Sani Abacha
Sani Abacha (Kano, 1943ko irailaren 20a - Abuja, 1998ko ekainaren 8a) nigeriar politikaria eta diktadore militarra izan zen. 1993ko azaroaren 17tik hil zen arte Nigeriako estatuburua izan zen.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1963an Zariako Akademia militarrean graduatu zen eta 1967an Armadako Kapitain izendatu zuten. Lau urte geroago Britainia Handian jarraitu zuen bere trebakuntza militarra, eta, 1980an jeneral-mailara igo ondoren, 1982an Estatu Batuetan osatu zituen militar ikasketak. 1965ean, Miss Nigeria izandako Maryam Jidahekin ezkondu zen Sani Abacha, eta bederatzi seme-alaba izan zituzten. Abacharen eginkizuna erabakigarria izan zen 1985ean, Ibrahim Babangida jenerala boterera eraman zuen estatu kolpean, eta Babangidaren laguntzailerik garrantzitsuenetako bat izan zen hura lehendakari izan zen urteetan. 1993an, ordea, Babangidak hauteskunde demokratikoen ondoren dimititu zuenean, Abachak, bere burua estatuburu izendatzeaz gainera, gobernua eta legebiltzarra deuseztatu, manifestazioak eta alderdi politikoak debekatu eta armadako ofizial asko ipini zituen funtzionario zibilen lekuan. Hurrengo urteetan, nigeriarren haserrea areagotu egin zen, industria-ekoizpen eskasa eta erregimenaren autokrazia zirela medio, kanpo-zorra gehituz zihoalako. 1998an Abujan hil zen Abacha, bera hautagai bakarra izango zuten lehendakaritzako hauteskundeak baino bi hilabete lehenago.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.