Radixu Irratia
Kokalekua | Ondarroa, Bizkaia |
---|---|
Frekuentzia | 105.5 FM |
Lehen emisioa | 1990eko abenduak 2 |
Hizkuntza(k) | Euskara |
Webgunea | https://www.radixu.info/ |
Radixu Irratia[1] Ondarroako irrati librea da. 1989an sortu zen eta gaur egun FMko 105.5 frekuentzian edo bere webgunean entzun daiteke. Ondarroako kanpandorrean dauka bere egoitza.
Era guztietako irratsaioak eskaini ditu bere ibilbidean zehar Radixu irratiak: Musika emanaldiak, tertuliak, albistegiak, eztabaidak, elkarrizketa saioak, herriko kontuak, zorion tarteak, lehiaketak, literaturaren ingurukoak… Mota guzti hauetako irratsaioek beraien lekua dute oraindik irratian. Baina, hauetaz gain, badira herrian eragin handia izan duten irratsaio bereziak. Esaterako, herriko jaietako zuzeneko emanaldiak, estropaden jarraipenak, preso politikoei eskainiak, San Juan suei buruzko irratsaio bereziak edo Egia-Iriondo lasterketaren inguruko emankizunak.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1986. urtean hasi ziren Radixu Irratia sortzeko lehen pausoak egiten.[2] Ondarroako talde desberdinetako jendeak herrian irrati libre baten beharra ikusten zuten. Urte horretan sortu zen Radixu Irratiaren izena eta logoa baina lokal faltagatik bertan behera geratu zen proiektua. 1989. urtean berriro martxan jarri zuten proiektua eta bilerak egiten hasi ziren. Hasierako probak Ondarroako Gaztetxe zaharreko gela batean egin zituzten eta ondoren kanpandorrera pasa ziren, gaur egun lokala daukaten tokira hain zuzen. Herriko musika taldeek Gaztetxean eskainitako kontzertuen bidez lortu zuten irratiko tresneria lortzeko beharrezko dirua eta Udalak[3] lokala utzi zien estudioa sortzeko. 1990eko abenduaren 2an emititu zuen lehen aldiz kanpandorretik eta hurrengo egunean hasi ziren programazioa eskaintzen.
Ekonomikoki, modu desberdinetan eraman du Radixu Irratiak bere jarduna aurrera. Hasieran, irratiko partaide bakoitzak kuota bat ordaintzen zuen. 90eko hamarkadan herriko musika taldeeekin “Unplugged” kaseta grabatu zuten kanpandorrean bertan. Horrez gain, ohiko diru iturriak ere erabili izan dituzte: pegatinak banatu, kamisetak saldu eta herriko jaietan txosna jarri[4].
Zapato Azule jaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1998. urtean BOLO-BOLO[5] herri aldizkariak Zapato Azule[6] jaia sortu zuen, beraien komunikazio proiekturako dirua ateratzeko eta, bide batez, Ondarroako Alde Zaharra indartzeko. 2006. urtean BOLO-BOLOk[5] Radixu Irratiari eman zion antolakuntzaren ardura.
Egun guztiko jaia da eta bertan txitxarro erreak, taloak, euskal dantzak eta ikuskizun desberdinak jorratzen dira. Festa honen barruan Euskal Herriko Kamiseta Azoka[7] antolatzeaz gain herritarrentzat hain garrantzitsu den Dinamartxa egoten da. Gaur egun, egun honetan lortzen duten diruarekin ateratzen du Radixu Irratiak bere jarduna aurrera.
Irrati Libreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]80ko hamarkadaren hasieran Euskal Herrian “Egin ezazu zuk zeuk” Punk mugimendu sozio-kulturalaren hazkundeak kultura alternatiboa jarri zuen martxan. Rock talde desberdinak, Gaztetxeak eta Irrati Libreak sortu ziren beste zenbait gauzen artean.
Komunikabideak interes komertzialen eta boterearen menpe zeuden garai hartan, ezinbestekoa ikusi zen beste modu bateko komunikabideak sortu eta hedatzea. Garai horretan sortu ziren Irrati Libreak, autogestioa ardatz hartuta.
Legediak ez ditu mota hauetako komunikabideak jasotzen eta saiakera desberdinak egon izan dira Euskal Herriko Irrati Libreak ixteko.
Antolakuntza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Radixu Irratia irrati librea izanik, asanblada bidez hartzen dituzte erabakiak. Ez daukate zuzendaritzarik eta guztien artean aukeratzen dute egin beharrekoa. Irratsaio bakoitzaren antolakuntza bakoitzak bideartzen du. Partaideak borondatez egiten dute lan. Beraz, herriaren laguntza beharrezkoa dute.
Arrosa Sarea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Radixu Irratia Arrosa Irrati Sarearen partaide da. Euskal Herriko 23 irrati biltzen dituen federazioa da: irrati libreak, udal irratiak, eskualde mailakoak… euskara izanik irrati guzti hauek barnebiltzen dituen puntua. Elkarlanean jarduten dute eta sarekide diren irratietan beste irratietako irratsaioak igortzen dira. Edonork entzun edo jaitsi ditzake irratsaioak Arrosa Sarearen webgunetik[8].
Edukiak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egun ondorengo irratsaio hauek eskaintzen ditu Radixu Irratiak:
- "Binillo artin galdute". Musikala da, binilo esanguratsuak aurkezten ditu.
- "Erozemat". Elkarrizketa saioa, azken aldian bidaiak ditu ardatz.
- "Lorituk FM". Zubi Zahar Ikastolako irrati tailerreko partaideek sortutakoa.
- "Ein daigun bidi". Preso, errefuxatu eta iheslari politikoei buruzkoa.
- "Azken Mohikanoak". Magazinea, denetatik eskaintzen da.
- "Kritikal Blues". Musikala, Blues motako musika.
- "Terranobako salau". Heavy metal internazionala.
- "Bota bosteku". Umeek egindako irratsaioa.
- "Kafe Olé". Umorezko tertulia.
- "Sputnik". Musikala, Errusia eta Ukrainako Top musika.
- "Time to roots". Musikala, Reggae motako musika.
- "Toleta apurtu". Kirola, arraun mundua jorratzen du.
- "Naranja azule". Musikala, musika aukeratua.
Programazioa osatzeko Arrosa Sareko irratsaioak ere eskaintzen dituzte, Euskal Herriko irrati desberdinek egindakoak. 24 orduko emisioa osatzeko musika aukeratua egoten da.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Radixu Irratia - Ondarruko radixo libri» www.radixu.info (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
- ↑ Urkizu, Urtzi. «Ondarroan, 25 urtez Radixu» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
- ↑ Ondarroako Udala. (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
- ↑ Hondarraoa. .
- ↑ a b Zubimendi, Kerman Garralda. «Ondarroa, urdinez» Berria (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
- ↑ «Zapato Azule - Auiminyulinblu!» www.zapatoazule.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
- ↑ «Zapato Azule - Kamiseta Azoka» www.zapatoazule.com (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).
- ↑ «Arrosa - Arrosa irratien sarea» Arrosa (Noiz kontsultatua: 2021-05-07).