San Joan Ebanjelariaren eliza (Zirao)

Wikipedia, Entziklopedia askea
San Joan Ebanjelariaren eliza
Ziraoko eliza.jpg
Ziraoko eliza
Kokapena
Herrialdea  Euskal Herria
Probintzia  Araba
Herria Arratzua-Ubarrundia eta Zirao
Koordenatuak 42° 55′ 47″ N, 2° 40′ 22″ W / 42.92969°N,2.67265°W / 42.92969; -2.67265Koordenatuak: 42° 55′ 47″ N, 2° 40′ 22″ W / 42.92969°N,2.67265°W / 42.92969; -2.67265
Historia eta erabilera
Erlijioa katolizismoa
Arkitektura
Ondarea
5

San Joan Ebanjelariaren eliza Ziraoko parroki-eliza nagusia da. XXI. mendearen hasieran arriku larrian zegoen baina herritarren presioari esker berreskuratu zuten[1]. 2012ko urriaren 3an Eusko Jaurlaritzak monumentu izendatu zuen, Sailkatutako Kultura Ondasuna[2].

Ziraoko San Joan Ebanjelariaren eliza eraikin interesgarria da ikuspegi historiko eta arkitektonikotik, eta, gainera, gangetan eta erretaula nagusian dituen margolanak interesgarriak dira ikuspegi artistikotik. Gangak XVI. mendeko Arabako pintzeladuraren nahiko adierazle garbiak dira; San Joan Ebanjelariaren erretaula nagusia, berriz, bertan jartzeko diseinatu zuten berariaz, XVII. mendean, eta elizaren berezko elementutzat hartu behar da. Bestalde, gurutzadurako erretaula barrokoek (Andre Maria Arrosariokoarenak eta San Prudentziorenak) eta habeartearen alboetan daudenek (San Anton abadearenak eta San Isidrorenak) multzo esanguratsua osatzen dute elizaren barnean, eta, gainera, badira zenbait kalitatetako irudi higigarriak ere, deskripzio honetan zerrendatuko ditugunak. Elementu horiek guztiak direla medio, eliza oso interesgarria da ikuspegi historiko eta arkitektonikotik eta ikuspegi artistikotik.

Eraikinaren deskripzioa[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpoaldean, eraikina harlangaitzezkoa da, baina, eskantzuetan, baoetan eta horma-bularretan, harlanduz eginda dago. Hegoaldean du ataria, nahiko xumea. Portada ateburuduna da, eta ateburuaren gaineko apaingarriek dobelen itxura dute. Portadak pilastrak ditu alboetan, baina harroinek eta kapitelek bakarrik iraun dute zutik. Atariko teilatuak taulamenduaren zati handi bat estaltzen du. Hegoaldean, elizak apaizetxea zuen atxikita, baina, egun, hondatuta dago apaizetxea. Dorrea elizaren hego-mendebaldean dago, oinplano karratukoa da eta, gainean, erdi-puntuko sei arku ditu, karilloia ixteko.

Gurutze latindarraren formako oinplanoa du tenpluak. Habearteak, berriz, bi zati ditu, eta burualde zuzena. XVI. mendeko arku tertzelete eta kopatuko gangek estaltzen dute, zutabe erdietan zurkaiztuta. Epistola eratzen duen gurutzaduraren besoan, erdi-puntuko arkuaren formako leihate molduratu bat dago, arku trilobulatuko trazeriadun bao germinatu baten gainean. Gurutzaduraren besoak motzak dira, eta nerbiodun gangek estaltzen dituzte. Tenpluaren oinaldean bada koru garai bat, nahiko landugabea. Sakristia XVI. mendekoa da, eta arku tertzelete eta kopatuko ganga batek estaltzen du.

Horma-irudiak eta erretaulak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Elizaren barnealdean, erdiko habearteko gangak (bai burualdekoa, burualdea bera eta presbiterioa estaltzen dituena, bai habeartearen bi zatiak estaltzen dituztenak) tenpera-pinturaz apainduta daude, eta margolan horietatik asko XVI. mendeko pintzeladuraren barnean daude. XVI. mendeko pintzeladura mende horretako eraikin erlijiosoetako paramentuetan eta gangetan landu zen, eta oso erabilia izan zen Araban.

Polikromia finak dira, lehen zatikoak (burualdekoak) batez ere, eta horma-atalak apaintzen dituzte, gangetako arku tertzeleteetako nerbioen artean. Lehen zatian zenbait motibo plateresko ageri dira: kupidoak, haur biluziak loreontzietatik irteten, girlandak eta zurtoin okerrak, baita motibo geometrikoak ere. Muturretan, Elizako lau doktoreak daude, eta, giltzarrietan, San Joan Ebanjelaria ageri da erdikoan, eta loreak eta izarrak gainerakoetan.

Erdiko zatiaren dekorazioa antzeko estilokoa da: emakumezkoen irudiak, gizon hegaldunak, hegaztiak eta alegiazko animalien buruak ageri dira. Erdiko giltzarrian, Aita Betikoa ageri da, eta gainerako giltzarrien dekorazioa lehen zatikoenaren antzekoa da.

Oinaldeko zatia (korua estaltzen duena) XVII. mendeko polikromia eskasagoez apainduta dago, eta motibo geometrikoak ageri dira, kasetoi moduko laukiez eratutakoak. Muturretan, lau apostoluen margolanak daude, marko kiribilduen barnean, eta, gangaren erdiko giltzarrian, kaliza bat ageri da, latinezko idazkun baten barnean.

Gurutzadurako gangetako giltzarriak askotariko motiboez apainduta daude, hala nola errosetez, armarriez, motibo sinbolikoez eta pasioko tresnez, eta sakristiakoak, berriz, loreez eta errosetez.

Elizari atxikitako ondasun higigarrien multzoaren barnean, nabarmentzekoa da erretaula nagusia, San Joan Ebanjelariarena eta XVII. mendearen bigarren erdialdekoa. Elizaren burualde osoa betetzen du, urre-koloreko egur polikromatuzkoa da eta basamentuak, hiru kaleko bi gorputzek eta atikoak eratzen dute; kaleen artean, korintoar zutabeak daude, binaka, eta, atikoan, frontoi kurbatu bat. Zenbait eskultore aritu ziren erretaulako eskulturan lanean, eta, tartean, Antonio Alloitiz ibili zen. Eskultura batzuetan Gregorio Fernándezen eskolaren eragina nabari da argi eta garbi.

Basamentuaren erdialdean, sagrarioa dago, baina haren ateak ez erliebeek ez dute iraun. Lehen gorputzean, erdiko kalean, San Joan Ebanjelariaren irudia dago, hari sagaratu baitzioten eliza, eta, haren gainean, bigarren gorputzean, Maria Sortzez Garbiaren eskultura. Atikoan, kalbarioa ageri da, boluta handien artean. Alboko kaleetan, lehen gorputzean, San Joanen zigorraldiaren eta martirioaren erliebeak daude, eta, bigarrenean, Deikundea eta Ikustaldia.

Gurutzaduraren besoetan, Andre Maria Arrosariokoaren eta San Prudentzioren XVIII. mendeko erretaula barrokoak daude. Egitura nagusiak Martin Luzuriagak egin zituen, eta basamentuak, gorputz batek eta atikoak eratzen dituzte; gorputzek salomondar zutabeak dituzte alboetan -Andre Maria Arrosariokoaren erretaulan, Andre Mariaren beraren eskultura bat dago erdian, eta, San Prudentziorenean, santuaren margolan bat-, eta atikoak pinturaz eta landare-motibo ugariz apainduta daude eta lore handi bana dute gainean.

Bestalde, habeartearen albo bietan, San Anton abadearen eta San Isidroren erretaulak daude, XVIII. mendearen bigarren erdialdekoak. Arrokaiaz apaindutako marko laukizuzenak dira, eta frontoi zatitu bana dute gainean, eta murko bat haren erdian. Hurrenez hurren, San Anton abadearen eta San Isidroren beren margolanak dituzte barnean. Elizaren barnealdean, eskuineko aldean, pulpitua dago. Burdinazko baranda eta egurrezko ahots-islagailua ditu pulpituak, eta eskultura bat du gainean.

Gainera, badira zenbait kalitatetako olio-pintura batzuk, XVII. eta XVIII. mendeetakoak gehienak:

  • Bi hirutasunak.
  • San Jeronimo.
  • San Jose eta haurra.
  • Santa Koleta.
  • Santa Maria Magdalena bere bitxiei uko egiten.
  • San Agustin.
  • San Anbrosio.
  • San Gregorio.
  • Andre Mariaren heziketa.
  • San Ignazio Loiolakoaren alegoria.

Erreferentziak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Wikiatlasa