SS Cygni

Wikipedia, Entziklopedia askea
Jump to navigation Jump to search

SS Cygni (SS Cyg/HD 206697/GCRV 13641) Cygnus konstelazioko izar aldakor bat da. Gure eguzki-sistematik 330 argi-urteko inguruko distantziara dago. U Geminorum bezala noba nano deritzenetako bat da. Louisa D. Wellsek 1896an aurkitua zeruko izar aldakorrik ospetsuenetako bat eta, ziurrenik behatuena da.

SS Cygnik kiezentzia egoera bat du denboraren %75ean. Ustekabean, bere dizdira handitzen doa egun bakarrean bere dizdira maila altuenera iritsiz. Bere itxurazko magnitudea +12,2ko gutxienekoa eta +8,3ko gehienekoa bitartekoa da. Bere argi kurbari dagokionez, 8 egun inguruko eztanda laburrak eta 18 egun inguruko eztanda luzeak tartekatzen ditu. Gertaera hauek 4 eta 10 aste bitarteko epetan errepikatzen dira. Hauekin batera, noiz behinka, forma zabal eta simetrikoko ez ohiko eztandak gertatzen dira.

SS Cygni, gainontzeko noba nanoak bezala, izar bitar bat da. Izar nagusiak 0,60 eguzki masako masa du eta nano zuri trinko eta bero bat da. Beste izarrak 0,40 eguzki masako masa du K4 espektru motako nano gorri-laranja bat da. Bi izarrak elkarrengandik oso gertu daude, soilik 6,6 orduko orbita periodoarekin. Sekuentzia nagusiko izar laranja hain dago gertu nano zuritik bere azaletik materia galtzen duela, azken honen inguruan akrezio disko bat sortuz. Behatutako eztandak hidrogenoan aberatsa den disko honetan gertatzen diren prozesuekin lotzen dira.