Estatu Batuetako Bigarren Bankua
Estatu Batuetako Bigarren Bankua | |
---|---|
AEBko Leku Historikoa | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Ameriketako Estatu Batuak |
Estatua | Pennsylvania |
County of Pennsylvania | Philadelphia konderria |
Pennsylvaniako hiria | Filadelfia |
Koordenatuak | 39°56′55″N 75°08′54″W / 39.948713°N 75.148459°W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntzaren hasiera | 1818 |
Suntsipena | 1833 |
Arkitektura | |
Arkitektoa | William Strickland (en) |
Estiloa | Neogreziar arkitektura |
Ordezkatzen du | Estatu Batuetako Lehenengo Bankua |
Ondarea | |
AEBko Leku Historikoa | 87001293 |
Webgune ofiziala | |
Estatu Batuetako Bigarren Bankua (ingelesez: Second Bank of the United States) AEBko banku zentral bat izan zen, Estatu Batuetan 1816 eta 1836 artean indarrean izandakoa. Bere garaian Bankua ere soilik deitzen zitzaion, eta Estatu Batuetako Erreserba Federalaren aitzindaria da.
Aurrekariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ameriketako Estatu Batuak 1776an sortu ziren Philadelphiako deklarazioaren bidez. Independentzia Gerrak 1783 arte iraun zuen, eta herrialdearen Aita Sortzaileek berehala heldu zioten diruaren gaia konpontzeko formulak bilatzeari, erabakigarria, diruaren gaia baitzegoen batez ere Independentzia Gerraren jatorrian (colonial scriptaren auzia). Egonkortasunaren argudioa ardatz hartuta, eliteetako pertsonaia garrantzitsu batzuek, Alexander Hamilton buru zutela, Estatu Batuetako Lehenengo Bankua sortu zuten 1891n. Hala ere, eztabaida handiak sortu zituen Aita Sortzaileen artean. Thomas Jefferson presidentea, adibidez, kontra zuen. 1811ko epea amaitu baino lehen, Nathan Mayer Rothschild Ingalaterrako finantzen handikiak (eta, 1815etik aurrera, nagusiak) ondorengoa adierazi zuen:
« | Bata ala bestea: baimenaldia berritzeko eskaerari baiezkoa eman, ala Estatu Batuak gerra suntsigarri batean sartuko dira. | » |
Hala ere, gobernuak ez zion baimena (charter) berritu Lehenengo Bankuari 1811n eta, ustez, Rothschildek ondorengoa adierazi zuen oraingoan:
« | Irakatsi lezio bat estatubatuar buruarin horiei: itzul daitezela kolonia estatusa hartzera. | » |
Berehala, Estatu Batuen eta Britainiar Inperioaren arteko 1812ko gerra piztu zen. Artean gerra indarrean zela, Kongresuak Banku zentrala berrezartzea onartu zuen, baina James Madisonek bere presidente-ahalmena erabili zuen Bankuari betoa jartzeko. Bi indarrak parekatuta atera ziren gerratik, nahiz eta gerra bere azkenetan zela, New Orleansen britainiarrek ezusteko zartako militarra hartu (1815).
20 urteko baimenaldia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1815ean, Europako gerraren gorabeherak direla eta batez ere, Ingalaterrak ezin izan zuen gerra irabazi. Hala ere, Estatu Batuek ezin izan zioten gerraren madarikazioetako bati ihes egin: zorra. Berriz ere diru egonkortasunaren gaiari helduz, eliteetako hainbat politikarik eta gizon garrantzitsuk, Europako finantzen handikien eraginpean, Estatu Batuetako Bigarren Banku zentrala sortzeko konbentzitu zuten Estatu Batuetako kongresua, 20 urteko baimenaldiaz (1816). Horrek esan nahi zuen Estatu Batuetako diru mota inprimatu eta igortzeko monopolioa zuela, gai guztiz arantzatsua, auzitan baitzen hori benetan konstituzionala ote zen.
Bankuak dirua inprimatu eta gobernuari mailegatzen zion. Gobernuak, berriz, interes batekin itzuli behar zion. Hala ere, bankuaren gordailuen %20 gobernuak jarri behar zuen bere ondasun publikoetatik. Estatu Batuetako Bigarren Bankua Ingalaterrako Bankuaren irudira egindako bankua zen eta, beraz, zatikizko erreserba banka sistema erabiltzen zuen.
Izan ere, Bigarren Bankua, Lehenengoa bezala, banku pribatua zen, bere jabeen eskuetan, eta bere jabeak bere akziodunak ziren. Aldiz, akziodunak nor ziren zehazki ez zen agerikoa, sekretua baizik. Uste da orduko bankuaren akziodunen heren bat gutxienez europar finantza gizonen eskuetan zela. Bigarren Bankuaren baimena Europako botere zentroen (Londres, Paris) oso gustukoa zen, haren bitartez errepublika berria kontrola baitzetzaketen, eta nola Ingalaterrako Bankua (Nathan Mayer Rothschild, 1815etik) hala Rothschild Frères (Jacob Mayer Rothschild, 1818tik) Rothschild familiak kontrolatzen zituen.
Bigarren Bankuari baimena emateko argudio nagusietako bat egonkortasuna zen. Aldiz, 1819an beheraldi ekonomiko eta finantzario sakona gertatu zen, krisia. 1819ko krisia hartzen da Estatu Batuetako lehen krisi ekonomiko ziklikotzat. Horrek, dirua inprimatzeko ahalmena bankuaren eskuetan edukitzeak eta bankuaren ezkutukeriak berehala piztu zuen goganbeharra artean bizirik ziren Aita Sortzaileen artean, baita eztabaida politiko sutsuak ere.
Baimenaldiaren amaiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Berehala elkarren guztiz kontrako bi talde politiko sortu ziren: bata, Henry Clayren inguruan (Alderdi Errepublikano Nazionala, edo Whig Party) eta, bestea, Andrew Jackson, armadako jeneral izandakoa (besteak beste) eta Alderdi Errepublikano Demokrataren hautagaia (Alderdi Demokrata). 1828ko hauteskundeetan izan zen lehenengo aurrez aurreko borroka, eta Jacksonek irabazi zuen. Baimenaldiaren amaiera (1836) gerturatu ahala, bi alderdien arteko herra bizitu zen, hil ala bizikoa izateraino. Parlamentuaren aldeko eta presidentearen kontrako jarrerek talka egin zuten, eta Jacksonek betoa jarri zion baimenaldia luzatzeari.
Orduan, 1832ko azaroko hauteskundeetan jokatu zen Bigarren Bankuaren eta Estatu Batuen patua. Jacksonek "Jackson eta ez Bankurik!" hartu zuen bere kanpainako goiburutzat, mezu garbia. Gehiengo osoz irabazi zituen hauteskundeak eta, handik gutxira, Jacksonek agindu zuen gobernuak bere gordailuak Bankutik atera zitzala.
Nicholas Biddle Bankuaren presidentea altxa zen horren kontra, mehatxuen eta bitarteko susmagarrien bitartez. Andrew Jackson presidenteak bere bizitza arriskuan zela sentitzen zuen aspalditik eta, 1835eko urtarrilaren 30ean, susmo hori egia bihurtu zen, bere kontrako hilketa saio batean. Hala ere, bizirik atera zen.
Biddle auzipetua izan zen azpijokoa leporatuta. 1836ko otsailean, Bankuaren baimenaldia amaitu zen, eta Bigarren Bankua Pennsylvaniako beste banku pribatu bat bihurtu zen. Gainbehera etorri zen, eta 1841erako Bankuarenak egin zuen.