Pilier uhartea

Koordenatuak: 47°00′N 2°24′W / 47°N 2.4°W / 47; -2.4
Wikipedia, Entziklopedia askea
Pilier uhartea

Pilier uhartea, mapan
Bertako izenaÎle du Pilier
Geografia
KokapenaOzeano Atlantikoa
Azalera0.04 km2
Punturik garaiena8 m.
Politika
Herrialdea Frantzia
UdalerriaVendée, Loira
Gizartea
Biztanleria0 bizt.
Pilier uhartea.
Itsas-faroak.

Pilier uhartea (frantsesez: Île du Pilier) Frantziako Vendée departamenduko Noirmoutier-en-l'Île udalerrian dagoen irla bat da.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1172an, Buzayko abadiako monjeek beste abadia bat eraikitzea erabaki zuten Loira ibaiaren estuarioko lau hektareako lur zatitxoan, aurretik irlan bizitzen ibili ondoren. Irla txiki eta bakartuak zistertarrek bilatzen zituzten soiltasuna eta austeritatea eskaintzen zituen baina egoera gogorregia zistertarrentzat, eta 33 urte geroago Noirmoutier izeneko beste uharte batera aldatzea erabaki zuten, handiagoa eta erosoagoa baitzen hura. Horrenbestez irla hutsik geratu zen, hainbat mende geroago euskal kortsarioak iritsi ziren arte[1].

Euskal kortsarioen garaia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Pilier uharteko kortsarioen berri zaharrenek 1545eko data dute, eta 1693. urtean egotzi zituzten betiko. Beraz, hainbat kortsario belaunaldik hartu zuen babesa bertan, eta gehienak gipuzkoarrak ziren. Gotorlekua eta talaia eraiki zituzten eta, handik, Loira ibaitik itsaso zabalera irten nahi zuten ontziak behatzen zituzten. Frantziako koroak hainbat espedizio bidali zituen uhartea garbitzeko asmoz, baina kortsarioen gotorlekua menderaezina izan zen mende eta erdian.[1]

Zingo edo kalatu txikiko ontziak nahiago zituzten, hondarpez jositako Frantziako kostalde atlantikoan erabilgarriagoak zirelako. Gehienez ere 80-100 bat kidek osatzen zuten eskifaia eta 8-10 kanoi izaten zituzten. Maiz arraunontziak erabiltzen zituzten, hondartzetan lehorreratzeko eta ibaietan gora joateko aukera ematen zielako. Gainera, ontzi txikiagoak merkeagoak ziren.[1]

Ez zuten uretan denbora asko igarotzen, janaria, bolbora eta gainerako horniduretan aurrezteko. Eta normalean bakarka nabigatzen zuten, edo gehienez ere binaka. Horrela, harrapakina lortuz gero, inbertsioa azkarrago berreskuratzen zuten eta gutxiagoren artean banatu behar zuten.[1]

Émile Gabori (1872-1954) historialari frantziarrak honela deskribatu zuen Pilierko euskal kortsarioen jarduera-eremua:

« Bretainiako kostaldean, Poitoun jardun ohi zuten. Loiran gora askotan joan ziren, eta bidean aurkitzen zuten orori erasotzen zioten. Egunero lortzen zuten harrapakinen bat. Morbihango sarrerari eta Brestekoari erasotzen zieten, eta Noirmoutier suntsitu zuten. Pilierren ezkutatzen ziren, Nourmoutierretik gertu, eta behatokia eraiki zuten bertan. (...) XVII. mendearen amaiera arte ez zen lortu haiek egoztea.[1] »


Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d e Irazustabarrena, Nagore. (2016-01-31). «Euskal kortsarioen uhartea» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]