Provveditorearen jauregia

Koordenatuak: 35°07′28″N 33°56′28″E / 35.1245°N 33.941°E / 35.1245; 33.941
Wikipedia, Entziklopedia askea
Provveditorearen jauregia
Kokapena
Onartu gabeko estatuak Ipar Zipreko Turkiar Errepublika
District of Northern CyprusGazimağusa District
Zipreko hiriaFamagusta
Koordenatuak35°07′28″N 33°56′28″E / 35.1245°N 33.941°E / 35.1245; 33.941
Map

Provveditorearen jauregia (italieraz: Palazzo del Provveditore) Zipre ekialdeko Famagusta hirian dagoen jauregia da. XIV. mendearen hasieran eraiki zen eta gobernadore veneziarren egoitza ofiziala izan zen. Jauregia suntsitua izan zen eta gaur egun aurrealdeko horma eta atzeko patioa baino ez dira mantentzen.

Historia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zipreko Lusignan Erregeak Nikosia hiriburuan bizi baziren ere Famagusta zuten bigarren egoitza, eta jauregia noiz altxatu zen ofizialki jakina ez den arren 1300 eta 1302 artean altxatu zela adierazten dute hainbat iturrik. Lamberto di Sambuceto ofizial genovarrak "Zipreko Erregeen jauregia" (latinez: domini regis Cipri) izena ematen dio bere idatzietan. Jauregia eraikitzeko agindua eman zuen erregea ere ez da ezaguna, baina Camille Enlart arkeologo frantsesak Henrike II.a izango zela proposatu du[1].

1489. urtean veneziarrek Zipre erosi zuten eta Famagusta erabat berriztu zuten; Otelo gaztelua, harresiak eta baita erregeen jauregia ere. Jauregia veneziar gobernadorearen egoitza ofiziala bihurtu zen eta Provveditorearen jauregia izena hartu zuen. Jauregiaren fatxada erabat berriztu zuten eta eraikinaren atzealdea ere berreraiki egin zuten. Pizkundeko estiloak gotikoa ordezkatu zuen[1]. Selton eta Hazard historialarien arabera berriztatze lan hauek 1552 eta 1554 artean burutu ziren[2].

1571. urtean otomandarrek Famagusta setiatu zuten eta jauregiaren zati nagusiak suntsitu ziren. Otomandarrek ez dute horren berri ematen ordea. Otomandarren eskutan jauregiak beste funtzio batzuk izan zituen. Militarren barrakoiak izan ziren, simulakro militarrak egin ziren eta gartzela ere izan zen. Eraikinak garrantzia galdu zuen eta hurrengo mendetan berriztatze lanik egin zirenik ez da ezagutzen.

Britainiarren agindupean gartzela eta polizia etxe gisa erabili zen.

Museoa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX. mendearen erdialdera Namık Kemalen ziega izeneko museoa ireki zen[1]. Namık Kemal idazle turkiarra bertan izan zen gartzelaratua (1873-1876) eta preso zegoela idatzi zuen bere lanik ezagunena, Silistria.

Jauregiaren patioan kaikoiak, kainoi bolak eta granitozko zutabe zatiak daude ikusgai.

Arkitektura[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Provveditorearen jauregiaren marrazkia, 1878an.

Zipren oso urria den Pizkundeko arkitekturaren erakusgai nabarmenena da[2]. Aurrealdeko hormak zutik dirau, bere hiru arkuekin eta armarria ikusten da erdiko arkuaren gainean. Salaminako harriak erabili ziren arku nagusia eta zutabeak eraikitzeko[3]. Aurrealdeko hormari lotuta "beso" bat dago eta bertan barne patiora ematen duten gela txikiak ikusten dira. Gela hauek gartzela edo armategi gisa erabili ziren otomandarren garaian. Kapera bat ere badago, XX. mendean hainbat alditan berriztu dena eta 1974tik aurrera museo bihurtu dena, eta L-itxurako horma bat dago patioaren atzealdean.

Fatxadaren paralelo arku ilara bat dago, aurrealdekoak baino soilagoak direnak. Lusignan garaikoak direla pentsatzen da. Ikusten diran arista bobeda batzuek ere veneziarren aurreko egiturak direla erakusten dute[1].

Suntsituriko zatiei buruz askorik ez da ezagutzen. Badirudi zisternak bairela eta XV. mendeko bidaiari batek aipatzen du bi solairutako eraikina zela.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b c d Uluca, Ege. (2006). Gazimağusa Kaleiçi'nin Tarihsel Süreç İçindeki Kentsel Gelişimi ve Değişimi. Istanbul Technical University, 111-4 or..
  2. a b (Ingelesez) The art and architecture of the crusader states. 1977 (Noiz kontsultatua: 2020-10-04).
  3. (Ingelesez) Sternberg, C.. (2006-12). North Cyprus Pocket Guide. Rüstem Bookshop ISBN 978-9944-968-03-4. (Noiz kontsultatua: 2020-10-04).

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]