Psikolinguistika

Wikipedia, Entziklopedia askea

Psikolinguistika edo hizkuntzaren psikologia hizkuntzaren ezaugarrien eta psikologiaren arteko erlazioa aztertzeaz arduratzen da. Beste era batera esanda, hizkuntza bat sortzeko eta ulertzeko burmuinak zein prozesu igaro behar dituen ikertzen duen arloa da. Zehazki, gizakiek hizkuntza bat ikasi, erabili eta ulertzeko gaitasuna zein faktoreri esker den posible ezagutu nahi du. Halaber, hitzak burmuinak nola prozesatu eta irudikatzen dituen ere. Burmuineko prozesu horretan, esaldi bateko zein elementu diren garrantzitsuenak argitu nahi du, hainbat teoria kontrajarri daude. Alde batetik uste da, esaldiko elementu esanguratsuenak soilik aztertzen direla, ahalik eta modu sinpleenean esaldiaren ideia jasoz eta hortik abiatuz, esanahi osoa lortuz. Beste ikuspuntuaren arabera, burmuinak ez du ordena finkorik jarraitzen.

Teoria ezberdin hauek frogatu nahian teknologiak ere izan du bere garrantzia. Sare neuronalen bidez hizkuntzaren ikaste prozesua simulatu nahi izan den arren oraindik ez da emaitza edo erabaki zehatzik eskuratzerik lortu.

Helburu honekin bat eginez, hainbat alor dabiltza elkarlanean, esaterako: biologia, neurozientzia, linguistika eta informazio-zientzia, etab.

Psikolinguistikaren oinarria hezkuntza eta filosofian dago. Esanahia duten eta gramatikoki zentzudunak diren esaldiak sortzeko prozesu kognitiboak interpretatzea du helburu. Psikolinguistikaren ataletako batek, haurrek hizkuntza bat ikasteko duten gaitasuna du aztergai.

1960-1970 inguruan Noam Chomskyren transformazio-ereduetan oinarritu ziren psikolinguistikako ikerketa gehienak, baina gaur egun harena baztertu eta beste eredu batzuk lantzen hasi dira.

Ikertzaileen artean zenbait eztabaida dago, hizkuntzaren erabilera posible egiten duena gizakiek berezkoa duten ezaugarriengatik ote den ala ikasketa-prozesu baten bidez edonork/edozerk hizkuntza bat ikasteko gaitasuna ote duen.

Kontzeptuaren jatorria[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Psikolinguistika Gustave Guillaume (1883-1960) linguista frantsesarekin sortu zen; horregatik XX. mendeko hasieran guillaumismo gisa ezagutu zen. Guillaumek haren teoriari Psikosistema deitu zion eta haren bidez elementu linguistikoak eta psikologikoak lotu zituen. Ezaguna izan da baita ere Lengoaiaren psikomekanika bezala.[1]

Hizkuntzaren definizioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenik eta behin, hizkuntza zer den finkatu beharra dago. Hona hemen eman diren hainbat definizio:

  1. Ideia zein inguruko elementu fisikoak, horien arteko erlazioak eta betetzen dituzten ekintzak definitzeko kode-sistema bat da.
  2. Esaldi kopuru finitu edo infinitua da, hauek luzera eta elementu kopuru finitua dute.
  3. Komunikazio sistema espezializatua da, hizkuntza zeinuen bidez ideiak transmititzeko balio duena.
  4. Funtsean bi organismoren arteko komunikazioa ahalbidetzea helburu duen zeinu multzoa.

Prozesu psikolinguistikoen kategoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Diziplina honek gizaki-komunikazioarekin zerikusia duen edozein prozesu aztertzen du (edozein izanda; ahozkoa, idatzizkoa...). Bi kategoria nagusitan desberdindu daiteke, alde batetik kodifikaziozkoa deritzoguna (hizkuntz sortzailea) eta beste aldetik deskodeketakoa (hizkuntza ulermenarekin loturikoa). Lehendabizikoan, lexikotik eta gramatika egituretatik abiatuta gramatikalki zuzenak diren perpausak sortzeko erabiltzen ditugun prozesuak aztertzen dira. Prozesu hauei kodifikazioa deritzegu.

Psikolinguistikak dekodifikazioan eragina duten faktoreak ere aztertzen ditu, beste era batera esanda, espresioak, hitzak, perpausak, testuak eta abar ulertzeko gaitzen gaituzten egitura psikologikoak dira. Gizaki-komunikazioa etengabeko pertzepzio- eta ulermen-produkzio prozesutzat uler daiteke. Hizkuntzaren aberastasunak sekuentzia hau hainbat modutara garatzea ahalbidetzen du. Hori dela eta, kanpo-estimuluaren ikus-entzunezko modalitatearen arabera, pertzepzioaren etapa sentsorialak desberdinak izango dira. Hizkuntzaren eraketan ere aldakortasuna dago, alegia, hitz eginez, keinuak eginez edo idatziz adieraz dezakegu. Amaitzeko, informazioaren unitatea hitza, perpausa edo hitzaldia den arabera esanahia ere aldakorra da.

Ikerketa-atalak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Psikolinguistikaren helburua hizkuntza bat ulertu eta ekoizteko garunak zein prozesu jarraitzen duen ulertzea da.

Oraindik ere erantzun gabe dauden zenbait galdera daude halere, komunikazio-erreminta hau erabiltzeko aukera berezkoa dugun gizakiok ala ikasketa-prozesu baten bidez eskura daitekeen esaterako.

Bestalde, lehen eta bigarren hizkuntzak ikasteko umeek zein prozesu jarraitzen duten argitu nahi du, eta umeek ez bezala, helduek dituzten zailtasunak bigarren hizkuntza bat bereganatzeko ikertzea du helburu. Denborak aurrera egin ahala ikasketa ahalmena nola murrizten den aztertzen du, eta zein puntu (edo adin) den hizkuntza bat ikasteko egokiena.

Arlo ezberdinetako espezialistak biltzen ditu, esaterako: psikologia, zientzia kognitiboa, linguistika, etabar. Hau ez ezik, jorratzen diren gaiak ere ugariak dira, baina 4 dira erantzun nahi dituen galdera nagusiak:

  • Umeek hizkuntza nola bereganatzen dute?
  • Nola prozesatzen eta ulertzen dute pertsonek hizkuntza?
  • Nola sortzen dute pertsonek hizkuntza?
  • Nola dira gai pertsonak hizkuntza bat baino gehiago ikasteko? Nondik motibazioa?[2]

Hala eta guztiz ere, psikolinguistika ez da hizkuntza tratatzen duen zientzia bakarra. Hizkuntzaren konplexutasunaren adierazgarri dira honekin erlazionatuta dauden aztergai zabalak:

  • Fonetika eta fonologia: Ahozko komunikazioaren xehetasunak eta nondik norakoak dira aztergai.
  • Morfologia: Hitzen egitura eta horien arteko erlazioaz gain, hitzen forma ezberdinak (plurala adibidez) nola sortzen diren aztertzen du.
  • Sintaxia: Esaldiak osatzeko hitzak nola konbinatzen diren aztertzen da.
  • Semantika: Hitzen eta esaldien esanahia du erroa.
  • Pragmatika: Testuinguru ezberdinetan hitz berak hartu ditzakeen esanahia dute ardatz.

Teoriak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza bereganatzea[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntza bat umeek nola bereganatzen dutenaren bi teoria nagusi daude. Batek, edozein hizkuntza ikastea posible dela iritzi dio. Teoria hau azaltzen duten lanak Jean Piaget eta Rudolf Carnap-ek 1960 urtean argitaratutakoak dira. Beste teoriaren arabera, ikastezina da hizkuntza, eta gizakiek gaitasun berezia dute izatez hizkuntza bat ikasteko. Azken honen bultzatzaile nagusiak portaera deituriko psikologia familiaren barruan dago. Konduktismoaren bultzatzaileak ere azken ikuspuntu horrekin bat datoz.

Innatismo teoria filosofikoaren sorrera, Noam Chomskyk bigarren ikuspuntuari eginiko kritikaren ondorio izan zen. Kritika hau, iraultza kognitibo gisan ezagutzen den kontzeptuaren erabileraren atzean dago. Chomsky-k dio gizakiek jaiotzaz dutela burmuinean egitura berezia hizkuntza bat ulertzeko beharrezkoa diren atalak. Teoria hau azaltzeko asmotan, ume batek komunikatzeko beharrezko diren gramatika eta hitz kohesioak egiteko beharrezko diren estimuluak ez dituztela jasotzen aipatzen da (estimulu pobrezia). Hori dela eta, gizakiek berezko gaitasuna dutela ukaezina dela dio.

Chomskyk proposatutako teoria honen arira, gaur egungo psikolinguisten artean eztabaida sakona sortu da. Ikuspuntu honen aldekoek defendatzen dute ukaezina dela gizakien komunikatzeko modua beste edozein animaliarenarekin alderatuz, askoz ere konplexuagoa dela. Gaitasun hau gizakiek jasan duten eboluzioarekin bateragarria dela diote eta beraz, berezkoa den gaitasun bat dela.

Teoriari kontra egiten diotenak, ordea, zientzian oinarritzen dute beren ikuspuntua. 1980tik aurrera hizkuntzaren ikasketa fasea simulatzeko gai izan dira sare neuronalei esker. Simulazio hauen bidez ondorioztatu dute posible dela estimulu nahikoa izatea hizkuntza bat bereganatzeko.

Irakurmena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzalaritzarekin erlazionatutako galdera nagusietako bat zera da: nola da posible pertsona batek irakurtzen duena ulertzeko gai izatea? Ikerketa esperimentalaren bidez eta galdera honi erantzun nahian, zenbait teoria argitaratu dira. Horien aztergai nagusia, esaldien ulermenerako zein informazio den ezinbestekoa da eta zein une zehatzean ulertzen den esanahia. Bi adar edo teoria nagusi bereizten dira: prozesamendu modularra eta elkarreragilea.

Ikuspuntu modularraren arabera, esaldi bat hainbat atal edo modulutan aztertzen da. Modulu bakoitza independentea da eta ez dute ia elkarren artean erlazio edo elkarreraginik. Teorietako batek irakurtzen den garaian aztertzen den lehen gauza sintaxia dela dio. Pertsona bat irakurtzen ari denean, esaldiaren ahalik eta egitura sinpleena sortzen du lehenengo, posible zaion esfortzu txikiena egiteko. Alde batera uzten da, beraz, testuinguruarekin erlazionatutako edozein informazio. Gauza bera gertatzen da semantikarekin.

Elkar eraginaren ikuspuntuaren arabera, aldiz, ez da ordenarik jarraitzen esaldiaren prozesamenduan. Bi teoria hauen artean zuzena zein den erabakitzeke dago, izan ere, datuak aztertuz bi teoriak balizkoak direla uste da oraindik.

Hizkuntza ekoizpena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gizakiek hizkuntza nola ekoizten duten azaltzen saiatzen da, bai idatzizkoa zein ahozkoa. Hau egiteko modurik azkarren eta zehatzena komunikazio erroreak aztertzean datza. Errore hauek honako hauen adierazle dira:

  1. Mintzamena aldez aurrerik planifikatzen den zerbait da, ez da bat-batean inprobisatzen. Hala ere, ez da esaldi guztia aldez aurretik planifikatzen, ideia nagusiak soilik baizik. Gainerako xehetasunak, aldiz, unean prozesatzen dira.
  2. Lexikoa semantikoki eta fonologikoki antolatuta dago.
  3. Morfologikoki hitz konplexuak diren hitzak morfemak elkartuz lortzen dira.

Baliagarria da hizkuntzaren ekoizpenean hiru fase desberdintzea: kontzeptualizazioa (zer esan erabaki), formulazioa (zer esan nahi den forma egokian antolatzea) eta exekuzioa (ongi ahoskatzea).

Aztertzeko metodologiak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Portaera atazak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Psikolinguistikarekin erlazionatutako esperimentu gehienak portaera aztertzen dute. Horrelakoetan estimulu linguistiko bat eskaintzen zaie partaideei, estimiluari erantzun diezaioten. Adibidez: kartel batean idatzi den hitz bat ozenki esatea. Erantzun denborak eta erantzun zuzenak edo okerrak eman diren jasotzen da, ondoren aztertuz.

Aurrekoaren arira 1977 urtean Fischler ikertzaileak zenbait froga gauzatu zituen. Froga oso sinplea zen; bi letra segida Ingelesez idatzita zeuden edo ez erantzun behar zuten partaideek. Bertan argi ikusi ahal izan zen proposatutako hitzak elkarren artean erlaziorik bazuten erantzun denbora nabari murrizten zela.

Begien mugimendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Rayner-ek 1978 urtean begien mugimenduak irakurtzerako garaian informazioa eskaintzen duela ondorioztatu zuen, mugimenduen eta kontzentrazioaren arteko lotura eginez eta hortik abiatuta ondorioztatu zuen begiak aztertuz hizkuntzaren prozesamendua iker daitekeela.

Hizkuntza ekoizpenaren hutsak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aurreko atalean aipatu den bezala, ahoskera erroreak zein idazketa eta irakurketakoak hizkuntza nola prozesatzen den ulertzen laguntzen du. Ahoskera arazoak, bereziki, burmuinak esaldiaren erdian dagoenean, prozesatze fasea nola gauzatzen duen aztertzeko erabilgarriak dira. Hutsegite hauek lexikoak, morfema eta fonema eraikuntzan sortzen dira gehienetan.

  • Ordezkapena: hitzak nahastea edo antonimoak erabiltzea.
  • Elkarketa: bi hitzen atalak elkartu existitzen ez den bat sortzeko.
  • Morfema aldaketa.
  • Errepikapena: letra berarekin hastea bi hitz. (Bihar bora goaz, bihar gora goaz beharrean).
  • Aurrerapena: errepikapenaren antzekoa baina kontrako ordenan. (Gihar gora goaz).

Neuroirudikapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gaur egungo medikuntzaren aurrerapenak iritsi aurretik, urtetan burmuineko operazioak baliatu izan dira hizkuntza bat burmuinean nola prozesatzen den ulertzeko. Ikertzaileek mota honetako prozesu batek ulermenean duen eragina aztertzeko erabiltzen zuten metodo hau.

Orain, ordea, metodologia hau guztiz aldatu da, erresonantzia magnetikoak edo magnetoentzefalografien bidez, adibidez.

Modelaketa konputazionala[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Teknologiak aurrera egin duen heinean, arlo honetarako ere erabilgarriak diren soluzioak eskaintzen ditu. Irakurketarako DRC modeloa eta hitz-araketa, exekutagarriak diren konputagailu-programak sortzeko gaitasunak eskaini dituen bide berriak dira. Teoriak oraindik eta zehatzagoak izatera behartu du, izan ere programak erabateko definizioak izan behar dituzte. Programa hauen exekuzioak emaitzak aurreikustea ahalbidetu du.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. http://www.sld.cu/galerias/pdf/sitios/rehabilitacion-logo/introduccion_a_la_psicolinguistica.pdf
  2. http://revistamito.com/que-es-la-psicolinguistica/

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]