Salamina (Zipre)
- Artikulu hau Zipreko antzinako hiriari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Salamina».
Salamina | |
---|---|
Salaminako gimnasioa | |
Datuak | |
Estatu burujabe | Zipre |
Zipreren banaketa administratiboa | Famagustako barrutia |
Koordenatuak | 35°11′00″N 33°54′00″E / 35.183333333333°N 33.9°E |
Historia | |
Garaia | K.a. XI. mendea |
Uztea | K.o. VII. mendea |
Kultura | Zipretarrak |
Salamina[1] (antzinako grezieraz: Σαλαμίς, Salamis) Zipreko antzinako hiriburua izan zen. Gaur egungo Famagusta hiritik 6 kilometro iparraldera kokaturik zegoen.
Salamina hiri grekoa zen baina historian zehar inguruko inperioek konkistatu zuten. 649. urtean, arabiarrek suntsitu zuten hiria, eta harrezkero gainbehera etorri zen.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sorrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Tradizioaren arabera, Teukrok, Telamonen semeak, sortu zuen hiria, Troiako Gerratik bueltan, honek ezin baitzuen bere sorlekura itzuli Ajax anaia mendekatzea lortu ez zuelako[2]. Baina indusketa arkeologikoek erakutsi dute hiria mizenastarrak iritsi baino askoz lehenago sortu zela, lurrikara handi batek inguruan zegoen Enkomi hiria suntsitu ondoren.
Salaminako aztarna zaharrenak K.a. XI. mendekoak dira (Brontze Aro berantiarra). Garai hartan kaiaren inguruan kokaturiko herrixka bat zen eta mendebalderantz zabaldu zen, gaur egun basoak estaltzen duen eremura.
Asiriarren agintea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kobre meategiek Zipre merkatal sareen barnean sartu zuten antzina antzinatik. Greziarekin eta Feniziarekin harreman estuak zituen uharteak eta Asiriarren idazkietan dagoeneko aipatzen da Salamina, Zipreko (Iadnana) erresuma bat gisa[3]. K.a. 877. urtean iritsi ziren asiriarrak Mediterraneo ertzera eta K.a. 708an Zipreko erregeek Sargon II.ari zergak ordaintzen zizkioten. Zipre asiriarren kontrolpean bazegoen ere hiri-estatuek nahikoa askatasun bazuten eta erregeek aberastasun eta botere handiak eskuratu zituzten. Erregeen hilobietan Homeroren errituak ikusten dira, hildakoaren omenez zaldiak sakrifikatzen ziren eta oliozko pitxarrak sartzen ziren hilobietan. Hilobietan aurkitu diren tresna eta janari gehienek Sortaldean eta Egipton zuten jatorria.
K.a. VI. mendean aurreneko txanponak egin ziren pertsiarren prototipoak jarraituz.
Greziarren aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Salamina uhartearen ekialdean izanik K.a. VII eta VIII. mendeetan Ekialde Hurbilarekin izan zituen harreman handienak baina Egeoko herriekin ere loturak bazituen. Errege hilobi batean greziar geometriaz apaiduriko keramika agertu da eta emazte greziarraren dotea izan zitekeela pentsatzen da. Hainbat zibilen hilobietan ere aurkitu dira greziako keramika objetuak. garai hartan greziarrak ekialderantz hedatzen ari ziren eta Zipre ibilbideko geltoki bat izan zen horretarako. Salaminaren aro arkaiko eta klasikoaren historia Herodotoren narrazioetan eta Isokratesen diskurtsoetan jasota dago.
K.a. 545 urtetik aurrera Pertsiarren kontrolpean egon zen Zipre. Salamina izan zen independentzia lortzeko borroketan hiri-estatu zipretar nagusia. Onesilo erregeak hainbat hiri-estaturen arteko aliantza sortu zuen K.a. 499. urtean[4] eta hurrengo urtean Salaminako borrokan garaipena lortu zuten. K.a. 450. urtean Salaminan Atenastarren eta pertsiarren arteko borroka izan zen itsasoz eta aldi berean lurrez, eta atenastarrak izan ziren garaile[5]. (Ez da nahastu behar Greziako Salaminan K.a. 480. urtean greziarrek eta pertsiarrek izan zuten borrokarekin). Handik gutxira Artaxerxes III.a pertsiar enperadoreak K.a. IV. mendearen amaieran Salamina setiatu eta konkistatzea lortu zuen.
Evagoras Salaminako erregearen agintaldian (K.a. 411-374) Salaminak greziar kulturaren eta artearen loraldia izan zuen[6]. Salaminan Aro klasikoaren amaiera erakusten duen monumentua Nicocreon azken erregearen zenotafioak erakusten du (K.a. 311); tumuloaren gainean buztinezko hainbat buru daude, errege familiarenak izan daitezkeenak.
Alexandro Handia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Alexandro Handiak Pertsiar Inperioa konkistatu zuen eta Ptolomeo I.a egipziarra ezarri zuen Zipreko errege. Ptolomeok Nicocreon erregea bere buruaz beste egitera behartu zuen, ez baitzen hartaz fido. Ptolomeoren anaia Menelaus ezarri zuen Salaminako agintari. K.a. 306. urtean itsas borroka handia izan zen Salaminan Demetrio I.a Mazedoniakoaren eta Ptolomeo I.aren artean eta Demetrio izan zen garailea.
Erromatarren garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erromatar Inperioaren garaian Salamina Zilizia probintzian kokaturik gelditu zen eta uharteko gobernadoreak Pafos aukeratu zuen bere egoitza ezartzeko. K.o. 116-117 urteetan izandako juduen matxinadan salaminar ugari hil zituzten eta erromatarrek altxamenduari amaiera eman ziotenean Zipre guztiko juduak uhartetik kanporatu zituzten[7]. Gertakizun hauek jasan arren eta hiriburua Pafosera aldatu arren Salaminak hiri aberatsa eta garrantzitsua izaten jarraitu zuen. Trajano eta enperadore erromatarrek Salaminaren alde egin zuten eraikin publiko ugari altxaraziz.
Salaminaren kultur erdigunea hiriaren iparraldean kokatu zen. Bertan gimnasioa, antzokia, anfiteatroa, estadioa eta bainu publikoak eraiki ziren. Inguruan mosaiko zatiak, kairaren horma, agora heleniar eta erromatarra eta Zeusen tenploa aurkitu dira. Antzokia eta gimnasioa berriztu egin dira. Antzokiak 15.000 ikusle har zitzakeen eta zutabe eta estatua ederrek apaintzen zuten. Gimnasioan ere estatua ugari ezarri dira, gehienak burua falta dutenak.
Kristautasuna
[aldatu | aldatu iturburu kodea]"Aurreneko misiolarien bidaia" Salaminara izan zen, Paulo eta Bernabe apostoluak bertara etorri baitziren aurrena Siriako Antiokia utzi ondoren. Salaminako sinagogetan jesukristoren berri eman zuten eta ondoren uharte guztira zabaldu zuten mezua. Barnabas Zipreko elizaren sortzailetzat hartzen da.
332 eta 342 urteetan izndako lurrikarek Salamina suntsitu zuten. Konstantzio II.a erromatar enperadoreak (337-361) Salamina berreraiki eta Apezpikuaren egoitza bihurtu zuen[8]. Epifanio Salaminakoa izan zen hiriko apezpiku garrantzitsuena. Eliza ortodoxoaren eta eliza erromatar katolikoaren aitatzat hartzen da. Konstantziok zergetatik libre utzi zituen berreraikuntzan laguntzeko eta hiri berriari Konstantia izena jarri zioten.
Itsas-portua gutxinaka sedimentuz betetzen joan zen eta honek hiriaren gainbehera ekarri zuen. VII. mendeko Muawija gidari zuten arabiarren inbasioek hiria erabat suntsitu zuten eta biztanleek hegoaldean zegoen hirira egin zuten alde, Arsinoe-ra, gaur egungo Famagusta.
Indusketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendean hasi ziren indusketak egiten Zipreko Ikerketa Fundazioaren baitan eta aurkituriko objetu ugari Londresko British Museumen daude[9].
1952an indusketa berriak egiten hasi ziren. Ikerketa arkeologiko ugari egin ziren baina 1974. urtean Turkiaren inbasioak aktibitate guztia eten zuen.
Nekropolisa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Salaminako hilerriak San Barnabas monasterioko basoaren mendebaldeko ertzetik hasi eta iparraldera Ayios Serghios herriraino eta hegoaldera Enkomi herriaren kanpoalderaino zabaltzen zen. Nekropolisak 7 km2-ko azalera hartzen du. K.a. IX. mendeko hilobiak daude eta basoaren azpian zaharragoak ere bai. Hilobi batzuk tumulo batez estalita daude.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Euskaltzaindia. (2006-1-27). Antzinateko hirien euskarazko izenak. .
- ↑ Isocrates. Evagoras. , 17-18 or..
- ↑ Sargon II.a. (1970). Neo-Assyrian Toponyms. .
- ↑ Herodoto. V. , 104 or..
- ↑ Tucidides. I. , 112 or..
- ↑ Isokrates. Evagoras. , 47 or..
- ↑ Dion Casio LXVIII,32; André Paul. (1982). El Mundo judío en tiempos de Jesús: historia política. Madrid: Ediciones cristiandad, 139 or. ISBN 84-7057-320-9..
- ↑ Arce, Javier. (2000). La fundación de nuevas ciudades en el Imperio romano tardío: de Diocleciano a Justiniano. Barcelona: Reial Acadèmia de Bones Lletres, 46 or..
- ↑ (Ingelesez) «capital | British Museum» The British Museum (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).