Bideratzaile

Wikipedia, Entziklopedia askea
Router» orritik birbideratua)
Avaya Nukleoko bideratzailea
Linksys bideratzailea
Bideratzailea eta protokoloak

Bideratzailea, edo Routerra, konputagailu-sareak elkar konektatzeko hardwarez eta softwarez osatutako gailu bat da.[1] OSI ereduko hirugarren mailan lan egiten du. Gailu honek sare-segmentuak zein sare osoak elkar konektatzen ditu. Sareen artean datu paketeak uzten ditu igarotzen sare geruzako informazioan oinarrituz.

Sarrera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erraz ulertzeko, router bat zenbait IP dituen gailu bat (konputagailua, telefono adimentsua...) da, IP sare desberdinen datu trafikoa ahalbidetzeko, bestela zuzenean konektatu ezkero ez lirateke komunikatuko.

Sarea eta Internet bideratzaile batez elkarri konektatuta daude. Konputagailu batetik beste batera datagrama bat bidaltzen denean, bideratzaileak konektatuta dauden sareen artean ibilbiderik onena aukeratzen dute, gero datu paketeak sare-segmentu eta sare ataka egokienetatik zuzentzeko. Honi bideratzea deitzen zaio. Erabiltzaile arruntentzako ADSL routerra izango da ezaguna, etxeko edo bulegoko sareari Internet sarbidea ahalbidetzen diona. Azken finean bi sare lotzen ditu, etxeko edo bulegoko sare lokala (LAN) eta kanpoko sarea (WAN).

Etxeetan eta bulegoetan jartzen diren bideratzaile gehienek beste funtzio osagarri batzuk dituzte bideratzearekin batera: haririk gabeko sarbide-puntua, WiFi sare bat sortzeko eta konektatzeko aukera ematea; modema seinale analogikoak digitaletara eta alderantziz bihurtzeko; kommutagailua hainbat gailu kable bidez konektatuz sare lokal bat sortzeko...

Funtzionamendua[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideratzaile baten oinarrizko funtzionamendua une bakoitzean sare-paketeak egokiena den bidetik bidaltzea da. Horretarako, jasotako paketeak (datuak) biltegiratzen ditu, eta jatorrizko eta helmugako informazioa prozesatzen ditu. Informazio horren arabera, beste bideratzaile batera bidaltzen ditu paketeak, edo helburura, "bideratze" izeneko jarduera batean. Bideratzaile bakoitzak erabakitzen du hurrengo jauzia biltegiratuta duen bideratze-taularen arabera. Horretarako, protokoloen bidez erabakitzen da zein den biderik egokiena edo laburrena.

Sare-mailako elementuak direnez, bi zeregin nagusi betetzeaz arduratu behar dute:

  • Paketeak bideratzea: bideratze-algoritmoa erabiliz, gai izan behar du paketeak igorle batetik hartzaile batera irits daitezen jarraitu beharreko bidea aukeratzen eta hurrengo urratsa erabakitzen.
  • Paketeak birbidaltzea: pakete bat bideratzaile baten sarrera-loturara iristen denean, bideratzaileak erabakitako irteera-loturara bidali behar du paketea. Bideratzaileen ezaugarri garrantzitsu bat da ez dutela trafikorik hedatzen.

Bideratze-teknikak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bideratzaileak irudikatzeko sinboloa.

Pakete bat bideratzailean nora bideratu den erabakitzeko bi metodo multzo nagusi daude: estatikoak eta dinamikoak.

Estatikoetan eskuz konfiguratutako taula estatiko batean ezartzen da bideratzeko estrategia. Trafiko txikiko bideratzaile txikietan nahikoa izan badaiteke ere, bideratzaile handietan (trafiko handiko sare anitz konektatzen dituztenak) bideratze estatikoa ez da nahikoa pilaketak saihesteko.

Bideratze dinamikoari esker, bideratzaileek denbora errealean doitu ditzakete IP paketeak transmititzeko bideak. Protokolo bakoitzak bere metodoak ditu ibilbideak zehazteko (bideratzaileen artean trukatutako informazioa erabiliz askotan). RIP protokoloa da ezagunenetako bat bideratze-lanetarako.

Haririk gabeko bideratzaileak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Sare kableatu (Ethernet, ISDN, ADSL...) eta haririk gabeko sareak (WiFi, WiMAX, GPRS, UMTS...) konektatzen dutenak asko zabaldu dira.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

  1. Rivadeneyra, José María. (2009). TCP/IP sareak. (3. argit. argitaraldia) Udako Euskal Unibertsitatea ISBN 978-84-8438-235-5. PMC 733838405. (Noiz kontsultatua: 2022-11-20).

Ikus, gainera[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]