperadoreak kontraeraso arrakastatsua jaurti zuen. 627. eta 628. urteetan Persiako lurraldearen bihotzean aurrera egin zuen. Persiarrek bakea eskatu zuten eta konkistatu zituzten probintzia erromatarrak eta lapurtutako erlikiak itzuli behar izan zituzten. 629ko martxoan, Heraklio Jerusalenera itzuli zen Benetako Gurutzea zeramala.[9] Herakliok juduei barkatuko ziela agindu zien persiar konkistan traizioa egiteagatik, baina kristauek ez zituzten ahaztu juduek Jerusalem hartzean egindako ankerkeriak. Kristauen presioaren aurrean, Herakliok Jerusalengo juduak kanporatzea eta matxinadan parte hartu zutenak exekutatzea agindu zuen.[9]

Probintziaren kontrol bizantziarrak gutxi iraun zuen. 636. urtean, Palaestina Prima behin betiko galdu zen tropa musulmanen aurrean Siria eta Palestinaren konkista musulmanean.

Demografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Palestinako populazioa bere gorenera iritsi zen bizantziar aroan.[10] Palaestina Primaren erdiko eskualdeetan, batez ere, greziera hitz egiten zuten bizantziar kristauak eta samariarrak bizi ziren; Palaestina Secundan, berriz, batez ere kristau arabiar ghassanidarrk bizi ziren. Palaestina Tertia arabiar nabateoak bizi ziren. V. eta VI. mendeetako errebolta samaritarrak, eta haien komunitateen ezabaketa, biztanle kopuruaren murrizketa handia ekarri zuen.[11] Samariar asko kristautu ziren.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]