Napoleondar Gerrak
Frantziako historia |
![]() |
Historiaurrea eta Antzin Aroa |
Erdi Aroa |
Aroa Modernoa |
Aroa Garaikidea |
|
Zerrendak |
---|
Napoleondar Gerrak[1] Napoleon Bonaparteren aginte inperialaren garaian (1804-1815) borroka egindako zenbait gatazka armatu izan ziren, 1789ko Frantziako Iraultzak eragindako gerrei jarraipena eman zietenak. Hein handi batean Erresuma Batuaren finantziazioari esker jarraitu zuten gerrak izan ziren, Frantziako Lehen Inperioan zehar.
Ez dago kontsentsurik gerra hauen hasiera zehatzaren inguruan. Batzuen ustez gerrak hasi ziren Napoleonek Frantzian agintea lortu zuenean, 1799ko azaroan, baina beste batzuek uste dute 1799 eta 1802 artean emandako gatazkak Frantziako Iraultzako Gerrak direla, eta Erresuma Batuak 1803an Frantziari gerra deklaratu izana jartzen dute hasieratzat. Kasu honetan Amienseko itunaren haustura izango litzateke hasiera. Beste ikuspegi baten arabera, Konbentzioaren Gerra, Iraultzaren ondorengo lehen gerra handia non koalizio europar batek Errepublikari eraso zion izan daiteke hasiera, horretan hasi zelako Napoeleonen eragin militarra igartzen, bereziki Toulongo setioan lortu zuen garaipenarekin, artileriako kapitaina zela.
Napoleondar Gerrak geroz eta gehiago Koalizioaren Gerrak deitzen dira, izan ere Napoleonen aliatuek sortutako gerrak izan ziren. 1815eko azaroaren 20an amaitu ziren, Napoleonek Waterlooko gudua galdu ostean eta 1815eko Parisko Ituna sinatu eta gero. Batzuetan 1792eko apirilaren 20tik 1815eko azaroaren 20an emandako gerra guztiei Frantziar Gerra Handia deitzen zaio.
Hasiera eta amaiera[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Adituak ez datoz bat Frantziako Iraultzako Gerren eta Napoleondar Gerren arteko muga non dagoen esaterakoan. Hainbat aukera honako hauek dira:
- 1799ko azaroaren 9: Bonapartek Frantziako boterea bereganatu zuen.
- 1803ko maiatzaren 18: Britainia Handia eta Frantziaren artean 1792tik 1814 bitarteko bake-garai bakarra amaitu zen.
- 1804ko abenduaren 2: Bonapartek Enperadore izendatu zuen bere burua.
Gerra napoleonikoak Waterloon Frantziaren azken porrotaren ostean (1815eko ekainaren 18an) eta Parisko Bigarren Hitzarmena sinatutakoan (1815eko azaroaren 20an) amaitu ziren. Nolanahi ere, batik bat Britainia Handiko iturri batzuen arabera, 1792tik 1815 arte iraun zuen gatazka armatu jarraituari Frantziako Gerra Handia deitzen zaio. Beste batzuen arabera, 1689tik 1815 arte iraun zuen Bigarren Ehun Urteko Gerraren azken fasea izango litzateke.
Gerren garapena[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Napoleon Bonaparte Frantziako jeneralik arrakastatsuena izan zen Iraultzako Gerretan, Italiako zati handiak konkistatu baitzituen, Austria bakea sinatzera behartuz. Egiptotik 1799an itzuli zen, eta azaroaren 9an gobernua kargutik kendu zuen. Bera Lehen Kontsul zen Kontsulatuaren bidez ordezkatu zuen. Arrakastarik gabeko konspirazio baten ondoren, 1804ko abenduaren 2an, bere burua enperadore izendatu zuen.
Lehen Koalizioa (1792-1797)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Botere eskalan gora egite horretan, gerrak funtsezko rola jiokatu zuten. Hasieran Iraultzako Gerren kontestuan gobernu iraultzaileei egin zien zerbitzu Napoleonek, hala nola Toulongo Setioan (1793), eta Lehen Koalizioaren gerrako Italiako kanpainetan (1792-1797).
Napoleonen trebetasun militarra 1793an nabarmentzen hasi zen, artileriako kapitain zela. Toulongo Setioan berea izan zen garaipen militarraren meritua, askoren iritziz. Orduan oraindik Napoleone Buonaparte izen korsikar-italiarrarekin zen ezaguna, eta nonbait Robespierreren jakobinoen aldeko sutsua zen. Ironikoki, Robespierre zelarik une hartan Errepublikako botere zentralaren irudi indartsuena, hark ez zuen militarrenganako gehiegizko konfiantzarik, eta beldur zen, garaipen militarren ondoren jauntxo edo buruzagi militar batek boterea hartzea lor ote zezakeen. Robespierrek ez zuen hori gertatzen ikusim, 1794ko uztailean kendu baitzuten boteretik eta gillotinatu zuten; baina bere ustea egiazko bihurtu zen urte gutxiren buruan.[2]
Gerra honetan, 1797 urterako, Napoleonek Italia iparraldea kontrolatzen zuen eta Austriako Vienatik gertura eraman zituen guduak, austriarrak akordio batera iristera behartzeko. Austriaren borondatea bihurtzea lortu zuen azkenean Napoleonek, Campo Formioko Itunarekin. Horri Lehen Koalizioa bertan behera geratzea gehitu behar zaio, Britainia Handiak baino ez baitzuen jarraitu borrokan. Horren ostean, Napoelon Europako generalik famatuena bilakatu zen.
Egiptoko kanpaina (1798-1801)[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1798an Errepublika zuzentzen zuen Direktorioak espedizio bat antolatu zuen Egipto konkistatzeko, zeinaren buru ofiziala Louis-Alexandre Berthier zen, baina praktikan Napoleonek kontrolatu zuen erabat.
Garaipenez eta galeraz betetako kanpaina bat izan zen. Ondo hasi zen Napoleonentzat, Egipto ia erabat konkistatu baitzuen, baina Nelson britainiarraren itsasoko kontraerasoak untzidia suntsitu zion eta praktikan Frantziatik isolatua geratu zen han. Kanpaina konplikatu zen halaber Otomandar Inperioa sartu zelarik gerran, eta hari Sirian luzapena izan zuen espedizioan aurre egin zion Napoleonek. Bitartean, metropolian eta Europako gerretan egoera desengorkotu zitzaion Direktorioari (aurkako potentzien Bigarren Koalizioa osatu zelarik), eta Napoleonek Parisen zuen bere aliatuarekin bere itzulera antolatu zuen, Brumarioko estatu-kolpea emateko Parisen 1799an.
Bigarren Koalizioa (1798-1802)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Napoleon Bonaparte Egiptoko espedizioaren buruan zegoen bitartean, Frantziako aurkariek aliantza berria prestatu zuten haren aurreko konkistak desegiteko. Austriak eta Errusiak armada berriak bildu zituzten Alemaniako eta Italiako kanpainetarako.
Lehenengo ekintza militarra Napoliko erresumak burutu zuen 1798an, Erroma hartu baitzuen urriaren 28an. Hala ere, urtea amaitu aurretik bere mendetik at geratu zen berriro. Iparraldeagoan, Po ibaiaren aldean, Errusiak Moreau buru zuen armada frantziarra garaitu zuen, Alpeetara eta Genova aldera mugiaraziz. Dena den, Errusiako armada Helvetiar Errepublikara (Suitza) iritsi zenean, Andre Massena frantziarrak menderatu zituen.
Alemanian, Austriako armadek Jean-Baptiste Jourdan buru zuten frantziarrak Rhin ibaiaren bestaldera mugiarazi zituzten. Suitzan ere garaipenak eskuratu zituzten austriarrek.
Egiptotik itzuli ostean, Napoleonek Frantziaren gaineko kontrola bereganatu zuen eta armadak berrantolatu zituzten. Are gehiago, hurrengo urterako kanpainak berak zuzendu zituen. 1800en, Italiako armada Napoleonen bizkar gainean geratuta, Michael Melas jenerala buru zuen armada austriarraren kontra Marengoko gudua irabazi zuen.
Alemanian, Moreau frantziar jeneralak Johann artxidukea garaitu zuen Hohenlindengo guduan. Ondorioz, Austriak Lunévilleko Ituna sinatu behar izan zuen, Frantziak Rhineraino lurraldeak menperatuko zituela eta Italiako eta Herbehereetako errepublikak sortu zirela onartuz.
Azkenik, Erresuma Batuarekin ere bakea sinatu zuen Frantziak Bigarren Koalizioari amaiera emanez. Europar kontinenteko koaliziokideentzat amaiera negargarria izan zuen gerra honek, baina britainiarrek Egipton erabat garaitu zuten Frantzia eta itsasoko kontrola zeukaten, eta hortaz Amiensko bakea sinatu ahal izan zuten konfiantza nabarmenarekin, bi urteko bake epe bat irekiz Napoleondar Gerren kontestuan, Paris eta Londresko aginteak bi hamarkadatan bakean egon ziren interregno bakarra.
Hirugarren Koalizioa (1805-1806)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Napoleonek Britainia Handia inbaditzeko asmoa zuen 1805ean, baina Errusia eta Austriarekin izandako aliantza berriak (Hirugarren Koalizioa) kontinenteari begira jarri zuen. Gainera, Bizkaiko golkoko britainiarren nagusitasuna ezin izan zuen gainditu, Trafalgarren urriaren 21ean porrot erabakigarria pairatu zuelako. Edonola ere, abenduaren 2an, soldadu gehiago zituen Austriar-Errusiar armada gailendu zuen Napoleonek Austerlitzen. Honela, Austriak koaliziotik aldenduta, Napoleonek Germaniako Erromatar Inperio Santua desegin zuen, ia-ia 900 urte iraun ostean.
Laugarren Koalizioa (1806-1807)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hurrengo urtean, Laugarren Koalizioa osatu zen. Urriaren 14an, Napoleonek Prusia garaitu zuen Jenako batailan. Alemania zeharkatuta, Errusia gailendu zuen Friedlandeko batailan 1807ko ekainaren 14an. Tilsiteko hitzarmenetan, Europa Frantzia eta Errusiaren artean banatu zen, eta Varsoviako dukerria sortu zen tartean.

1807ko urrian Frantziak eta Espainiak Fontainebleauko ituna sinatu zuten, Portugal inbaditu eta banatzeko. Aitzaki horrekin Frantziar armadak Espainia inbaditu zuen eta 1808ko maiatzean Napoleonek bere anaia Josef Bonaparte jarri zuen errege. Frantziarren aurkakoak matxinatu zirenean Iberiar Penintsulako Gerra hasi zen.
Espainiako independentzia gerra (1808-1814)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1808ko udazkenean Grande Armée Espainian sartu zen, Napoleon Bonaparte buru zuela. Horiek horrela, 1809an Erresuma Batuak eta Austriak Napoleonen aurkako Bosgarren Koalizioa osatu zuten.
Bosgarren Koalizioa (1809)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hasieran Austriak garaipenen bat izan bazuen ere, Wagramgo batailan erabateko porrota izan ondoren Schönbrunngo ituna onartu behar izan zuen.
Nolanahi ere, 1812ko ekainaren 12an, Napoleonek Errusia inbaditzeari ekin zion. Smolensken eta Borodinon garaipena izan ondoren, Mosku hartu zuten frantziarrek, baina sutan aurkitu zuten. Honela, atzera egitera behartuta aurkitu zuen bere burua Napoleonek. Atzerako bidaian, kosakoen erasopean, eta goseteak zein hotzak jota, 20.000 gizon baino ez ziren itzuli kanpaina honetatik.
Seigarren Koalizioa (1813-1814)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
1813tik aurrera, aldapa gora jarri zitzaion egoera Napoleoni. Leipzigeko guduan (1813) zazpi herrialdetako armadek garaituta, Paris hartu zuten aliatuek. 1814ko Fontainebleauko hitzarmenaren arabera, Elba uhartera erbesteratu zuten, boterea galduta.
Ehun Egunak (1815)[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hala eta guztiz ere, 1815eko martxoaren 1ean, Frantziara itzuli zen. Armada bat antolatu arren, Erresuma Batuak eta Prusiak Waterloon menderatu zuten ekainaren 18an.
Gerra hauek Europako gerragintza irauli zuten, batik bat artilleria. Aurretik ikusi ez zen maila handiko borrokak izan ziren, batez ere soldaduska-sistema moderno eta masiboa indarrean jarri zelako. Politikari dagokionez, Napoleonen porrotarekin, Borboiak Frantziako tronura itzuli ziren. Bitartean, Espainia Frantziako armadak okupatzean, Amerikan zituen koloniak konturatu ziren Espainiako boterea ez zela hain indartsua, eta matxinadetako atea zabalik geratu zen, beraz.
Napoleondar gerrak Euskal Herrian[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Txurruka eta Trafalgar[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Napoelondar gerretako fase batean inportantea izan zen Kosme Damian Txurruka almirante euskaldunaren partehartzea, 1803tik aurrera. Une horretan Frantzia eta Ingalaterraren arteko gatazka itsasoetan zen gerraren puntu nabarmenena, eta aldi berean Espainiako erresuma eta Napoleon aliatu izan ziren. Hortaz, Txurrukak gidatzen zuen Espainiako armada Frantziakoaren aliatu izan zen, eta borrokagune nagusi batean egin zuten topo etsaiek, Espainiako hegoaldeko muturreko Trafalgar lurmuturraren parean, 1805eko urriaren 20an. Borroka garaipen ingeles erabatekoa izan zen, eta Txurruka almirantea bertan hil zen, San Juan Nepomuceno ontziaren agintarit zela. Baina bere kontrarioa eta ordura arteko heroi ingelesa, Nelson almirantea, hura ere Trafalgarko guduan bertan hil zen.
Iberiar Penintsulako Gerra[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gerogago, 1808 eta 1813 artean, Napoleondar gerren borrokagune nagusietako bat Espainia izan zen, Iberiar Penintsulako Gerra deitu ohi dena; baina Euskal Herrian okupazio militarra gertatu arren, ez zen hasieran gatazkarik izan. Izatez, Bidasoako muga baimenarekin igaro zuten frantziar tropek 1807ko udazkenean Espainiak eta Frantziak aliantza sinatu zutelarik Portugal konkistatzeko asmoz. Hurrengo urtean Aranjuezko altxamenduaren osteko Madrilgo maiatzaren 2ko gertaerak aurrekari izan zirelarik, erregimen aldaketa formala inposatu zuen Napoleonek, Espainiko Borboiak agintetik kenduz eta haien ordez monarkia berra ezarriz, Joseph Bonaparte enperadorearen anaia Espainiako errege bilakatuz. Erregimen aldaketa, hain zuzen, Euskal Herrian formalizatu zen, Baionako abdikazioetan, 1808ko maiatzaren 5ean.
Horren ondoren, Iberiar penintsulako parte asko gerrila erako borroketan nahastu ziren. 1809tik aurrera Francisco Espoz Mina eta bere iloba Javier Mina (biak nafarrak) izan ziren Nafarroan, Gipuzkoan, Aragoin eta Gaztelan gerrila ekintza anti-napoleondarrak gidatu zituztenak. Beste gerrilari ezagun bat Gaspar Jauregi Artzaia izan zen, zeinak Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian egin zituen kanpaina etengabeak, bereziki 1811tik 1813ra. Jauregik idazkari gazte erabili zuen bere tropa zuzentzeko, Tomas Zumalakarregi, geroago ospetsu bilakatua.
1812ko udatik gerrila fasetik armaden arteko gatazkara eraldatu zen Iberiako Gerra, Arthur Wellesley Wellington dukeak Portugaldik Espainiaranzko ofentsibari ekin ziolarik. Aurrerapen hori etengabea izan zen, eta bere azken faseko gudu inportante batzuk Euskal Herrian izan ziren: Gasteizko gudua, 1813ko ekainean, jarraian frantziar tropen egoztea Nafarroatik Pirinioaren bestaldera, Soraurengo gudua funtsezkoa izan zelarik horretan; eta azkenik 1813ko abuztu amaieran, Donostiaren setioaren apurketa eta hiri honen erreketa eta arpilaketa, Wellingtonen tropa portugaldar eta ingelesek egina.
Guduak Garaipen Arkuan[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Napoleondar Gerren oroipen mugimendu nagusia da Parisen Garaipen Arkua. Bertan Frantziak irabazitako 158 guduren izenak daude, eta bi dira Euskal Herrikoak. Baztan haraneko gudua eta Tuterako gudua, Le Bastan eta Tudela izenez daude adieraziak. Lehenbizikoa 1794ko uztailean gertatu zen, ez aro napoleondarrean baizik eta Konbentzioko Gerraren kontestuan. Tuterakoa Iberiar Penintsulako Gerran gertatu zen, 1808ko azaroaren 23an gertatua. Bertan, Lannes mariskalak zuzendutako armada frantsesak erabat hartu zuen mendean Castaños jeneralak zuzendutako armada espainiarra.
Bibliografia[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- Bell, David A. (2010). The First Total War : Napoleon's Europe and the birth of warfare as we know it. ISBN 978-2-87673-539-2
- Mikaberidze, Alexander (2020). The Napoleonic Wars: A Global History. Oxford University Press. ISBN: 9780199951062
- Pope, Stephen. The Cassel Dictionary of the Napoleonic Wars. Cassel. 1999. ISBN 0-304-35229-2
- Schom, Alan. Napoleon Bonaparte: A Life. 1998. Perennial. ISBN 0-06-092958-8
Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]
- ↑ Las Cases, Emmanuel, comte de, 1766-1842. (D.L. 2014). Memorias de Napoleón escritas por él mismo ; seguidas de Juicios de Napoleón sobre sus contemporáneos ; Máximas y pensamientos del prisionero de Santa Elena. Desván de Hanta ISBN 9788494274770. PMC 900038000. (Noiz kontsultatua: 2019-06-03).
- ↑ Jones, Colin. (2021). «02.00/2.00 a.m. CPS offices, Tuileries palace» The fall of Robespierre: 24 hours in revolutionary Paris. (First edition. argitaraldia) Oxford University Press ISBN 978-0-19-871596-2. (Noiz kontsultatua: 2023-09-12).
- ↑ Kondaira. (Noiz kontsultatua: 2017-11-21).