Edukira joan

Ezkailu

Wikipedia, Entziklopedia askea
Phoxinus phoxinus» orritik birbideratua)
Ezkailua
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaCypriniformes
FamiliaCyprinidae
GeneroaPhoxinus
Espeziea Phoxinus phoxinus

Ezkailua (Phoxinus phoxinus) ur gezako arraina da, ziprinidoen familiakoa.

Eurasia osoan bizi da, Iberiar penintsula eta Britainiar Uharteetatik Siberiaraino aurki daitezke.

8 - 10 zentimetroko ezkailuak, zilar koloreko arraina. Bere familiarena den zarboa baino txikiagoa da. Arrain txikia da, erreka, ibai eta urmaeletan bizi dena.[2]

Askotan txiparekin (Phoxinus bigerri) nahasten dute.

Espezie honi txipa esaten zaio Arabaren zati handi batean, eta ezkailu Gipuzkoan eta Bizkaian.

Arrain txiki honek, 8 cm-ko luzera nekez gainditzen duenak, gorputz fusiformea du, sekzio ia zilindrikoa, isatsean izan ezik, hemen alboetan estutu egiten da. Ezkata txiki-txikiz estalia dago, begi hutsez ia hautemanezinak alboko lerroan 80 baino gehiago dauzka. Ahoa subterminala da eta mutur zapal eta biribilaren puntan dago.

Bizkarra arre-oliba kolorekoa du, batzuetan oso iluna; alboetan urre-koloreko erreflexuak ikusten dira eta sabela horixka du.

Diformismo sexuala oso nabarmena da araldi garaian. Emeak ez dira funtsean kolorez aldatzen, baina sabela handitu egiten zaie. Arrari sabela, eta hegalen oinarriak gorritu egiten zaizkio eta bizkarraldea belztu; burua tuberkulu zuri txikiz estaltzen zaio.

Biologia eta ohiturak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Izaera taldekoia ohikoa da espezie honetan; sen hori oso garatua dago arrainkumeen artean, talde handietan ibiltzen dira erreka ertzetik gertu, sakontasun gutxiko eremuetan, korronte zakarretatik kanpo; traba egiten zaienean, ur sakonagoetarantz ihes egiten dute eta hainbat taldetan sakabanatzen dira. Ohitura hauek ez dira hain nabarmenak helduetan, gehienetan isolatuta bizi dira, harrien atzean babesa bilatuz, korrontearen oldarretik babesteko.

Ugalketa-prozesua udaberrian goiz hasten da, hala ere, epe egokia luzea da eta ekainera edo uztailera arte luza daiteke. Araldian, ugaltzaileek taldeko ohiturak berreskuratzen dituzte, eta ibaian gora joaten dira sardetan elkartuz, errun-leku egokien bila. Korronte txikiko eta sakonera txikiko eremuen bila, zorua harritsua edo hartxintxarrezkoa den lekua. Han egiten dute arraba, emeek arrautzak hondoan uzten dituzte, itsatsiak geratzen dira eta arrek ernaldu egiten dituzte.

Ezkailuen elikagai gogokoena ornogabe bentoniko txikiak dira, hala ere, ibaian noraezean dabiltzan hamaika organismo, animalia eta landare, aprobetxatzen dituzte. Arrainen errunaldiak aurkitzen badituzte, gustura jaten dituzte. Ezkailuak dira amuarrainen harrapakin gogokoenetako bat.

Banaketa, habitata eta estatusa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espeziaren banaketa-eremua Pirineoen ipar aldetik Siberiaraino hedatzen da, iparraldeko eskualdeetan eta hegoaldeko penintsuletan bakarrik falta da.

Iberiar penintsulan iparraldeko ibaietan dago, nahiz eta sartutako espezietzat hartzen den.

Euskal Herrian bizi-baldintza minimoak dituzten ibai guztietan dago. Gure lurraldean banaketa zabalena duen espeziea da, zalantzarik gabe, ugariena.

Ibaiak bere lurralde osoan kolonizatzen ditu, goi-ibarretik hasita, (amuarrainari altitudean laguntzen dion bakarra da) Ebro ibaiaren arroaren behealderaino. Kantauriko isurialdean itsasaldiak eragindako eremuetaraino jaisten da. Espezie nagusia da, biztanle kopuruari dagokionez, goi-ibarretatik ibaien erdialderaino.[3]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) Froese, Rainer & Pauly, Daniel ed. (2006), «Phoxinus phoxinus», FishBase webgunean. Bertsioaren data: 2006(e)ko apirila.
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A, 90 or. ISBN 84-7542-639-5..

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Araozko natura eta kontuak