Ramegante

Wikipedia, Entziklopedia askea

Ramegante adjektiboa euskarazko neologismo umoretsua da, Berria egunkariko kazetari eta Euskalerria irratiko kolaboratzaile Iñigo Astizen testu bat maketatzean nahi gabe sortua. Izan ere, Ramon Saizarbitoriaren izena eta Julio Soto bertsolaria elegante aritu zela zioen esaldia uztartu zituen maketatzaileak, oharkabean. Astizek hutsegitea umorez hartu eta ramegante neologismoa bultzatzeko kanpaina umoretsua abiatu zuen, Ramegante 2011 ekimena izenburuarekin, beste hainbat letrazale lagun: Iban Zaldua, Gorka Bereziartua eta beste. Beraz, etimologiari erreparatuz, adjektibo sorberri honek «dotore» esan nahi du. Ez da, baina, edozein dotorezia, baizik eta, zehazki, Julio Sotok Ramon Saizarbitoriaren dotoretasunez abesten duelarik darabilena. Hala ere, hitzari beste edozein esanahi ematea onartzeko prest daude ramegante hitzaren zaleak.[1]

Sorreraren xehetasunak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

2010eko martxoaren 20an, Berriako kazetari Iñigo Astizek Nafarroako Bertsolari Txapelketako kronika idatzi zuen. Ordenagailuan tekleatu zuen lehen esaldia, «Elegante bukatu zuen Julio Sotok Lesakan jokatutako Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala» izan zen. Testua maketan sartzeko tenorean, ordea, ez zuten erabat ezabatu Ramon Saizarbitoria aipatuz hasten zen beste testu bat, eta uztarketa horretatik hitz berria sortu zen. Apirilaren 21ean egunkari horrek argitaraturiko kronikan, honako hau irakur zitekeen: «Ramegante bukatu zuen Julio Sotok…».[1][2]

Ramegante 2011 ekimenaren helburuak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ramegante neologismoa eufonikoa dela, esparru semiologiko zabala garatzeko aukera ematen duela eta ahanzturan ez erortzea merezi ez duela aldarrikaturik, ekimenak bi helburu jarri zizkion bere buruari:[3]

  1. 2011ko martxoaren 21erako, ramegante hitzak 500 agerpen izatea Google bilagailuan. Helburu hori ez zen lortu, epe horretan behintzat.
  2. Euskaltzaindiak ramegante hitza euskara baturako onartzea.

Ramegante 2011 ekimenaren deia, euskaldunei[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Aipatu helburuak lortzeko, noski, ekimenaren aldezleek beharrezko dute gizarteak hitza onartzea, eta horretarako dei hau argitaratu zuten:[3][4]

« Kazetari, idazle, blogari, buletin ofizialgile, panfletero eta gainontzeko eskribauen laguntza behar dugu zeregin horretarako. Zuen testuetan tarteka «ramegante» sartzera animatu nahi zaituztegu, zeuok ikusi zer esanahi eman nahi diozuen (hitzaren genesian esangura positiboa zuen, baina ez dio gehiegi axola). »

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. a b «Ramegante 2011 Ekimena», Euskalerria irratia, 2010-04-13.
  2. Iñigo ASTIZ: «Bertso biribilekin, txapela», Berria, 2010-03-21.
  3. a b Iñigo Astizi eginiko elkarrizketa, Pasahitza saioa, Euskalerria irratia, 2010eko apirila.
  4. «Oinarrizko informazioa», Ramegante 2011 ekimenaren Facebookeko webguneko atala.

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]