Edukira joan

San Ignazioren Apoteosia (Andrea Pozzo)

Wikipedia, Entziklopedia askea
San Ignazioren Apoteosia» orritik birbideratua)
San Ignazioren Apoteosia (Andrea Pozzo)
Jatorria
Sortzailea(k)Andrea Pozzo
Sorrera-urtea1694
IzenburuaL'apoteosi di Sant'Ignazio
Ezaugarriak
Genero artistikoaarte sakroa
Deskribapena
Kokapena
LekuaSan Ignazio Loiolakoaren eliza

San Ignazioren Apoteosia Erromako San Ignazio Loiolakoaren elizako (italieraz Sant'Ignazio) kupula, absidea eta sabaia apaintzeko sortutako margolan eta fresko monumentala da. Andrea Pozzok margotu zuen 1688 eta 1694 urteen artean, eta maisulantzat jotzen da trompe l'oeil eta quadratura tekniketan, arkitektura eta pintura espazioaren eta perspektibaren ilusioak sortzeko erabili ziren lan honetan[1]. Jesusen Lagundiarekin lotutako eliza honetako margolan handi honen gaia izenburuak argitzen du, Ignazio Loiolakoaren aintza edo zeruratzea (apoteosia, alegia) da erakusten dena, inguruko motibo alegoriko askorekin batera.

Lanak lotura berezia du Erroman garai hartan quadraturak egiten berezitu ziren beste arista batzuekin, bereziki Giovanni Battista Gaulliren (1639-1709) Il Gesu elizako sabaiko freskoarekin: Jesusen Izenaren Garaipena (1674). Bi sabai horiek, biak San Ignaziorekin lotutako eliza bitan, lotuta daude elkarrekin. Pozzok, gainera, San Ignazioren aldare eta hilobia eraiki zuen Il Gesun, eta hura hartzen duen kaperako sabaian San Ignazioren beste apoteosi bat dago margotua, kasu hartan Gaullirena, txikiagoa baina konexio barroko zuzenak Pozzorenarekin.

Gai nagusia, apotesia bera, nabearen sabaian margotua zen, irudi ematen duelarik estatuek apaindutako ganga garai bat dela, nahiz eta sabaia erabat laua izan. Pozzok nabearen sabaiaren sakonera faltsua marogotu zuen, kupula ilusionista bat margotuz, zerurantz irekia eta gorantz flotatzen zuten irudiz populatua. San Ignazio dakusagu paradisuan sartzen, Kristok eta Ama Birjinak harrera ona egiten diotelarik. Alboetan, Lagundiko jesuita misiolariek lau kontinentetan egindako lana ospatzen da[1], alegoria hauen bidez: Europa (emakumea zaldi gainean), Asia (emakumea gamelu gainean), Afrika (emakumea krokodilo gainean) eta Amerika (emakume indiarra erraldoi bat hiltzen)[2].

Nabe nagusiko freskoaz gain, Pozzok hiru margolan fresko egin zituen aldare nagusia inguratzen duen abisidean:

  • Ignaziok La Stortan izan zuen ikuskaria.
  • San Frantzisko Xabierrek Indietara bidali zuenekoa.
  • Ignazio San Frantzisko Borgia agurtzen.

Era berean, bi transpetu margotu zituen Pozzok, Andrea Mariaren Jasokunde bat ezkerrean, eta San Luis Gonzagaren aintza eskuinean.

Pozzoren apaingarriek sabai freskoaren estandarra ezarri zuten Europa katolikoan zehar, eta jesuiten ordenako elizetan imitatu zituzten, Italian, Austrian, Alemanian eta Europako erdialdean oro har.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b «Apotheosis of St Ignatius, Andrea Pozzo: Analysis» www.visual-arts-cork.com (Noiz kontsultatua: 2022-06-12).
  2. (Ingelesez) «Fake Domes and Heavenly Visions: the incredible illusionistic frescoes of Sant’Ignazio in Rome | Through Eternity Tours» Through Eternity Tours (Noiz kontsultatua: 2022-06-13).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]